Testuinguruak –

Bertso-sortak idaztea, edo idaztea, besterik gabe, ekintza ausarta iruditu izan zait beti. Gai bati garrantzia ematea, mezua lantzea eta, batez ere, hori irakurleari helaraztea kirol arriskutsua da. Esaten duenak hanka sartzeko aukera izaten du, eta, batzuetan, etorkizunean iritzia aldatzeko zilegitasuna ere galtzen du. Bertsotan ari garenean, errore marjina idazten dugunean baino handiagoa bada ere, kameren etengabeko presentziak bat-bateko bertsolaritza ataka berean jarri du.
Gure tribu txiki honetan, guztiok gara zuzentasunaren guardian. Barkatu, zaindari. Iritzi emaile adituak bihurtu gara, eta horrek elkarren polizia bilakatu gaitu. Ahotsa eta gorputza plazaratzearen beldurrean, askotan sumatu izan ditut bertsolariak oholtzapean “ – Hemen ulertu ote da esan nahi nuena?” edo “- Hitz hau esaterakoan pasatu egin ote naiz?” elkarri galdezka saguzarrak ere ikusiko lituzkeen larritasun aurpegiez.
Ez diot kezka hauek izatea positiboa ez denik, diskurtsoa garatzen lagundu dezakete. Noski esaten dugunarekiko ardura daukagula eta iritzi guztiak errespetagarriak ez direnez, guztiek ez dutela plazan lekua. Baina hitzak ez dira hain poliedrikoak; ez dituzte hainbeste ertz. Eta, batez ere, ezin dira testuingurutik isolatu.
Kritika egiteko ironia askotan erabili izan dut. Oraindik bada titiak operatu ditudala, funtzionario guztiak hilko nituzkeela edo bikotekideari ongi portatzen denean karamelua ematen diodala pentsatzen duenik. Egon al daiteke arazoa nire espresatzeko gaitasun eskasean? Ba ziurrenik bai. Baina beno, kontuak eskatzen dizkidatenean, kontatzen ez dakidala esaten dut. Batzuetan, garatu baino hobe, geratu.
Amaitzeko, nire kontraesanak balioan jarriz, orain artekoarekin oso bat ez datorren zerbait. “Auspoa out of context” Twitter kontuak Auspoa liburu saileko bertsoaldien azalpenak testuingurutik ateratzen ditu. Hau bertan agertzen den txio bat da:
“Txirritaren burua aundi xamarra omen zan. Ala diote ezagutu zutenak, eta ala ematen du argazkietan ere.”
Txirritaren burua pic.twitter.com/4WUPT5mlJc
— Auspoa Out Of Context (@AuspoaOutOfCont) March 4, 2024
Luze hausnartu dezakegu azalpenaren zuzentasunaz, baina niri, lehen begiratuan, grazia egiten dit. Beno, bigarrenean ere bai.