Maddi Agirre
Maddi Agirre

2025-10-30

Kortex prefrontala

Kortex prefrontala –

Egiten ditudan gauza guztien rankingean ez dakit zehazki zenbagarrena den bertsolaritza. Suma dezaket gutxi gorabehera zeren aurretik eta zeren atzetik kokatzen den nire zaletasunen zerrendan, baina zehaztasun objektiborik gabe. Badakit, ordea, buruan txoko handia okupatzen didala; handiegia, aukeran. Gainera, lo hartzen dudanean ere aktibo jarraitzen du burmuinaren zati horrek, kortex prefrontalak bezala (bai, batxin biologia irentsi nuen patatekin).

Aspaldi hartu nuen ohitura gauero amesten dudana hurrengo goizean koaderno txiki polit batean apuntatzeko. Ba tira, duela bi hilabete edo ametsetan abestutako bi bertso apuntatu nituen koadernoan ohiko testu narras eta inkoherentearen ordez, eta orduan jakin nuen, hain zuzen, bertsoak buruan txoko handiegia okupatzen didala. Laster kortex prefrontalera zabalduko da infekzioa eta agur (bai, batxin biologia irentsi nuen patatekin, baina garuneko atal bakarraren izena oroitzen dut).

Egunero Gasteiztik Leioara eta Leioatik Gasteizera egiten ditudan autobus bidaietan ere ematen dit bertsoak zer pentsatua. Erreflexu kontua dela esango nuke. Joseba Tapiaren edozein hit entzuten nago lasai, eta, bat-batean: Mungia. Zortziko txikia. Maite Sarasola eta Josune Aramendi. “Josune, ordu eta erdi daroazu tramite burokratiko bat egiteko…”

Bertsoa.eus delakoan sartzen irakasten dizute, baina nola irten gero zulo beltz horretatik? Nik badaezpada mugikorra apur bat biratzen dut, ondoan eserita dagoenak ez dezan ikusi zertan nabilen, noraino heldu naizen. Whatsappean ere “Bertso” izeneko talde bat sortu nuen eta nire ahizpa sartu. Ondoren, ahizpa bota eta ni bakarrik gelditu nintzen; ni, ahaztu nahi ez ditudan errima eta doinu guztiekin batera.

Badakit, badakit. Hau dagoeneko oso larria da. Larunbatero Hitzetik Hortzera ikusten hasiko naiz laster.

Aurreko astean Jone Uriak domeinu euklidearrak azaltzen zizkigun bitartean zera pentsatzen egon nintzen, ea aurtengo Bizkaiko Txapelketan matematikaria izateari buruzko zenbat bakarkako abestuko dituen. Gero ohartu nintzen oraindik ez naizela txapelketako saio bat bera ere ikustera joan, eta finalerako sarrerak ere ez ditudala erosi, eta bla, bla, bla, eta ble, ble, ble. Dena den, ez dakit azkenaldian bertsoarekin apur bat biziatuta nabilelako despistatu nintzen, edo besterik gabe aljebran txarra naizelako.

Laburbiltzearren, ba hori, bertsoak kortex prefrontala izorratu didala.

Kortex prefrontala

Kortex prefrontala