Bereziena

Iker Gorosterrazu

Iker Gorosterrazu

2020-07-25

Bereziena-

Beti aditu izan dut bertsoak mendeetan zehar funtzio sozial argia izan duela eta gaur egun ere berdin jarraitzen duela erranen nuke. Antzina, ospakizunetan zein hiletetan abestu ohi zituzten bertsoak eta oraindik ere funtzio berbera mantendu dute aunitzetan. Haatik, egoera zein testuinguru berrietara ere egokitzen jakin duelako bizi bizirik dago bertsolaritza.

Azken aldian gai bakarrak gure ustezko bizitza zoragarria baldintzatu du. Bertso plaza ere ez dago salbu eta goitik beheiti aldatu du. Online hasi ziren saioetatik distantzia fisikoa (emozionala ere akaso?) mantenduz egiten diren saioetaraino. Bertsolari askoren kasuan astero saioz saio ibiltzetik ia saiorik ez izatera igaro dira. Oraingoan ere egokitu beharko gara egoera berrira.

Kontestu honetan nire bizitzako bertsorik bereziena bota dut. Ez da bertso jaialdi, bertso afari edo poteoren batean izan. Ez da txapelketa edo sariketa batean izan. Ez da bat-batean izan. Baina sentituena izan da. Heriotzarekin zorionez ala zoritxarrez hurbileko harremana garatu dut, eta inoiz bota nahi ez nukeen bertsoa sekula bota dudan bertsorik bereziena izan da. Hankak dardarka, ahotsa ia mutu eta bihotza taupa-taupaka abiada bizian. Eliza batean. Sentitutakoa ez dut inoiz atzenduko. Abestu ondotik hutsik bezain beteta gelditu naiz. Solasik gabe.

Formatu desberdinetan eta milaka bertso kantatu ditut orain arte eta argi daukat bertso bakoitzak norberari zer ematen dion. Funtzio sozialaz aritu naiz lehen baina hori baino gehiago da, eta seguruenik zen. Halaber, inoiz ez dut solastatu gainerako bertso lagunekin honen inguruan eta gustura entzungo nituzke bizipen desberdinak. Bat eta bakarra aukeratzea zaila omen da baina… zein da zuk entzun edo botatako bertso bereziena? Gure barrenak badaki.

Bereziena-