Elixabet Etxandi
Elixabet Etxandi

2021-12-17

Pronostikoak

Pronostikoak –

Azken asteak pronostiko eta apustu zaparraden sinonimo izan dira bertsozaleontzat, herrialdeetako hiru finalek mugatu dutelako asteburutako agenda kulturala. Final handia iritsi aurretik ere, ea zein nagusituko zen eta ea nor pasako zen ibili ginen asko. Ausartenak kiniela betetzen aritu dira astebururo, eta x edo y gaileduko zitzaion x edo y-ri zortziko txikian, buruz burukoan… Puntuazioak eta norgehiagoak erritmoa eman digute gure aisialdi kulturalari, gu geu menperatzen ez dugun horren epaile bihurtu arte.

Dudarik gabe, badaude kinieletan asmatzaile atera diren batzuk, gutxi batzuk nire aburuz. Izan ere, aurtengo txapelketak sorpresaz beteak izan dira eta betiko bertso panorama aldatuz joan zaigu, aurpegi berriei lekua utziz. Puntuen merkatu horretan, badira inoiz ezer asmatzen eta ulertzen ez dutenak, nire ama bezela, eman dezagun. Berak dio, bere bertsolariak “ez direla sekula pasatzen” eta epaileen errua dela, “ez dutelako ezer ulertzen”. Eskerrak ez duen kinieletan parte hartu. Askotan, bi aldetakoak izan daitezke dezepzioak, zureak ez direla pasatu, eta espero ez zenituen batzuk pasa direla.

Egia da maiz epaitzea bera kriterio oso objektiboetan zentratzen dela (teknika, metrika, denbora…), baina epaileen zein publikoaren pertzepzio subjektiboak inposibilitatzen digula aitzinetik kinielak asmatzea, eta “gure” bertsolarien posizio zehatza determinatzea. Nik dagoeneko amore eman dut eta ez naiz gehiago asmatzen ere saiatzen, nahiz eta batzuetan ebidenteak ebidente geratzen diren. Azken finala geratzen zaigu asteburuan, Bilbon.

Ea sorpresak izango diren eta gure baitan gordetzen ditugun kinielak kunplituko diren.

 

Pronostikoak

 

Pronostikoak