Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2024-04-03

Propio apropia

Bertsolarioi rolak proposatzen zaizkigu askotan. Eta gai zabaletan, apropos hartu izan ditugu. Edozein rol ote da, ordea, aproposa? Beste askoren artean galdera horri erantzuteko ahalegina planteatu du 2024ko bertsolamintzak: Nondik eta zeri kantatzen diogu? (laster irakurri ahalko duzue aldizkari honetan luze, zabal eta sakon horko gogoetek emana).

Propio apropia –

Maider Arregik gai bati kantatzeko zilegitasunaren inguruan egin du hausnarketa, eta zehatzago hartu du berak, hipotesi hau eskainiz: “ni baino kategoria zapalduagoetan daudenen ahotsa apropiatzea ez da zilegi”. Horren alde eta aurkako arrazoiak agertu ditu, eta batik bat galderaren desegokia bistan jarri: auzia ez baita kolektibo zapaldu horien larrutik kanta ote daitekeen, ez bada zer egingo dugun bertsolaritzan euren ahotsa izan dezaten. Ez naiz hemen luzatuko berak ondo esandakoak gaizki laburtzen, aldizkari honetan eta Udako Ikastaroetan irakurri eta entzuteko aukera izango duzuelako laster.

Propio apropia
Arg: @bertsolaritza

Arregiren arrazoiketa entzun bitartean, nire burua harrapatu dut nire hautuak errepasatzen, eta gogoan iltzatuta dauzkadan zenbait bertsoaldi gogoratzen. Bat, hitzaldian berak ere aipatu duen Amets Arzallusen bakarkako lana, autobusean inor ondoan jartzen ez zitzaiola eta, beltz baten ahotik kantatua (38’ minutuan). Bestea, Arzallusek berak, azken txapelketa nagusian, eta aurrekoan bakarka hartua, moro baten eta etorkin beltz baten ahotsean. Maialen Lujanbiok 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian kartzelako guztietan egin zuen ertzeko ahots bat ekartzeko ahalegina: Irunen ez-bitarra den gorputzetik, Barakaldon goizean, drogazale baten ahotik, eta arratsaldean, prostitutaren larrutik.

Adibide soka luzeegia litzateke, baina gure oroimen kolektiboan iltzatuta geratu diren eredu hauei bueltaka ibili naiz Arregiren abiapuntutik, bi bertsolariren zilborraz gaindiko gaiak lantzeko ahalegina antzematen delako kasu hauetan, ziurrenik. Asmoa eta helburua zein diren ez dugu orain baloratuko, baina horien eraginari erreparatu nahi nioke, entzule gisa horiek adituz hazi naizenez. Gogoan dudalako, Arzallusen 2009ko bakarkako hartan, nola ohartu nintzen akaso lehen aldiz ez soilik oholtza eta bertsogintza zuriz beteta zegoela; baizik BEC osoa zegoela zuriz betea salbuespenak salbuespen, eta akaso beltz baten ondoan esertzea saihestuko genukeen zuriz, gainera. Edota eraso jihadisten urteetan zenbatetan jarriko ginen jendez lepo zeuden erasotako guneetan zebiltzan turisten zapatetan, eta ze gutxitan pentsatuko genuen horrek bizitza (are gehiago) konplikatuko zien moroengan. Zenbat etxetan hitz egin ote zen Irungoaz geroztik transexualitatez, bitartasunaz. Zenbat guraso ariko ziren euren seme-alabei Barakaldoko goizaren ostean euren belaunaldian heroinak eragindakoa kontatzen lehen aldiz; zenbatek ikusten dugun Miribillako errotonda desberdin arratsaldekotik.

Bertsolaritzari apropiatutako ahots horiek kenduz gero bertsolaritza pobreago bat geneukake, dudarik gabe. Eta neurri batean, horrek agertzen du zein mugatua den egun, bertsolaritzaren ekosistema osatzen dugun gorputzen aniztasuna. Gizonek emakumeen ahotik kantatu zuten urtetan, emakumeek esparru publikoan ahotsa berreskuratu arte (epe luzerako plan bati esker, hein batean). Orain gabiltza emakumeen ahotik esan zituztenak emakume gorputzetik (des)egiten. Ahalegina nondik eta ze helbururekin, hori da gakoa. Eta Arregik jarri dizkigu, epe luze-ertainerako etxeko lanak, apropiatu beharrik ez izateko; propiotik aditu ahal izateko.

Propio apropia