Bagarelako, izango gare

2021-04-21

Bagarelako, izango gare –

Ekaitz Elorriaga Anduaga, Bertsozale Elkartearen atarian.


Asteburuan hasiko da Arabako Binakako Txapelketa. Ekaitz Elorriaga Anduaga da Arabako Bertsozale Elkarteko lehendakaria; bertsolaritza, euskara eta Arabako ezaugarriak deskribatuz, ondorengoa duzu “Bertsozale Elkartea gero(r)a mugitzen” aldizkarian proposatutako bidaia.
 

Bagarelako, izango gareNola azaldu arabarron errealitatea eta bertan egiten dugun lana? Lau datu hotz emanda hasi, eta ea nora garamatzan bidaiak.

Euskal Autonomia Erkidegoaz ari garela, Araba da herrialde handiena, bai zabaleran eta baita herri kopuruan ere; txikiena, ordea, biztanle kopuruari dagokionez. Gipuzkoaren aldean populazioaren erdia du, eta Bizkaiaren herena inguru. Eta biztanleria horren banaketari begiratuta, Gasteizen % 75 bizi da; beste bi hiriburuetan, % 25-30. Eta hala ere, Bilbon jada Araba osoan baino jende gehiago bizi da.

“Bertsolaritzak ez dio bakarrik kulturatik eskaintza egiten herrialdeari; euskararen erabileraren bermatzaile eta zabaltzailea da”

Errealitate horri ezaugarri soziolinguistikoak gehitu behar dizkiogu. Pozteko moduan eta nabarmen igotzen ari den arren, euskararen hiztun kopurua urria da leku asko eta askotan. Uste baino gertuago dugu Araban, oro har, euskara galdu zeneko garaia. Idatzi askotan irakur daiteke XVIII. mendearen amaieran oraindik ere itzultzaileak behar izaten zituela herriak lege edota administrazio arazoei aurre egiteko; eta orduan ere, bazen olerkari euskaldunik.

Bertsozale Elkarteak sortu ziren garaian, ordea, erreferenteak falta genituen Araban, transmisio natural ezaren ondorioz, eta gure lan eskemak bertsogintza tradizionalari lotu genizkion. Gure herrialdeari lotutako ezaugarri desberdinengatik, ordea (populazioa, alderdi soziolinguistikoa…), ohartu ginen herrialde batean funtzionatzen zuena gurean ez zela eraginkorra. Gertuko tradizio horiek ez izateak, aldiz, askatasuna eman zigun gure herrian katerik gabe gauza berri eta desberdinak probatzen hasteko. Hasierako konplexuak gaindituta, gure bide propioa egiteari ekin genion: euskara berrerabiltzen hasi ziren lekuetara bertsoa eramaten, ikastaroak antolatzen, gazteei aisialdi ekintzak eskaintzen… Eta hara non, erreferenterik ez genuenak erreferente bihurtu ginen.

Gaur egun, Elkartearen izena euskararen erabileraren, berreskuratzearen eta indartzearen sinonimo da Araban. Bertsolaritzak ez dio bakarrik kulturatik eskaintza egiten herrialdeari; euskararen erabileraren bermatzaile eta zabaltzailea da, galdutako espazioak berreskuratu, daudenak indartu eta berrietara salto egiteko.

Lagun iezaguzu bidaia honetan.

Bagarelako, izango gare