Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2021-04-22

Señoren garaia

Señoren garaia –

‘Iritsi da señoren garaia’. Hala iragarri zion Pello Errota txapelketako azken txapeldun Amaia Iturriozek Mikaela Elizegiri, garaipena eskaintzeaz bat. Sorbaldatik zintzilik Mikaelaren ilustrazioa daraman poltsa zuen, Harituzek oparitu berria. Emozionatu egin ninduen duela gutxi Pello Errotaren lekuko soiltzat genuen andre hari protagonismoa itzultzeak (esan behar da, sariketa horretan bertso onenaren saria ‘Mikaela Elizegi saria’ dela, nahiz txapelketak aitaren izena daraman). 
 
Señoren garaia
 
Eta azken astean pentsatzen aritu naiz, Mikaela aurkeztuko ote litzatekeen antolatu den ‘Señora bertso sariketa’ra; eta gauza bera duela gutxi ezagutzen hasi garen bertsolari izan ziren andre guztiekin: ea ze iritzi izango ote luketen, zer baloratuko (ez epaituko) luketen bertsoaldietan. 
 
Euren aztarna berreskuratu nahian gabiltzanetik sentipen orokortu xamarra da informazio falta, ezezagutza, arroztasuna: elkarrizketatu baziren ere, besteen inguruan galdetu zitzaielako (ia) beti. Ez dakigu zer pentsatzen zuten, nola kantatzen zuten, ze ahots zuten ezta ze itxura zuten ere askotan. Zer esanik ez ze gogo, estilo, begirada, hizkera zuten.
 
Ez dira gutxi abian diren berreskurapen eta sormen ekimenak, zorionez paraleloki eta elkar gurutzatuz gauzatzen ari direnak. Atzera begira ezin dugulako etsi, eta aurrera begira soilik ezin ditugulako atzean utzi. Puskak biltzea geratzen zaigu, andre haiek zirena, izan zitezkeena gogoratu, berreraiki edo osatu eta aitortza horretatik abiatzeko.
 
Hala ere, “bere garaian” bertsolari izan omen ziren horien iraungitze-data deuseztea dagokigu, oraindik asko eskaintzeko sasoian daudela sentiaraztea; ez baitut gu adindu arte itxaron nahi. Ez da aski egun oholtzan dabiltzanak ez jaistearekin, gainerako andren oinen pare jarri beharko genuke oholtza. Roxi Lazkanok bertso egunean kantatu zigun bezala, “haria nonbait luzeagoa ohi da jostorratza baino”.
Señoren garaia