Herriko bertsolari gaztea –

Hasi dira eguzki-orduak murrizten gutxinaka-gutxinaka, baina udako egunak luzeak dira oraindik, eta gauak inoiz baino emankorragoak. Igaro dira San Joanak, San Ferminak eta Madalenak; laster Santioak, eta noski, Saninaziyuek ere bai. Horrenbeste santuren artean, etxeko postontzira heldu ohi den festetako programa begiratuko duenik egongo da agian, edo, nire antzera, udaletxeko webgunetik deskargatuko dute askok.
Bertan, goizean goizeko meza eta lore-eskaintzaren azpian, txosnetako herri bazkariaren aurretik eta Bulego edo ETSren ezkerretara, bertso-saio bat agertzen da gehienetan (eta eskerrak hala den). Hori da, hain zuzen ere, herriko festetako bertso-saioa, edo saioak, pluralean.
Suposatzen dut pertsona ugari ohartuko zirela jada, baina herriko festetako bertso-saioetan fenomeno zehatz bat errepikatu ohi da urtero: herriko bertsolari gaztearen fenomenoa. Zertaz ari naizen ez dakien despistatuarentzat hona hemen azalpen xumea: herriko bertsolari gazte deritzo beste hiru edo lau bertsolari “kontsolidaturekin” batera hiri, herri edo auzoko jaien egun handian oholtzara igotzen den gazteari, sarri eguzkitako betaurrekoak soinean eta ahots-kordak arrastaka.
Herriko bertsolari gazteak hama asko edo hogeita gutxi urte izaten ditu normalean, eta bertso-saioaren berri duela lau hilabete eman zioten arren, ez dakit zeinen txosnan teknorik kutreena dantzatzen harrapatu du egunsentiak. Ezkerreko eskumuturrean daraman erlojuari begiratu eta ups, lau ordu barru kantuan egon behar pertsona serioekin eta pertsona serioen aurrean. Hala, eskuineko eskuan daraman zerbeza lata arbola baten inguruan hustu, bere hazkunderako ona izango delakoan, eta herriko bertsolari gaztea etxera abiatu da ese disimulatuak eginez.
Siesta txiki bat, dutxa azkar bat, kafe kargatu bat eta lau ordu geroago han da, plazako oholtzara igota. “Beraz posible bada desio bakarra dut saio hontan: juergan gozatu nuen moduan gozatzea gaur bertsotan” bota du agurrean, eta bere RayBan-etatik amona ikusi du bosgarren ilaran, abanikoa magalean utzi eta irribarrez txaloka. Badirudi gaurkoan ere saioko pailazoa izatea egokituko zaiola, gaiak ere ez dira urruti ibiliko.
Alboko kaleko txarangaren txunda txundak burua zanpatzen dio, eta ahotsa ere geroz eta okerrago, Darth Vader ematen du. Baina iritsi dira amaierako agurrak, eta amaitu da sufrimendua. “Horrelako aukerak ez ditugu izaten maiz, hurrengoan parranda egin gabe etorriko naiz” abestu du, eta plazak barre. Apur bat traumatikoa izan da, baina herriko bertsolari gazteak saio gutxi ditu lehen ere eta ezin ezetzik esan.
Zazpi urte barru agian herriko bertsolari gaztea herriko bertsolari serio bihurtuko da. Horretarako baldintza egokiak behar dira ordea, eta saioak, saio gehiago, eta ez herriko festetan bakarrik. Bitartean, pazientzia, eta animo aurtengo udan zuen herriko festetan abestuko duzuen guztioi.