Enare Muniategi
Enare Muniategi

2020-08-27

Musuko azpitik kantuan

Musuko azpitik kantuan-

Zer egiten dugu kontzienteki eta zer ez? Adibidez,arnasa hartzea eta pentsatzea? Kontzienteki pentsatzen dugu bertsotan gaudenean, kantuan hasi aurretik hartzen ditugun segundoetan badakigu pentsatzen ari garela, errimak lotu, puntuak ondo josi, eta bien bitartean arnasa hartzea ahazten zaigu.

Pandemia egoera honetan pentsatzeko tartea izan dugu, mundua gelditu da eta gure ingurura begiratzeko, hausnartzeko eta ondorioren bat ateratzeko aukera izan dugu. Pentsatzen pasa ditugun orduetan etxe barruetan itota sentitu gara, arnasa hartu nahi eta ezin.

Ematen du bata edo beste aukeratu behar dugula, arnasa kontzienteki hartzea edo kontzienteki pentsatzea. Publiko aurrean zer esan ez dakigula gaudenean gure arnasa igartzen dugu, milesimako konpasa igo eta arintzen den arnasa, pentsamendua ere blokeatzeko besteko arnasa.

Arnasa hartzen ari garela pentsatzen dugunean, arnasa kontzienteki hartzen dugunean, ordea, ezin dugu beste ezertan pentsatu, apurka-apurka hartu eta botatzera bideratzen dugu ahalegin guztia; sabela, sudurra eta ahoa dira gure pentsamenduaren erdigune. Eta irribarrea musuko azpian gordeta daukagun garai honetan, aukeratu egiten dugu arnasa hartu edo pentsatu; beste askok ingurukoen ardurarik gabe kendu egiten du inori ardura ez dion konturen bat lasai asko kontatzeko. Baina, asmatikoak ere hemen gaude eta gure kasuan, bata edo beste aukeratzeaz gain, arnasarik gabe geratzen ari garela pentsatzea ere aukera bat izan daiteke.

Pentsa zelakoa litzatekeen panorama bertsotan musukoa jantzita egin behar izango bagenu. Baina, are txarragoa litzateke bertsorik gabe bizitzea, musukoa jantzita abesteko aukera ere izan daiteke hau, arnasa kontzienteki hartu, eta aldi berean, kontzienteki pentsatzeko aukera. Baliteke dena ez izatea bata edo beste, beltz edo zuri.

Dena, beraz, ez da hain txarra. Bertsoa ere bueltatu da plazara, publikoaren irribarrea musukoetan ezkutatzen den arren, begiekin dena esan daiteke eta txaloak berdin edo are indartsuago entzun daitezke.

Musuko azpitik kantuan

Musuko azpitik kantuan-