Manex Agirre
Manex Agirre

2023-07-18

Mundu txiki kontzentratuak

Mundu txiki kontzentratuak

Uztailean, adin batetik beherakoen bertso-mundua ondoen identifikatzen duen emotikonoa, bihotz-begidun aurpegitxoarena da. Bertso-udalekuen sasoia da, Amaiurren, Irañetan, Zuhatzan, Larraulen. Ondo estekaturik ditu Bertsozale Elkarteak, elkarren artean, bere estrategia eta sail ezberdinak, eta ikusiko duzu nola udalekuek balio duten ohiko bertsolarientzako plaza modura ere, edo kultur-sorkuntzaren transmisio-bide egokiak direla ohartuko zara, eta balio dezaketela landa-lana eta ikerkuntza egiteko ere.

Oroz gain, ordea, aisialdiko jarduera dira bertso-udalekuak. Mundu txiki kontzentratuak, ahalegin oro gozamenera bideratzen dutenak. Bakoitzak bere larrerako joera du, eta euskararen biziberritze-prozesuak ofizio ditugunok ondo teorizatua dugu, aspalditik, hizkuntza eta emozioen esparruko bizipen positiboen arteko lotura; edo, nahi bada, lotura hori zeinen estrategikoa den, bereziki eremu sozioliguistiko zehatzetako kideentzat. Euskara ohiko hizkuntza eta gaztetxoek, murgiltze linguistikoaren eragin onuragarriaz gain, “euskaraz ondo pasatzen dute”. Are gehiago: hori guztia ez da berariaz egiten. Zeharka egiten da. Helburua da, baina ahalegina ez da helburu hori lortzeko egiten. Berezkoa du.

Eta bakoitzak du bere kondaira pertsonala, udalekuekin lotuta. 80. hamarkadan jaiotakook, goiztxo jaio ginen, “begiratu” modura parte hartzeko. Izan genuen antzeko bizipenik, ordea. Arabako Bertsozale Elkarteak Gasteizetik lurralde osorako zabalkunde-bideak martxan jarri zituenean harrapatu gintuen aldirietakook bertsoaren kakoak. Eta harrapatze horretan zerikusi handia izan zuten sarri egiten genituen asteburuetako pare bat eguneko egonaldiek. Albeizen, Araia inguruan, egindakoa izan zen lehenengoa, nire kasuan. Dena zeukan ona. Jende jatorra, basati samarra, euskara batua ohiko hizkuntza zuten adinkideak (aramaioarrontzat aski gauza exotikoa, eta, beraz, erakargarria), begirale-kuadrilla eroa. Eta ertzetan bakarrik izaten dakiten bezalako euskaltzalea: sortu berria zen UEMAkumeok benetako nazio-ikuspegia gara genezan, bikaina.