Egoitz Zelaia
Egoitz Zelaia

2026-02-05

Keinukaria

Keinukaria –

Doinua: Esaminatu izanttut ongi / Basetxe eder maitagarria”

 

Pianoaren ahairea dator
dantzan belarri nagira;
bozgorailuan Sofiane Pamart
Medellín jotzen ari da.
Ordularia heltzear dela
seiak eta hamabira
libre nagoen galde egin du
eta igo da taxira.

 

Egunsentiko tonu laranja
ageri da adinonez.
Albistegia jar dezakedan
galdetu dit modu onez.
Ez dela giro aipatu dute
ICE-ri dagokionez…
— Amerikarren smiley face-a
urrun dugu, zorionez! —

 

— Mugak itxita, mugak zabaldu
armen hotsetik zintzilik,
diote paper gabekoentzat
ez dela kode zibilik.
Berriro ere bizirik behar
zutenak han daude hilik,
berriro ere hitz egin behar
dutenak daude isilik. —

 

                       — Amerikarrak berriro ere
              hasi zaizkigu erotzen.
                             — Hala dirudi, gatazka hotsak
              oso urrundik zetozen.
                   — Venezuelan ere jadanik
                  hasiak dira errotzen ( … )
— gas negarrarazlea botaz gas
diruarazlea lortzen. —

 

 

— Eta bertako agintariak
muga zergaren esklabo.

— Hor ere argi laranja dugu
berdea baino gehiago.
— “Trump” abizena aditu eta
ez ote dioten nago
Halloweeneko kalabazari
baino beldur handiago.

 

Utzi nau txiste txarrari irri
okerra jartzeko gisan.
                        — Trafiko eta denborarekin
            ikusiz nola gabiltzan
                         zer deritzozu uzten bazaitut
                 plaza atzeko elizan? (…)
                            Eskudirutan ala txartelaz? (…)
           Mila esker, ongi izan.

 

Keinukaria
Taxiak Bilbon. Arg: Wikimedia
Keinukaria