Karta jolasak I. Errima kartak

Esti Arozena

Esti Arozena

2021-03-15

Errima kartak –

4 kartulinatxo halamoduz moztu (ez hagitz zehatz egia erranta), eta bakoitzean errima bat jarrarazi ikasle bakoitzari. Ondotik, bikote mikote (memory), edo Astoa (4na karta banatu eta eskubikoari banaka paseaz, errimatzen zuten 4 kartulinak biltzera), jolastu eta lorpenekin bapatean kantatu: 2 oinak edo 4 oinak. Memoriaz ari naiz ni ere baina mende hasiera izanen zen bertso eskolako taldetxoetan hau egiten hasi nintzenean.

Errima kartak

 

Laister hamarkadara iritsiko da bertsio hobexeago bat egiten hasi ginenetik. Batez ere produkziorako zailtasunak lituzketen taldeekin, dela adinagatik, euskara mailagatik edo motibazioagatik, egiteko moduko ariketa. Benetako kartak hartu (ikasleek ekarriak, herriko elkartean zeuden karta guziak 40naka jarri eta sobranteak hartuta (Bai euskarari urdinak eta beltzak), Nesquikek oparitutako karta batzuekin, gaur egungo futbol kromoak…); atzekaldea bere horretan utzi eta aurrekaldean, kolaz edo zeloz papertxo batean idatzitako 4 oinetako bat itsatsi. Hauetako aunitz eginak gara eta honela, talde batean egindako errima karta xortak bertze taldeetan ere erabilgarriak ziren hagitz.

Hilabete da bertsozale elkarteko irakasle batzuk egin ditugun karta jolasak eskuartean ditugula. Pentsa ze sentitu, lehen aipaturiko karten egileak izan ziren eta oraindik bertso eskolako kide direnek, eta batez ere nik, inprentatik ateratako errima kartak  jaso eta erabiltzerakoan! Diseinu erakargarria, edizio txukuna, letra ulergarria, marrazki esanguratsuak, errima gustagarriak…Maitale berriarekin izaten diren sentsazioen parekoak izan ditugu!

Lehen aipatutako 2 jolasez gain, bertze 3 proposatzen diren karten kutxan. Eta horietaz gain Ipurtzikin deitzen diogun jolas bat proposatu zuen 8 urteko haur batek. Probatu eta bai! Horretarako ere balio dute. Kasu honetan, urrezko bataren ordez “Lujanbio” kartari errimak kendu eta hau da bikoterik gabe geldituko den karta. Bertze bikote guziekin kopla bota behar da kartak pilara botatzeko.

Ez gara itsutuko karta hauekin, maitale berriari ere akatsak laster sumatzen baitzaizkio. Goza dezagun hasieraz eta oroitu dezagun gure kartak egiteko prozesuan eta jolasetan zenbat irri egin ditugun. Noizbait berriz, talden batean, errima kartak egiten hasten bagara, eredu on bat behintzat eskuartean izango dugu eta!

Errima kartak