Lagunak eta euforia –
Maite dugunek irabazten duteneko poza da nire irabazteko era gustokoena. Azken boladan horrelako zenbait bizi izan ditut. Badakit txapelketako dinamikak kritikatu ditudala maiz, baina utziko didazue ematen dizkidan zoriontasun apurrak murtxikatzen, ezta?
Ikusi ditut lagun eta bidelagun minak semifinaletan, kolpez eraikitako bideari abesten. Gu malkoa begi ertzean, Justin Bieberren kontzertuan oihukatzen den bezala ohiukatzen. Ikusi ditut lagunak jausten eta gero esaten “Ez da hainbesterako izan, ba”: hori ere irabaztea da. Ikusi ditut lagunak oholtzan irriz, aspaldiko partez haien lekua aurkitzen. Ikusi ditut lagunak bertso antologikoak botatzen, oilo-ipurdia jartzen dizkizuenetakoak. Haiek oso konbentzituta ez abestu arren.
Ikusi dut lagun bat ataritik sartzen, etxekoen tupper-ak ezin eutsi, jaka erdi zintzilik, gure besoetara salto egiten. Lagunak ospatzen, ezin sinetsirik. Lagunak imajinatzen zailak ziren tokietara iristen. Polita da pentsatzea ilusioa senti daitekeela aurretik mina sentiarazi duten tokietan. Ez du gauza handirik konpontzen, baina polita da.
Antolatu ditut kamisetak eta egin ditut pankartak, lehen aldiak beti bereziak izan omen dira. Oso berezia ari da izaten udazkena. Gorriz markatu ditut zenbait data kalendarioan. Aurrekoan, Nafarroako finala ikusten bihotza plastilina egin zitzaidan.
Izan nahi nuke bertso-kide eta lagun bat badakiena nola areagotu ondokoaren euforia. Bertsoak buru-makur, urduri eta arduraz entzun beharrean, begiratu nahiko nuke guztia irrifar handiz. Ez dakit hori ere gazteegiak garelako ez dakigun oraindik. Hala bada, ikasiko dugu; bestela, asmatuko dugu nola egin.


