Oier Etxeberria
Oier Etxeberria

2025-07-31

Kakahueteak zuritzen

Kakahueteak zuritzen –

Kakahueteak zuritzen
Arg: Mugurel Moscaliuc

Nerabe ginela, eskolartekorako adin bueltan, bertso eskolako kide bat ofizioa osatu ezinda ari zen. 8ko txikia egoki hasten zuen, baina ez zuen asmatzen tartean kera bat egin gabe ahapaldia burutzen. Isilik gelditzen zenetan, irakasleak galdetzen zion ea zein zen pentsatuta zeukan bukaera. Bukaera pentsatu behar zuela aurrena, eta gero atzekoz aurrera eraiki gainontzekoa. Hori zela bertsotan egiteko sistema. Plazan kantuan zebilen bertsolaririk zaharrenetik hasi (orduan Joxe Agirre Oranda izango zen), eta eskolarteko hasiberrieneraino denak egiten zutela bertsotan bukaera pentsatuta. Gure ikaskideak erantzun zion baietz, sinesten ziola. Baina berari errazago iruditzen zitzaiola bertsoa kantatuz zihoan eran pentsatzea, amaieratik hasten jardun beharrean.

Funtsean giza pentsamendua, bere inguruneari logika aurkitzera bideratuta dago. Baita arriskutsuki ausazko gertakizunei formula matematikoak esleitzera ere. Emaitzak arrakastatsuak direnean, jarraibideen sekuentzia deskribatu nahi izaten dugu. Metodo bat garatu, prozesua errepikatu ahal izateko. Pentsa baitaiteke, osagaiak errezetaren proportzio berean nahastu ezkero, beti irtengo zaigula pastel gozoa. Astoa kartolekin bezala, ezegonkortasunaren aurrean estrategia bat izateak beti sosegatzen gaitu.

Bakarra nintzela uste izan arren, bertsolari batek azaldu zidan, saioen atariko une batez berak ere zalantzan jarri izan duela benetan bertsotan badakienik. Gaia entzun eta ezer bururatzeke, mutu geldituko ez zaren segurantziarik gabe. Gero, behin oholtza gainean hobeto ala okerrago egoerak beti esanarazten dizu ez zenekien zerbait. Baina hastapenetan gainditu behar izaten da, iruzurtiaren sindrome itxurako zerbait. Ez ote zaigun gertatuko, ari zela, ari zela, zapatak egiten ahaztu zitzaion zapatariarena.

Bertsotarako metodoa existitzen da. Jakinak dira bertso kontsideratu daitekeena osatzeko jarraibideak. Ordea, bertso bat ona zerk bihurtzen duen deskribatu behar bagenu, ekuazioa asmatzea zailago litzateke. Bakoitzari burura datozkigun bertso onek, amankomunean dituzten ezaugarriak askoz anitzagoak dira, eta agidanez, errezeta liburuarekin erreproduzitzen nekezagoak ere bai.

Nire lagun margolari batek dio, bere lagun margolari batek antzemanda daukala jendeari gustatzeko moduko kuadroak nola pintatu. Askotan errepikatzen omen ditu loreak ageri diren antzeko akuarelak. Gainera, prezio baxua ezartzen omen die, eta horrela erakusketa edo azoketan arrakasta handia lortzen du, beste inork baino ale gehiago salduz. Nire lagun margolaria kexu da, erosleei begira ondutako artelanok batere arimarik ez omen daukatelako. Nire lagun margolariak ez du kuadro bat bera ere saltzen azoka eta erakusketetan.

Inertzia oso termino metaforiko polita iruditzen zait: geldirik dagoenak geldi egoteko, eta martxan doanak martxan jarraitzeko duen joera da.

Hutsetik zerbait sortzea horregatik da bereziki merituzkoa. Baina baita modu batean egiten diren gauzak aldatzea ere. Erretzailea denak esaterako, badaki etxekalte ari dela, ordea izango du motiboren bat bere ohiturari eutsi arazten diona. Edo hurkoaren hizkuntza autuak ere erraz kritikatzen ditugu, baina norberari aldatzea tokatzen zaionean jabetzen gara zeinen nekeza eta antinaturala dirudien.

Gauza asko egiten ditugu gaizki inoiz zalantzan jarri ez ditugulako: aluminiozko latetan ez dugu lastotxoa eraztunetik sartzen, esnearen tetrabrika buelta emanda zabaltzeagatik, aurreneko palastada kanpora botatzen dugu, “konpromezu” eta “darrai” errimatzen jarraitzen dugu, kafearen azukre poltsa aldrebes irekitzen dugu, oinetakoen lokarriak ez ditugu behar den zulotik pasata korapilatzen. Edo gertatu liteke jakinaren gainean, axolagabekeriaz, ohitura desegokiei eustea. Onera errazago, baina txarrera ere ohitu egiten baita.

Toki batzuetan, iazko saioan norbaitek kantatu izana, berriro ere pertsona bera ekartzeko arrazoia da. Beste batzuetan, aurten norbait desberdinari deitzeko argudio izan daiteke.

Eta zu, seguru zaude badakizula kakahueteak zuritzen?

Kakahueteak zuritzen  Kakahueteak zuritzen