Pirinioa, gure aukera

Eneko Fernandez

Eneko Fernandez

2022-03-22

Pirinioa, gure aukera –

Doinua: Ilun ikarak azken argia

 

 

Urtero legez, kunplitu nahian

nire ikasleen desira

giro goxoan eskiatzera

heldu gara Erronkarira

Eta jarririk bertako herri

ta jendeari begira

Egunez egun Pirinioa

odolustutzen ari da

 

Mendi handien herri txikiak

parajearen neurrira

Kantitateak kualitatetan

baloratu ahal balira…

Baina ametsek tamalez dute

txin txin hotsaren segida

Egunez egun Pirinioa

odolustutzen ari da

 

Hitzeman eta inoiz bete ez

diren promesen harira

senti daiteken ezinegona

ezin bi hitzez deskriba

Gurpilei trabak ipiniz gero

nola heldu urrutira?

Egunez egun Pirinioa

odolustutzen ari da

 

Abeltzaintzaren garai onenak

joan ziren hilobira

Eta basoen ustiapenak

ezin mozkinik motiba

Hutsikan dauden industriagune…

lan gabeziak argira

Egunez egun Pirinioa

odolustutzen ari da

 

Asteburuak heldutakoan

zenbat gora, zenbat biba!

Bisitarien suzko erroberak

Turismoaren dirdira

Baina behin jaia pasatu eta

argiak itzaltzen dira

Egunez egun Pirinioa

odolustutzen ari da

 

Eta tamalez antzekoa da

Ikasketen perspektiba

16 urte betetakoan

herriari despedida

Soilik hirira alde egitea

denean alternatiba…

Egunez egun Pirinioa

odolustutzen ari da

 

Baina zauriak itxi daitezke

ilusioen arabera

Esku zabalik dagoen lurra,

jende hurbila gainera

Ea halako mezu gehiago

zabaltzen den jendartera

PIRINIOAk eduki dezan

merezi duen AUKERA

 

Pirinioa, gure aukera