Kalean da Bertsolari aldizkariaren 143. alea!

Kalean da Bertsolari aldizkariaren 143 alea –

Kalean da Bertsolari aldizkariaren 143 alea

Udazkenean leloturik geratzen gara basoari begira, eskaintzen digun kolore festa dela eta. Espero dugu ale honetako barietateak berdina eragitea zugan.

Bi marrazkilarik emango dizute ongi etorria. Betiko legez Zaldieroak egoera surrealistaren bat aurkeztuko dizu, eta Kanpotik atalean gonbidatu berezia dakargu: Asisko Urmeneta.

Leire Ostolaza azpeitiarrak bertso sorta kuttun bat dakarkigu Perlak atalean, eta segidan gure blogarien sorkuntzen hautaketa batez gozatu ahalko duzu. Blogarietako bat izan da, hain zuzen ere, Azken Beltza atalean bere penak kontatu dizkiguna. Mila esker, Ruben Sanchez.

Gure VI. Bertso Idatzi Lehiaketako oinarriak zabaldu ditugu. Aldaketak daude aurtengo edizioan, betiere hobetzeko asmoz. Sariak ere ez dira nolanahikoak, kasu!

Ttakun-Herrenen Etxahun Lekuek bertsotan darrai, oraingoan kide berri batekin. Naia Arrizabalagak hartu dio lekukoa Ane Zuazubiskarri. Eskerrik asko Ane, eta ongi etorri Naia!

Idazmakinaz atalean Joxe Mari Barandiaran goierritarrak idatzi du, bertsoaren bueltan izandako bizipenak hizpide. Naia Arrizabalaga Hernanin egon zen Ez da kasualitatea-ren bertso saioa ikusten, eta kronikatxoa bidali digu, hemen ere beste norbaiten erreleboa hartuz. Eskerrik asko orain arteko kronika guztiengatik, Andoni!

Zarauzko Motxian bertso eskolak 30 urte konplitu ditu, eta antolatu dituzten gauzen artean bertsozale komunitatearen iruditerian toki berezia daukate Kopla Txapelketak eta Txepelketak. Anitz Urkizu bertso eskolako kide diren Markel Eizagirrerekin eta Unai Agirrerekin bildu da, eta Iñigo Mantzisidor Mantxi-ren adierazpenak ere jaso ditu.

Ale honetako nazioarteko atala Estatu Batuetatik datorkigu, bertako komunitate beltzak mendetan garatutako ahozkotasun diziplina baten bueltan: The Dozens. Mona Lisa Saloy irakasle eta folkloristak idatzi du artikulua.

Udazkeneko bertso-ibilbidea Eibarren emango dugu, Jokin Bergararekin batera.

Eta amaitzeko, denborapasak.

Udazkeneko aldizkari hau sasoi aldaketa baten adierazgarri da, beste errelebo baten berri eman behar dugu eta. Azken lau urteetan Unai Gaztelumendi aritu da diseinatzaile eta maketatzaile lanetan, eta hemendik aurrera beste lan batzuetan jardun behar dela eta aldizkaria utzi du. Mila esker eskainitako lan eta denbora guztiarengatik, Unai, onena opa dizugu! Eñaut Aiartzaguena iurretarrak hartuko dio erreleboa, eta nola emango diogu ongi etorria Eñauti, ez bada IRRIBARREZ!

Zuri, irakurle, mila esker bertan izateagatik. Aprobetxatu udazkena negurako jakiak biltzeko… eta jakiak ez badira, bertsoak!

Kalean da Bertsolari aldizkariaren 143 alea