Enare Muniategi
Enare Muniategi

2020-12-10

Misterioa edo morboa?

Misterioa edo morboa? –

Urtero berdin egin izan ditugunak desberdinak dira aurten, pentsa, Gabonak zelakoak izango diren ere ez dakigu. Honen inguruko ezjakintasuna arboletako argiak baino argiago ikusten da. Beti izan dugu ezjakintasunaren irudi ilun bat, zer datorren ez jakiteak urduritu egin gaitu, bueno astean hirutan yoga egiten dutenek izan ezik, horiek chakra guztiak zabalik izanik beste jarrera batekin hartzen dute ezjakintasuna, lasai. Hala ere, ez nator gabonetako misterioaren inguruko erlijio klase bat ematera, ez eta gauzak lasaitasunez nola hartu behar diren azaltzera (yogara astean behin bakarrik joaten naiz eta chakrak itxita ditut) ez daukat horrelako lekziorik emateko inongo zilegitasunik. Kontua da ezjakintasun honetan argi apur bat piztu ohi zaidala, uste dut jendeari ezjakintasunak jakinmina ematen diola, albokoen buruetan zer dagoen jakin nahi izaten dugu, etorkizunean zer gertatuko ete den ametsetan pasatzen dugu eguna, etab.

Misterioa edo morboa?
Eguberrietako argiak Donostian. JUAN HERRERO / EFE / BERRIA

 

Ezjakintasun edo jakinmin hau gure txikira ekarriko dugu orain, demagun bertso saio baten gaudela eta gai jartzaileak kanturako gaia esan berri dio bertsolariari, jarraian publikoa pentsatzen “zer esango ete du?”, “zer esango nuke nik bere lekuan?”. Segundu kontua da baina irrikaz itxaron ohi dugu bertsolariaren erantzuna, ez da ezjakintasun transzendetal bat, baina zelako misterioa, eh? Zelako jakinmina, eh?

Demagun orain bertsolariak kantatu beharrekoa kantatu eta orduan bai, orduan pizten da jakinmina, iluntzen duenean kaleetako argiak pizten diren eran “klink!”. Publikoak ez daki esan duena egia den edo fikzioan ari garen, prentsa arrosako notiziek sortzen duten antzeko morboa pizten da, egia ote da? Hori uste al du benetan? Hori egiten al du benetan? Hori benetan gertatu al zaio? Nahastu egiten dira gaiak egokitutako papera eta hezur eta haragizko bertsolaria. Ez da nobedadea morboa gustatzen zaigula, esan beharraren esan beharrez hainbeste gauza asmatu ohi dugu (eta bestela begiratu Gabonetako txiringitoari), eta berdin egiten dugu fikzioa eta errealitatearen arteko mugarekin. Ardura al digu benetan bertsolariak hori uste duen edo kontatutakoa gertatu zaion? Fikzioa eta errealitatearen arteko muga, gabonetako argiak baino ilusio handiagoa sortzen duen misterioa da. Horrelakoak gara chakrak irekita zein itxita, lasai zein urduri, jakintasunean zein ezjakintasunean, misterioaren atzez bizi gara. Bueno, misterioaren ala morboaren atzez?

Misterioa edo morboa?