Iñaki Gurrutxaga Zubimendi
Iñaki Gurrutxaga

2026-10-16

Usainak

Usainak –

Doinua: Egunaren izena I

Usainak
Arg: Mizuno K

 

Ikusmena ez daukat
puntaenekoa
zapore-kriterio
handi gabekoa
entzumen selektibo
neure aldekoa
baina, ai, usaimena…
zentzumen gakoa:
beti dator bueltan behin
usaindutakoa.

 

Oroitzapen urrun bat
sarri dut aldean
ama nire zain dago
goizez, sukaldean,
hitz konpreni-ezinak
alean-alean
Mariano Ferrer-en
ahots apalean
eta kafesne-zopa
usaina airean.

 

Beste usain bat bada
nahiko nabarmena
olioa, burdina
ta txirbilarena
herriko bajeretan
barreiatzen zena
emakumeen eskuen
perfume gorena
nominanik gabeko
langile haiena.

 

Usain-min hark gogaitzen
ninduen goizero
denborak egin zuen
erdi-lurrin edo
metal ta odol usaina
umel eta bero
erdi-minetan bertan
daukagun ezkero
argizari usaina
bihurtu zen gero.

 

Ez naiz ni ur-zalea,
aitortza lehenik,
baina kostatik urrun
bizia izanik
probatu nuen arte
ez nuen uste nik
olatuen bisutsa
etxe-usain zenik
ta bere falta hori
izango nuenik.

 

Eta bertsogintzaz zer
esan genezake?
Azkenaldian denak
dirudi gerrate,
iritzi anitzenak
dira gure parte
ta izan daitezela
bizi garen arte
baina batzutan itxi
usaina daukate.

 

Aritu naiz usainez
eta iraganaz,
Ferrer-ez, erditzeaz,
kresalaz ta amaz,
jarraitu nahi dugunez
bertsotik edanaz
irakurri Lisipe
eta Enaz Banaz,
betoz usain berriak
eta hartu arnas!

 

Usainak