Kamioi gidariari –

Doinua: Jainko maitea nago II
Beteko al du zeregin
guztien zerrenda
goizeko 6.30tan
etxetik irtenda?
Pasaiako Portura
iritxi ta benga
kamioi gidaria
lanean hasten da
Indiatik datozen
barkuak ditu zain
7000 Tonatan
txatarra beregain
makina, grua, llanta,
oihu eta irain
portu ixil bat bulla
iturri da orain
Kargadorearentzat
propina lehenbizi
remolkea berdindu
dezan bizi bizi
tribu honetan denak
dira odolbizi
jakin beharra dago
bertan nola bizi
Portuko presak dena
du abiadura
segurtasuna ez da
inoren ardura
baina jausten bazaizu
iltze bat burura
azken arnasaldia
izango da hura
Algeposa, Camera…
urrun geratzean
Guardia Zibilak muga
zergak behatzean
Arcelor Mittaleko
bidera batzean
arriskuak ez dira
gelditzen atzean
Burdin pusketaren bat
gurpilean bada
berotu eta lehertu
daiteke kamara
ta despistez frenatuz
karga kabinara
gaur gidaria dena
gidari ohia da
Bobina, habe, olo,
burdina, garia
zein izango ote du
bihar eskaria?
etxera bideratu
nahi badu saria
egun erdi lanean
dabil gidaria
Marea goian sartzen
diren baporeak
beti ez dira kruzero
handi dotoreak
ai Pasaia ze egi
dauzkazun gordeak
inoiz ikusi ditut
lantoki hobeak

