Hori baino gehiago ez dugu merezi –
Doinua: Lagundurikan danoi
Hodeiak zeruan ta
sua infernuan
beleak baratzean
baleak Ternuan
inor ba ote dabil
lurren mantenuan
nahiz ta barazkiak nahi
ditugun menuan
Nork jartzen du alerik
Landa eremuan
Haziak deuseztatu
industria erein
mila proiektu zoro
“make this town great again”
berdin zait nork egina
berdin zait non ta zein
hemen Aroztegia,
edo han Guggenheim
tren bat egiten ere
hasi omen ziren behin…
Herritarrok zainduko
ez badugu lurra
pikutara joango
da guztion Lurra
kontratu bidez egin
ohi da iruzurra
egiten dute diruz
ekinbide zuhurra
Baina gutxienean
ez esan gezurra
Mundu bakar batean
horrenbeste mundu
batzuek argitu nahi
besteek ilundu
baina gure ekintzak
bukaera nun du
milaka urtez berekin
eduki gaitu gu
ta guk mende batean
suntsituko dugu
Eraiki fabrikak ta
altxa pabilioiak
lurrez hektareak ta
dirutan milioiak
produktu kimikoez
goraino bidoiak
eskutan azidoak,
lejiak, tefloiak…
Baina nazka ematen
digu gero lohiak
Behar genituenak
eskaini zizkigun
ta guri nola hoiek
aski ez zaizkigun
lur dena hartu dugu
gogor eta bigun
itxaron nahi dut bueltan
ze ote datorkigun
Ta_ea zaplazteko bat
noiz ematen digun
Hesiak ate egin
ta ateak hesi
guk egin itxitutik
ezin joan ihesi
egin dira hamaika
ikerketa tesi:
dena galduko dela
bihar edo etzi
Hori baino gehiago
ez dugu merezi…


