Enare Muniategi
Enare Muniategi

2020-11-09

Pasatzea

Pasatzea-

Hilabetez digeritu ostean onartu diot neure buruari txapelketan pasa egin naizela. Entzun nuen nire izena, ikusi nuen zerrendan idatzita, hala ere, ezin neure buruari holako lorpenik aitortu. Baina, esan bezala digeritzeko tartea behar izaten dut horrelako “pasadak” eta gero.

Txapelketa bera, pasada handia izaten da batzuentzako, psikologikoki eta ondorioz fisikoki ere bai. Neu naiz horietako bat, tokatzen den aldiro esaten diot neure buruari, “sufrimendu honek ez du merezi, bi urte barru ez duzu izenik emango”. Baina, bueno, ez gara geure burua zigortzen dugula hartutako erabakiekin gehiegi pasatu behar, eta urte biko epean pasatu egiten zait eta berriro oholtzara (ahal dela pasatzera).

Nire lagun batek esan ohi duen legez “lar ere lar da”. Orokorrean bizitzan hainbatetan sentitzen dugu lar ere lar dela, alboko pelmaren matraka gehiegi izaten da, gehiegi jan osteko tripakada gehiegi izaten da, juergan enegarren tragotik aurrera gehiegi izaten da. Hori bai, batzuetan ez dakigu pasatzen ari garela. Eta batzuetan ez dakigu pasatze horrek zoriontsu egiten gaituen, pozik gauden benetan, mesederako edo kalterako den. Ze esate baterako ez dugu esaten “ikasten pasatu naiz”, ez dugu inoiz larregi ikasten, barre egitearekin ere inoiz ez da gehiegi (ezta nahiko ere), berdin ondo maite dugunean/gaituztenean ere ez dugu pentsatzen pasatzen ari garenik, edo larregi denik.

Hori gutxi ez eta batzuetan ez dakigu zeozer onerako edo kalterako den, gertatzen den arte, edo momentuan pentsatzen dugu oso zoriontsuak garela eta pozarren gagozala, baina denporarekin konturatu ohi gara ez zela horrela, eta kalterako izan dela. Bueno kalterako, baina, onerako zeozer ikasi dugulako.

Neu ere galtzen ari naiz neure pentsamenduetan, poza, tristura, ona, txarra, izan leike txarra eta poztasuna ematen diguna, eta alderantziz? Ez daukat oso argi, larregi pentsatzen nagoela esango nuke eta nire lagun baten esaten duen moduan “lar ere lar da”. Beste hilabete bat hartu beharko dut hurrengo pausu hau digeritzeko, pasatu izanak pozten nauen edo ez erabakitzeko. Eskerrak urte bete daukagun aurretik digestioa egiteko!

Pasatzea

Pasatzea-