Marroitik irten guran

Enare Muniategi

Enare Muniategi

2017-05-03

Marroitik irten guran –

Marroitik irten guranUmetan koloreak ikasi genituenean begiek ikusten zutenari izena jartzen baino ez ziguten erakutsi. Belarra berdea da, zerua urdina, odola gorria eta eguzkia horia. Baina zer dago koloreen esanahi objektibotik haratago? Har dezagun bertsoa adibidetzat.

Demagun, azkenengo momentuan beldurtzen zaituen saio baten abesteko deia jasotzen duzula, hiru aste entrenatu gabe, hilabete pasa da azkenengo saiotik eta ordubete barru egon behar duzu mikrofonoaren aurrean. Alegia, zelako marroia! Eskerrak koloreak nahastu daitezkeen eta kolore berriak sortu, hau da, eskerrak egoera larriari buelta eman diezaiokegun. Eta egia esan, hori da egin behar dena. Baina nola egin?

Kasu hipotetiko baten harira idazten ari naizen arren, zintzoa izan eta esan behar dut ez dela hain hipotetikoa. Beraz, berriro planteatuko dut galdera. Zer egin daiteke horrelako marroien aurrean? Bada, bidea ez da saiori ezetz esatea eta publiko artetik lasai ikustea, hori marroitik horma gris baten kontra egitea da. Hau da, ezetza ematea norbere buruaren kontra egitea da eta beldurrak norbera garaitzea.

Horrelako marroien aurrean, baietza eman ostean (ezetza ez baitago aukeren artean) norberaren buruaren alde eta kontra egiten dugu aldi berean, eta ez dugu jakiten zer den geure onerako eta zer kalterako, ortzadarreko kolore guztien artean galdu ohi gara. Kalterako da puntu erantzun aurretik ur gardenari zurrut ez egitea (trago txarra pasatzeko), eta kalterako da ikusleen zigarroen su gorriak oholtza infernu bihurtzea. Kalterako da pentsatzea saioa horia eta distiratsua izango dela (errealista izan behar da), baina kalterako da zulo beltz baten amaituko duzula pentsatzea (gutxienez positiboki pentsatu behar da). Onerako, berriz, disfrutatzea eta norbere burua estutzea ahalik eta bertso zurienak, hau da, garbi eta zuzenenak kantatzeko.

Amaitzeko eta kasu hipotetikora bueltatuz, hodei zuri baten gainean hegaz zeru urdineko izar horietara heldu ezean, eta zulo beltzeko su gorritan eroriz gero, pentsa marroia eta beltza ez daudela elkarrengandik hain urrun koloreen olatuan. Eta txapela ere beltza da.

Marroitik irten guran