Enare Muniategi
Enare Muniategi

2020-03-02

Hilak 29

Hilak 29 –

Hilak 29Urte bisurteak ez dira urte bat gehiago, urte bereziak, arraroak, apartekoak dira, edo nola definituko zenuke zuk? Pertsonok urteak bagina, bertsolariak bisurteak ginateke, jendartean bereziak, arraroak, apartekoak edo bakarrak. Nork ez du noiz ala noiz sentitzen ingurukoen artean bakarra denik? Hau edo beste egiten duen bakarra, hau edo beste hau pentsatzen duen bakarra, etab. Ez dut uste bertsolariok* (bertsolaria hitza artista, pentsalari, edo beste diziplina askorengatik alda daiteke) superbotererik dugunik, eta beraz, bakardade edo desberdintasun puntu hori denok sentitu izan dugu. Koadrilako bertsolaria, ikastolako bertsolaria, herriko bertsolaria,… ez esan ez denik zama handia urteen arteko bisurtea izatea.

Denborari erreparatuz gero, esan daiteke lau urteko zikloak oso ezagunak ditugula bertsolariok, lau urtez plazaz plaza, lau urte lanean, gaiak lantzen, errimak jorratzen, bertso eskolan batzen, eta konturatu orduko pasa dira lau urte berriro ere. Lau urteko zikloan, egunerokotasunean, egunak ohiko egunak dira egunero, baina,  izaten da egunen bat urtean bat-batean heldu eta berezia dena, eta norberak norbere lekua topatzen duela ematen du, edo norberak bere burua onartzen du berezitasun horretan.

Sentitu gaitezke bakarrik gaudela, ohiko urte, hilabete, eta egunetan mundu guztia gutaz ahaztu dela, eta geure buruari galdetu: “baina, ez al nintzen ni ba berezia, bakarra, apartekoa, arraroa?”. Eta gero bisurtea heltzen da, Otsailak 29 egun ditu, eta gutaz ahaztu direnak berriro ere gutaz gogoratzen dira, mailukada bat legez akordura etortzen zaie urte berezia dela aurtengoa, eta bertsolariok ere bereziak garela. Hori bai, arazoa ez da ohiko urteak bisurteren akordurik ez izatea, arazoa da bisurteak berak ahaztea urte berezia dela.

Hilak 29