Ganbarak –
Powered by RedCircle
Hasi aintzinetik barkamenak eskatu nahiko nizkizueke 2022ko txapelketa Nagusirako antolaketan Kartzelak Ganbara izenarekin ordezkatu edo ez, eztabaidan aritu zineten elkarteko kide guztiei. Gaur Ganbarei buruz ariko naiz baina seguru aski behin baino gehiagotan Kartzela hitza aterako zait, oraindik 2022ko finalari buruz solasterakoan Beceko finala ateratzen zaidan modu berean. Hala ere, bi kontzeptuek badute elkarrekin loturarik. Ganbarak aunitz du kartzelatik eta Kartzelan ganbarari buelta aunitz ematen zitzaizkion.

Goazen harira.Gela eder bat, mahai bat. Erdian,txokolatezko gailetak, freskagarriak, ura, garagardoa, pastak, fruitu lehorrak… inguruan denak eseri ahal izateko aulkiak… Bertsozale Elkarteko antolatzaileek mimoz prestaturiko txokoak izan ohi dira Kartz…zera Ganbarak.
Ni Ganbara baino Kartzela gehiago probatutakoa naiz. Ganbararena, azken txapelketa nagusiko kontua izaki, Nafarroako bi txapelketa baino ez ditut Ganbarako ariketa egiten; egiten baino eginak erran beharko nuke, aurtengo txapelketakoak eginak bait ditut jada. Zenbait gazte sariketetan ere Ganbarako ariketa izaten dute, baina ez dakit zergatik, gazte sariketetatik jada ez didate deitzen.
Lehen deskribatu dudan Ganbara joan den urriaren 18an Iruritan jokaturiko Nafarroako txapelketako kanporaketakoa zen. Saioa amaitu eta biharamunean, bezperako saioaren errepaso mentala egin bidenabar, oroimenak oraindik haratago eraman ninduen eta hala,urte (edo hamarkada hauetan) zehar, zenbat eta ze motatako Kartz…zera Ganbarak ezagutzeko aukera izan dudan gogoratzen hasi nintzen.
Begira, gauza bat eginen dugu. Hemendik aintzinera,ez Kartzela, ez Ganbara… Babesleku deituko diot eta denak kontent!
Gaur egun, txapelketako saioetan, azken ariketari begira, bertsolariak isolatu egiten gaituzte, gizartearekin inolako kontakturik izanen ez dugun gelaren batera eramanda. Hau ez da beti horrela izan. Gogoan dut, nere bigarren txapelketa, Tafallan. Imajinatu panorama: ortziral iluntzea, Tafallako Azoka ostatua, eta hantxe, txapelketan ari ginen 5 bertsolari eta babeslekuko zaindaria, ostatu batean, goikoak noiz kantatuko esperoan.Musika topera, jendea edanean, solasean… lekutan, zeuden orduan, isiltasunak bere egiten dituen gelak eta indarrak hartzeko jan-edanez beteriko mahai-inguruak.
Babeslekua, gehienetan aretotik urruti egoten da eta bertsolariek, lanean ari direnen bertsoak aditzerik izanen ez duten lekuan. Beti ez da posible izaten eta halakoetan musika jarri behar izaten da gelan bertan. Aizarotzeko herriko etxeko gelan adibidez, Gu ta Gutarrak taldearen diska jarri ziguten (…ostiak eman eta jaso bakarrik daude bi bide…). Zozketak hala erabakita, kantuan bostgarrena izaki, ia diska osoa aditzea tokatu zitzaidan. Lur Aretoan, gogoan dut final batean La Oreja de Van Goghen diska jarri zigutela (…te voy a escribir la cancion mas bonita del mundo…). Hurrengo urterako Berri Txarrak taldearen Libre aditzeko aukera eman ziguten (…batzuk mila kilometrora, bihotzetik gertu alegia, beste batzuk bertan bizita horren urrun…). Artean Kartzela izena zuen fasean, Libre diska. Hortxe, antolatzaileen animoak emateko modu berezia.
Izan da musikarik jarri behar izan gabe, musika bertsolariren batek jo izan duenekorik ere. Oraindik berritu gabea zegoen Berriozarko Musika Eskolako gela batean musika tresna faltarik ez, eta hortan abila zen bertsolari bat Laboaren eguzkiak urtzen du goian doinua jotzen hasi zen pianoarekin. Nafarroako txapelketako saio batek eskatzen duen seriotasunaz ohartarazi eta geldiarazi genuen. Baina berandu; ondotik, ondoan zen hamazazpi urteko bertsolari debutariaren txanda iritsi, oholtzara joan eta berak hala nahi izan gabe eguzkiak urtzen du goian doinuan abiarazi zuen bere bertsoaldia. Bi bertsoak, piano doinuek kutsaturiko doinuan kantatu behar izan zituen.
Izango da orainik, bere buruari galdera egiten ari zaionik: Nafarroako bertsolari txapelketan La Oreja de Van Gogh? Ba, 2003an, Lesakan, Zanbra aretoko lehen solailuko kamerinoetan, bezperan bertan jotzen izan zen musika taldearen izena ageri zen atean; Camela. Gu,zorionez, bigarren solairuan babestu gintuzten.
Babeslekuak normalean saioa egiten den herriko udaletxearen jabetza duten guneak izaten dira, baina izan da okupa gisa ere egin izan dugun gatibualdirik. Lesakan, frontoi ondoko etxea hartu genuen bertako nagusia pasta eta guzi agertu zitzaigularik anfitrioi lanak egiten. Iruñan ere, Labriteko finalean, Labrit Multimediako egoitza eskaini ziguten babesleku gisa. Gaizka Arangurenek, labetik atera berria zen Ni, Bidasoa dokumentalaren aurkezpentxoa egin zigun final aintzinetik, argazkiak ateratzera joan ginen egunean. Beraz, hor ere ongi etorri beroa.
Ikusten duzuenez, kolore eta mota askotariko babeslekuak ezagutu ditu Nafarroako Bertsolari Txapelketak azken mende laurden honetan. Aipatu ditudanez gain bertze aunitz ere aipa nitzazkeen: Elizondon, Baztandarren Biltzarrako barrakona edo Antxitonea Trinketeko Hoteleko gelak, Goizuetako udaletxeko gela, Leitzako Aurrera elkartea eta institutuko gela, Lakuntzako eskola, Etxarri Aranazko kultur etxeko gelak, Agoizko liburutegia, erakusketa gela eta musika bandaren entsegu gela, Uharteko arte garaikideko zentroko tailerra… lekuekin eta pasarteekin segiz gero, liburu bat idazteko adina emanen luke baina hau hileroko artikulu bat gehiago bertzerik ez denez eta ez liburu bat, ba hementxe utzi beharko dugu gaurkoa!

