Uda ez da garai indartsua izaten bertso-eskolentzako. Nik neuk, pena handiz agurtu ditut Donostian edukitzen ditudan ikasleak. Har ezazue atseden behar beste, gero indartsu itzultzeko. Hori omen da oporraldien zentzua. Espero dut irailean hiru gazteak gogoz etorriko zaizkidala, ikasten, hobetzen eta ondo pasatzen jarraitzeko irrikaz. Hala joaten nintzen ni ikasturte hasierako klaseetara.
Itzuli eta piztu –

Kuriosoa da, ez dakit zehazki zein momentutan, zelan aldatu den kontua. Udazkenean Bizkaiko bertsolari txapelketa daukagu eta bai, parkatuko dudazue berriro ere berdina mahaigaineratzea. Performatzen dugu ondo daramagula eta berez ez digula hainbeste axola, baina tira. Beraz, udazkena abiada hartuta hasi beharko dugunez, oporrak partzialki hartuko ditugu. Buruaren zati bat piztuta utzi behar dugu, ez dadin sistema berrabiaratzen hasi gutxien komeni zaigunean.
Ederra da, alde batetik, eskertu beharra dudalako badaukadala nola eta norekin batu. Garrantzitsua da gogoratzea bertsotan egiteak behar duela azpiegitura bat, behar ditu baliabide material eta humanoak. Gure bertute naturalek ezer gutxi inporta dute hemen, ez badaukagu lagunik udan partekatutako egutegi bat antolatzeko prest. Ez gara hain bereziak, talderik gabe ez gara inor eta ofizio bat kostata osatuko du norberak ispiluaren aurrean. Zerbait gustuko badut gure diziplinaz hori da. Parke baten ikusten baldin banauzue, ortozik belarretan eta lagunekin koplaka, utz nazazue hor, nire toki gustukoenean nago eta.
Bestalde, birikek geldi nadin eskatzen didate noizbehinka. Ikasturtea amaitu da eta nire nerbio sistemak ez du nabaritu oraindik. Maite dugu hau, bai, baina ez diezaiogun gorputzari entzungor egin. Har ditzagun kafe luzeak elkarrekin eta egingo dugu gero hamarreko txikian. Bertsoak azpiegitura bat behar badu, zain dezagun ondo aukera ematen diguna. Elkar daukagu, bestela ezer.
Agian ekainak nostalgika jartzen nau, agian uda ez da soilik bertso eskolentzako garai arraroa. Ez dakit, ilusioz itzul gaitezen nahiko nuke. Batzuetan faltan botatzen dut, nire ikasleek bezala, ikasturteko lehen bertso eskolara begiak dirdirka heltzea. Amatatzea berriro ere pizteko.