Txaloak

Manex Agirre

Manex Agirre

2022-04-12

Txaloak –

Korrikaren uberak 50 (!!) bertso-ekitalditik gora utzi dituela jakin dugun egun honetan bertan (astelehena, apirilak 11), horietako batek utzitako aho-zapore gozoa ezin kendurik nabil oraindik. Apirilak 8, ostirala, Zuiako Korrika kulturala, Murgiako administrazio batzarraren egoitza, Nerea Ibarzabal eta Saioa Alkaiza kantuan, Gorbeialdeko neska* gazteen taldea gai-jartzen, afalostea, 60 bat entzule.

 

Txaloak

 

Egarria usaintzen zen (elkartzekoa, saio bat lasai entzutekoa, ospatzekoa), baina ez zen gako bakarra izan. Saioaren hasierako izotz-hauste tartea laburra izan zen. Bi bertsolariek asmatu egin zuten. Sekulako saioa egin zuten, hasi eta buka. Baita gai-emaileek ere. Konexioa egon zen. Nietzche, Galipentzu eta Jarrai aipatu ziren. Entzuleek eta bertsolariek elkar elikatu genuen. Airean eraman genuen elkar.

 Gozamenak hausnarra dakar. Zein izan zen kontua oso ondo funtzionatzen ari zela ohartzeko unea? Niretzat behintzat, txaloak markatu zuen. Gaur egun, bertsotan, performantzearen parte da txaloa, ikuskizunaren atal bat da. Erritmoa markatzen du, txanda ematen du, lokarri lana egiten du. Baina ez da beti horrela izan. Hona Joxe Lizasoren esana, milurteko honen hasieran Estitxu Eizagirrek garai bateko entzuleei buruz galdetuta:

Entzule ona zen, baina orain adina txalo ez, e! Plazako saioa egin (ordu erdi edo hiru ordu laurdeneko hori) eta agurtzerakoan txalo jotzen bazuten, buenoo! Txaloa oso garestia zen orduan. Orain berriz txaloa kasi ez da jotzen bertsoa ona zelako, ixiltzen zarelako baizik. Niri amorraziorik gehiena ematen didana da zenbait lekutan bertso ona edo txarra kantatu txalo berdin berdina jotzen dutela. Hori seinale txarra da. Txistu jotzea ere ez da ederra izango, horixe ez zait tokatu, baina alferrikako txalo asko bai. Horiek ez dira sinistekoak.

Lizaso zenak esandako zenbait kontu gaur egun ez dira baliozkoak. Bertsotan aritzeko ekintza bera aldatu egin da. Baina argi-izpi bat eman dit joan zen ostiraleko kodea hobeto ulertzeko. Momentu batetik aurrera, baleko bertsoari apenas jotzen genion txalorik. Ez, noski, bertsolaria tentsionatzeko, momentuak ez zuelako eskatzen baizik. Entzuleok eta bertsolariek elkarri ezer esan gabe adostutako zerbait inplizitua bihurtu zen. Hori bai: bertso onetan (gehienetan, esango nuke) lehertu egiten ginen. Liturgiari esanahi berria ematen zitzaion, aldiro. Zerbaitek funtzionatzeko, elementu guztiek izan behar baitute funtzio bat.

Txaloak