Neuretik eta besterentzat –
Oraintxe aste pare bat entzun nuen Agirre anaien bertso sail bat, Tolosako Tximelarena. Inork aditu nahi balitu hementxe:
Gipuzkoako herriak zerrendatzen ditu eta herri bakoitzeko berezitasunak aipatu. Gauza sinplea iduriz, baina halako zirrara bat eragin zidan eta belarriak gorritu arte entzun nuen behin eta berriz, gustura eta txoratzen. Nire artean galdetzen nuen zergatik sortu zidan halako plazera ustez hain axalekoa eta bistakoa zenak. Bat-bateko pultsio horren tripa barrenak azaltzen saiatuko naiz:
- Hasteko gustatu zaizkit bertsoak berak eta bertso-sailak duen estetika, hoskidetasuna eta izaera jolastia.
- Bestetik, batean eta bestean entzuten dugun “neuretik eragin nahi” hori minimoa da. Entzulea, irakurlea edo dena denalakoa astindu nahia betikoa du bertso jarrien zera honek baina etengabe gure diskurtsoak haizatze horrek sor lezakeen asperdura ere hartu dezagun kontutan.
- Azkenik, eta dena laburbilduz, bertso hauen leitmotiv-a gustatu zait. Herriak estilo propioz zerrendatzearen jolas horrek grazia egingo zion Tximelari eta bere plazeraren bila arituko zen.
Izan ere artistak gara geuretik gauzak sortzen, baina geuretik eta besterentzat. Tximelaren hauek beretik eta beretzat eginak dira ordea.