Urriaren 25a da, larunbata. Aste osoan beldur ginen euriak Leitzako harrizko plaza zaharra bustiko ote zuen eta frontoira mugitu beharra izango ote genuen, baina ez. Bero sobranterik ez, hotzik ez. 11:45 dira eta plaza jendez betetzen ari da. Plazaren zolan egurrak, harriak, bozgorailuak eta mikroak. Tentsioa eta ilusioa arnasten ziren giroan.
Inaxioren agurra –

Horixe izan zen Inaxio Perurena harri-jasotzaile handiaren azken plazako egunaren hasera. Ekitaldi ederra osatu zuten bere etxekoek Leitzako Udalaren eta lagunen laguntzarekin. Harri-jasotzaileak, aizkolariak, Inaxioren alabaren aurreskua, lagunek emandako oroigarriak eta bertsoak. Aurreikus zitekeena antolatu zen, baina aurreikusi ez genuen emozioa izan zuen goiz hark.
Bertsozale porrokatua eta bertsolari borrokatua da Inaxio. Hainbatetan kontatzen du nola joaten zen bere erakustaldietara bertsoak entzunez, berak grabatutako edo lagun-bertsolariek emandako bertso-otorduetako grabazioak entzunez. Larunbatean, kantatu behar geniola ikusi zuenean, aurpegia guztiz aldatu zitzaion. Bertsoa ikaragarri maite du. Berak ere badaki bertsotan eta mahai bueltako giro informaletan aritzen da.
Bere azken agurra ere bertsoz borobildu zuen. Guk bota izana baino askoz ederragoa izan zen bera bertsotan entzutea. Zortzi puntuko bertsoa. Gu baino gehiago izan zen horretan ere! Kontatu zigun mikroa eskutan hartzean nabari zuen “dardaizea”, ahotsa ateratzen ere lanak izan omen zituen. Ederra izan zen.
Bazkalosteko saiotxoa egiten hasi orduko ere mugikorra atera zuen. Badu Leitzatik Donostiaraino (gutxienez) entzuteko beste grabazio bat. Ikaragarria iruditzen zait jende zenbaitek bertsoarekin gozatzeko duen modua. Bertsoak entzun orduko burua erdi makurtuta jarri eta bertsoak belarritik gorputz osorako bidea egin eta horrek hotzikara sortuko balio bezala. Harrigarria da pasio hori.
Zorionak, Inaxio: Urtetan egindako lanagatik, plazara harriaren mundua eramateagatik, herriari eman diozuna emateagatik. Hemendik aurrera, erakustaldirik ez duzu izango baina hara eta hona zabiltzan horietan segi bertsoaz gozatzen!
“Esker hitzak milaka ttot
hauxe nere balantzea
hola plazer handia da
bi begiak bustitzea”
Erran.eus: Plaza bete jende Inaxio Perurenaren agurrean






