Koldarrak

Aroa Arrizubieta

Aroa Arrizubieta

2020-08-12

Koldarrak-

Bertsolari koldarrok ere bagara bertsolari -eta koldar-. “Bertsolariak ausartak garela entzun ohi izan dut eskuin ezker” zioen Elixabet Etxandik aurreko zortziko handian; eta arrazoi osoz gainera. Ni baina, bertsolari koldar bat naiz. Ezin babes naiteke Elixek aipatzen zuen gorputz zut, ahots ozen eta diskurtso pertinentez, behin baino gehiagotan saiatu izan banaiz ere. (Agian alturaz txikia eta ahotsez eskasa naizelako, eta diskurtso pertinenteaz desados ohi nagoelako, baina ez dut uste hori bakarrik denik). 

Horren da anitza entzulea, unea, ingurua, eguna, gogoa… bertsoa ere aniztasun horren bat-bakotasunaren gatibu bihurtzen dela; eta baita bertsolaria ere beraz. Nori ez dio baina beldurrik sortu sekula bat-batekotasunak? Agian hori ere bada bertsoaren xarmaren parte; Dragon Khanean montatzeak ere beldurra ematen baitit, eta halere ordubeteko ilarak jaten ditut noan aldiro berriro sentsazio hori frogatzearren. 

Pistina batera salto egitea bezalakoa omen da bertsoa, batzuetan hutsik -batez ere bukaera pentsatu gabe duzunean- eta besteetan beteta egon daitekeen pistina batera; gehienetan bonban, batzuetan buruz, eta noizbehinka txiribueltaren bat edo beste eginez. Nik baina, ez diot zuriz geratzeari, bukaera ahazteari, poto egiteari, zer esan ez jakiteari, gaiari… “bakarrik” beldurra, esango dudanari baizik; edo esango dudanaz esango dutenari agian. 

Entzuleari eta entzulearentzat egiten ditugu sarri bertsoak, guretik gehiegi urruntzera ere iritsiz. Beldur naiz nire ildo politikoarekin bat egiten duen bertso bat publikatzen denean; beldur naiz jende ezagunaren aurrean esperientzia edo sentimendu propioetatik abia daitekeen bertso bat botatzen dudanean; beldur naiz gai serio baten aurrean txiste -agian beltz- bat egiten dudanean… edo besterik gabe inporta zaidan norbaitek bertsotan entzuten nauenean. Akaso, jendearen beldur naiz -edo gara?-. 

Iholdi Beristainek esango lukeen bezala: 

-Beldur naiz. 

-Kaixo Beldur, ni Koldar.

Koldarrak

Koldarrak-