Elixabet Etxandi
Elixabet Etxandi

2020-08-10

Ausartak

Ausartak-

Bertsolariak ausartak garela entzun ohi izan dut eskuin ezker. « Nik ezingo nuke egin egiten duzuna, bat-batean, hain jende kopuru handiaren aurrean ». Lasai, nik ere ez nuen uste egin nezakenik, egin dudan arte. Egia erran, bertso eskolek entrenamendu ona eman digute ere urteetan zehar. Luzaz ikusi ditugu aurrekoak kantuan, haien postura, kantaera eta diskurtsoekin. Ikasi dugu nola gorputza posizionatu publiko aurrean, zut eta eskuak atzean, nola kantatu ozen et agora baina oihukatu gabe, nola pertinentea izan publikoa beti alde atxikiz. Ausardia formatatu bat da duguna, bakoitzak bere berezitasunak izango ditu, noski, baina orohar, konfiantza estandarrena da jaso duguna bertso eskoletatik.

Nahiz eta kontrajarria izan daitekeen, bat-batean aritzen garenok gure ausardia ez dugu bat-batekoa : urte luzetako lan dorpearen emaitza besterik ez dugu kantatzeko aiseria. Alta, momentuak harrapa gaitzake, ezusteak duen botereaz. Gerta daiteke jaso dugun ausardia lezioak ez aski izatea, eta unearen indarrak gainditzea. Iker Gorosterrazuren zortziko handia irakurri dut pasa den astean, eta honek hileta batean kantatu izan du bere bertso bereziena. Unearen indarraz jabetzea gai izan behar litzateke bertsolari bakoitza, azken honek egin duen gisara. Azkenean, egindako lanaren emaitza logikoa delako sentimenduen kontrola eta kantatzko gaitasuna, momentu berezienetan ere.

Nik ez dut lortu Ikerrek egin duena. Pasa den hilabetean, hileta batean kantatzea proposatu zidaten, eta ezezkoa eman behar izan nuen. Bertso eskoletan, egoera formal guzitara prestatzen gaituzte, baina jasotako ausardia erakatsi horrek mugak baditu, eta nonbait, ene ezintasunak pixka bat lasaitu nau : oraindik bat-batekotasuna bertsolariaren gainetik doa.

Bertsolariak ausartak dira, agian bai. Ongi ikasi dugulako izango da alde batetik, baina gu baino askoz ausartagoa geratzen da momentua, bat- batekotasuna. Ausardiaren guduan, oraina da garaile.

Ausartak

Ausartak-