Iñaki Gurrutxaga Zubimendi

2026-01-26

Indalezio, Kobane eta Nobel saridunak

Indalezio Kobane eta Nobel saridunak –

Hau idazten ari naizenean ehun eta berrogeita hamar urte beteko dira Arratzain menditik Donostiako Parte Zaharrera karlistek granada hura bota zutenetik. Artean ez zen Urgullen hura saihestuko zuen ez Jesusik, ez bihotzik. Jakinekoa da granada hark zeinen leihoa lehertu zuen: Bilintxen etxekoa. Hankak galdu zituen leherketaren ondorioz: zuzena eta herrena, biak. Orain hogeita hamar metro eskaseko kalexka batek gogoratzen digu han Indalezio Bizkarrondo izeneko olerkari maite bat (sic) izan zela: horretaraino mugatzen dugu memoria.

Indalezio Kobane eta Nobel saridunak
Ilustrazioa: Patxi Gallego

Bestalde, hau idazten ari naizenean egunak, urteak dira Kobane bonbardatzen ari direla. Sirian orain dela urte mordoa errefuxiatu ziren kurduen ondorengoek utopia bati forma politikoa emateko saiakera egin zuten bertan, Rojavan. Isisek, Irakek, Turkiak txikitu nahi izan duten lur-eremu odolduan utopia armaz itzaltzera doala ematen du orain, akabo konfederalismo demokratikoaren ametsa. Al Asad kendu zuten paretik, Siriako agintean mendebaldearen beste txontxongilo bat jartzeko. PKK bere jarduna amaitutzat eman zuen. Islamista erradikalek moztu dituzte buruak, Turkiako armadak erasotu du airetik, soldadu siriarrak lurrak okupatzen ari dira berriz. Zerocalcare komikilariak ere egin zuen Kobane Calling-a, baina oraingoan ez dago inor lineaz bestaldean. Bilintxen hankak bezala, desertuan hazitako loreak galtzera doazela dirudi, zuzenagoak edo okerragoak.

Hau idazten ari naizenean administrazioko bulegotik harago begira altza ez duen giza-talderen bat Gazarako bake-prozesua martxan jartzen ariko da. Oraintxe bakearen nobela herentzian jaso duen ilegorria da prozesuaren bultzatzaile eta berme: horixe da neurria. Ez neurri luzea, ez motza, ez handikoa, ez txikikoa: norberaren neurriko neurria, litekeenik eta erosoena. Batzuen kasuan, ezinezkoa duk hankamotza, Indalezio.

Aditzen ari gara Groenlandiak, Venezuelak, petrodolarren gainbeherera, ahazten ditugu Kurdistanak, Kongoak, Ukrainiak, Palestinak… segidilla honetan puntu berriak aurretik esandakoak agudo asko lausotzen dizkigu. Asko jota, Igor Elortzaren seiko motz hura bihurrituz, bihar ordu bat pankartarekin eta berriz gora. Munduaren martxa omen: lehengo berberek jarraitzen dute granadekin hankak eta hanka ez direnak galtzen, betikoek burua galduta jarraitzen dutelako.

Gu bitartean, hemen, gure bertso ttikietan. Gaurtik aurrera, hilero.

Indalezio Kobane eta Nobel saridunak