Iñaki Gurrutxaga Zubimendi
Iñaki Gurrutxaga

2026-09-03

Urdinxka

Urdinxka –

Bakoitza bere zoroak bizi omen du, eta nik ere hainbat haizeren artean, hitzen zehaztasunerako ero-haize bizi-bizia daramat, zer egingo diogu ba. Zortekoa hi, pentsatuko du baten batek. Jolas moduan hartuz gero deje ederra da, baina obsesio bihurtzen denean, ojo. Gauza guztiekin bezala, bestalde.

Txiste bat bada, adibide grafiko polita izan litekeena, irudikatzen asmatzen duenarentzat:
-Tikismikisen kluba hau al da?
-Ummmm…tikismikis-tikismikis ez da hitza…

Ba puntu horretan nabil ni. Ingurukoak gogaitzeraino ez dakit, baina neroni gorputz-txartzeraino iristeko adina bai behintzat, kiroltasunez hartzeko eguna ez dudanetan.

Urteak dira, Askizuko bertso-udalekuetan begirale geundela, gazteei altxorraren bila moduko jolas bat antolatu genienetik. Ordukoan sobre batzuetan gorde genizkien pistak, koloretako sobretan. Bat horia, bestea gorria, bestea berdea, eta bestea… bestearekin buruhausteak. Mundu guztiaren begietara urdina izango zen hura, baina nire begietan ez zen ba urdin-urdina. Esango didazue zenbateraino errelebantea izango zen sobre-kolore hura zehatz-mehatz eskala kromatikoaren zein puntutan zegoen definitzea, baina azalpenak ematen hasi eta nik ezin hura urdina zenik esan. “Lau sobre dituzue, bat horia, bestea gorria, bestea berdea eta bestea… urdinxka”. Ingurukoek barre-algara gozoa eta nik lasaitua demasekoa.

Zertara dator azalpen tonto hau, galdetuko du mundu guztiak, ez arrazoi faltaz. Txapelketaren atari-atarian gauden honetan, bertsoak egiteko eta, are, entzuteko moduan ere nire obsesio hau bati baino gehiagori igarri diot garaitsu honetan. Hitz bakoitza borrokatu beharrak dakar aurrerabidea eta malaostia aldiberean, arrakastaren arabera. Entzulearen lekutik berriz, entzule hartzaile hutsetik entzule kritikorako jauzia egiten dugu. Obsesio konpartitu bat, baina bakoitza bere irizpideekin.

Tartean, epaileak, puntuak eta sailkapenak, noski. Baditugu epai-irizpideak, baina norbere filtroak hortik kanpo geratzen dira beti, eta gera daitezela. Dena dela, epaileei nire buruari barkatzen ikasi dudana egiteko esan nahi nieke balkoi honetatik kalera: ahaz ditzatela irizpide konpartituekiko lotura estuegiak, eta bakoitzaren prismatik begira diezaiotela bertsoari, libreago eta zintzoago.

Epai urdinxkak estimatuko genituzke, ez zazpi koloretako polikromatu zurrunak. Bestela, berriz ere izango gara hamabost puntu barruan hogei bertsolarirekin.

Urdinxka

Urdinxka