Kartzelakoa

Oihana Iguaran

Oihana Iguaran

2023-01-20

Kartzelakoa –

Egin izan ditut kartzelako lanak bertsolari bezala; txapelketan edo sariketa batzuetan parte hartu izan duten bertsolari guztiek bezala; orain, ganbarakoak egingo ditugun bezala. Kartzela gehiagotan ahoskatu dut bertso munduan adiera horretan bere esanahi gordinenean baino. Halaxe da.

Kartzelakoa

 

Iazko abenduan, Zaballako bertso eskolaren gonbidapenari esker, bertsolari lana egin dut lehenengoz kartzelan. Edo ahalegindu, behintzat. Manex Agirrek bere azken artikuluan kontatu bezala, ez baita erraza bertsoari zor zaion arreta eskaintzea testuinguruak irents dezakeen espazioan, eta emozioek gainditzen duten espazioan. Hara joatea eta han egotea zen gure lanaren eta opariaren zati bat, eta horretarako baimena eman genien bertsolarien azpiko pertsonei.

Aspalditik zor genituen besarkadek eta elkarrizketek bete zituzten saio aurreko xehetasunen tokiak (zer zentzu du tonu bat adosten ordu laurden pasatzeak, gero begirada batek diafragma astindu eta sartu ezingo bazara?). Elkar agurtu genuen, elkar agurtzea ospatu, elkar entzun, elkar ikusi, elkar jaso. Hura festa bat zen, eta gu zorioneko gonbidatuak (mila esker beste behin, bertso eskolako kideei).

Bertsotan ere aritu ginen, noski. Baina ez geneukan hara egokitu zitekeen agurrik, ez geneukan plazan ahoskatzen ditugun zenbait hitz horma haietara berdin ekartzerik, testuinguru hark sekulako pisua eta indarra zuen: eurei buruz hainbeste kantatu dugunok, eurekin kantatu ahal izan genuen, eurak bertsotan entzuteko aukera izan genuen aurrez aurre, eta eurek jarritako puntu eta gaiei erantzuten ahalegindu ginen (a ze analisia merezi duten jarri zizkiguten gaiek!).

Bat-bateko bertsoak uneari, guneari eta entzuleari erantzutea zor du, eta uste dut gure irristadak erantzun horren parte izan zitezkeela, zintzoak izanda. Zenbait herritan bertako hitzak asmatzen jarri izan gaituzten moduan, euren jolasean hartu genuen parte, eurek dakizkiten eta guri ezezagunak zaizkigun kontuak irudikatzen saiatu ginen, eta gauza batzuk ikasi genituen.

Bagenekien ez ginela sartu bezala irtengo, baina bagenekien irtengo ginela. Eta bagenekien irtetea kosta egingo zela, arratsalde osoan zehar antzokitxo hartan sortutako testuingurua bueltan harresitzen zuen testuingurutzarrak presentzia berreskuratu zuelako, afalordua heldu zenean. Momentu batez, bazirudielako edozein antzokitan elkartu ginela (sortu zen euforia giroak kontrakoa ageri bazuen ere). Parez pare egon ginen, oholtzakide, lagun, antzoki hura ireki eta kartzelan geundela gogoratu behar izan ziguten arte.

Eta kosta egiten da barru-barruko poz intimo horri eta azken orduko min horri leku bat aurkitzea etxera bidean, eta hurrengo goizean, eta hurrengo saioan. Eta egunak pasa ahala, ikasitakoak, entzundakoak, eurek kontatutakoak gogoan. Eta esker ona. Eta poza sortu duten eta sortzen ari diren eremu horregatik, deitu bertso eskola edo deitu bizitza.

Kartzelakoa