Enare Muniategi
Enare Muniategi

2022-09-09

Pijaman makillatuta, fashion victim

Pijaman makillatuta, fashion victim –

Lokatz Loreak-en proiektuko bertso-zirkuitua aurrera doa, Harry Potteren magiarekin hasi Zornotzan, Fashion Week bat montatu Deustun, Memeak egin Sastrakan, eta denboraren makina martxan jartzeko prest daude Lekitton.

Bertsoaren pasarelan desfilatzea tokatu zitzaigun aurrekoan, gure arropa berezi eta makillaje zainduarekin. Konbinatutako bertsoaldiak, eta juegora doazen errimak diseinatzea tokatu zitzaigun. Berez ere gure itxurak gure presentziaren zati handi bat hartzen badu oholtza gainean, egun horretan are gehiago, zerbait espero eta espektatibak betetzeko asmoz janztea tokatu zitzaigun, baina, bizitzako metafora bat gehiago baino ez dela esango nuke.

Zentzu honetan aukera bi ikusten ditut, aukera esan dut, baina, izan zitekeen, hautu, erabaki, ikuspuntu, edo dena delakoa. Bat: espektatibak bete eta erakusleihoetako maniki bat gehiago izan, manikiaren gorputza desio eta estandarrek markatu bezala janztea, alegia, gugandik espero dutena eskainiz; esate baterako, larregi des-entonatu gabe, baina, elegante, hori bai ez eleganteegi, eta casual-egi ere ez, erdibideko zerbait, zuzena eta egokia. Edo bi: gustuko duguna jantzi eta aldakak mugituz desfilatzea, gustuko dugun mozorroa jantzita, lehenengo aukera horri protesta egin eta mozorrotu ordez kareta kentzen ari garela erakutsiz.

Neu bat, modaren biktima, ez dakiena aukera bien artean zein aukeratu, lehengo zein bigarren aukera kanpotik jasotako iritzi eta estimuluez guztiz baldintzatuta daudelako, eta 1 zein 2 aukeratuta antzeko arituko nintzelako espektatibak betetze nahi horretan. Neu bat, biktima bat uste duena modaz asko dakiela, modara doana edo moda neu naizela uste duena, bat gehiago.

Edozein pasarelatan izango gara kritikatuak, eta edozein desfiletan dauzkagu esandako aukerak, bat zein bi, edo bat ere ez, edo hirugarren bat aukeratzeko aukera. Bertsoaren pasarelan, kalean, lanean, lagunarteko pasarelan, jendaurrean, mikro parean, zein gure intimitatean. Geuk erabakitzen dugu kareta noiz jantzi edo kendu, noiz makillatu gehiago edo noiz garbitu aurpegia, noiz jantzi lentejueladun soinekoa eta noiz pijama. Nork dio ezin dela pijaman makilatuta joan? Hor beste aukera bat, lokaztuta zein loretan, gure zaintza da konjuntorik onena.

 

Pijaman makillatuta, fashion victim

Pijaman makillatuta, fashion victim