Hum, bomb

Manex Agirre

Manex Agirre

2022-02-15

Hum, bomb –

Itxura batean zurrunak diruditen teknikak erabiltzen dituzte ahozko arte-adierazpideek, baina harrigarria da lortu dezaketen efektu askotarikoa. Edo ez da harrigarria, justu helburu horrekin erabiltzen baitira. Tradizioaren mozorroarekin iritsi zaizkigun oinarri-oinarrizko teknika komunikatiboak (errepikapenak, ahotsaren modulazioa, doinua, intonazioa, edo errima bera) komunikazio-kanalaren beraren ezaugarri propio dira bertsolaritzan… eta baita bestelako ahozko adierazpideetan ere.

 

Hum, bomb

Arg: Barren

 

Hor dago  spoken word-a, esaterako: jendaurreko peformance poetikoa, zuzeneko literatura, irakurketa dramatizatua (kontuz “dramatizatuarekin”: errezitatzaileak ez dira aktoreak, ez dute antzezten, bere ahotsez ari dira. Ezaguna egiten zaigu, ezta?). Zer den azaltzeko, itzulpen literalaz baliatzea ere ez dago gaizki: “esandako hitza”. Kontua da, bi elementuei ematen  zaiela ia-ia maila bereko garrantzia: esateari, eta hitzari. Ez direla ahoz gora irakurritako testuak: esandakoak dira (horrek dakarren guztiarekin).

Allen Ginsberg-ek Hum, Bomb lana jendaurrean irakurtzen duenean, zer egiten du? Irakurri? Esan? Zertan ari da? Argi dagoena da, testua bera horretarako egina dagoela. Hau da, “horrela esateko” sortu zela. Gil Scott-Heron-ek The revolution will not be televised irakurtzen duenean, zer egiten du? Zeren aurrean gaude? Harkaitz Canok “ex dit unten” esan zuenean Elgoibarren 2018an, zertan ari zen?

Aurreko horiek guztiak esistitzen dira. Horrelako gauzak egiten dira. Eta, aitor dut beste modu batean begiratzen diedala, hori jakinda, jendaurreko testu-irakurketei. Edo, bestela esanda, “irakurriak” (norbanakoak, ixilik, testua eskutan) izateko sortutako testuak jendaurrean errezitatzeko ekitaldiei. “Zerbait falta zaie”, pentsatzen dut. “Kanal-akats bat dago”, pentsatzen dut. “Ahozkoan beharrezkoak diren estrategia-multzo hori dena falta zaio”, pentsatzen dut. Eta pentsatzera iritsi naiz: “zergatik ez testua bera aldatu, zuzenean emateko? Irakurria izateko, testuaren bertsio bat; Jendaurrekorako, testuaren beste bertsio bat”. Erradikalegia?

Kontrako norabidean egiten denari begirakoa da nire amaierako “hum, bomb”-a. Bertso jarriak. Garai bateko urrezko arotik hona gainbehera izan badute ere, badute  beren presentzia. Lehiaketak, enkarguak, argitalpenak.  Berez zuzenean performatzeko diseinatutako formatu batek (hitz neurtu eta doinuduna, sorta-moldekoa bada ere), funtzionatzen al du irakurria izateko? Balio al du kode berberak bi jasotze-moduetarako? Ez ote ditugu, askotan, kantatuak izan behar luketen bertsoak irakurrarazten?

Hum, bomb