Desproportzioa

Fredi Paia

Fredi Paia

2020-07-30

Desproportzioa-

Doinua: Misiolari baten moduan

               

 

1-Proportzioak gauza berbera

dagi ona ala txarra

kutsatze eta hildakoetan

Covida da gripetzarra

isolatu nahi dute gaztea

hiltzen utzi dute zaharra

zabaltzen hasi da osagile

eszeptikoen batzarra

soilik beldurrak eman lezake

hau onartzeko indarra

 

3-Kultur ekintzak bertan behera

denak ez, kasualitatez

lan publikoa ere ustelduz

doa interinitatez

entxufismoa biderkatu da

titereak soka babes

jende erdiak ez du bozkatu

pobreenak, hagidanez

Covidarentzat txertoa dator

beste guztiarentzat ez

2-Covidak zenbat hildako utzi

ditu hemen uztailean?

Datu publiko argien bila

osasungintza sailean

ez da ageri, hain gutxi al dira?

mamia dago azalean

baina jendea langabezira

isiltasun apalean

desproportzio  “arduratsua”

grafikoen itzalean

 

4-Lehengo mendeko debatea zen

askoren buruhaustea

askatasuna, berdintasuna

bakoitzak bere herbestea

esperantza zen mende honetan

biei batera eustea

osasunaren kontzeptu bitxi

honek sortu du nahastea

eta krisian konfinaturik

ez bata ta ez bestea.

 

5-Jada ez dugu ondo bereizten

bizitza ta iraupena

gazte hilaren mamua baita

beldurrez zahartzen dena

desproportzio objektiboak

sahiets dezan etsipena

subjektiboki mozorrotzea

da gaur modan dagoena

beraz, aurrera! Lortuko dugu!

Iragankorra da dena!

Desproportzioa-