2021-05-31
Villanoak eta basurdeak
Villanoak eta basurdeak –
Etxetik hurbil, Villano txakurrak hazten dituen auzokide bat dugu. Enkarterrietako txakurra da Villanoa, hango abeltzainek behiak gobernatzeko erabiliak, txakur ausartak eta arinak. Gure auzokide horrek mimo handiz zaintzen ditu eta inori txakurkume bat saldu edo oparitu aurretik bere neurrira egindako azterketa pasa beharra dago. Villano txakurren elkartea ere badute, galzorian zen euskal arraza hau zaindu, bultzatu eta aztertzeko.
Duela sei bat urte hurreratu nintzen lehen aldiz auzokidearen etxera, bi alabak eskutik oratuta, bi hilabete lehenago jaiotako txakurkumeak ikustera. Umeekin txakurkumeak ikustera joatea ez da ideia ona inoiz, Saloura oporretara joan eta Port Aventura parean izatea bezalakoa da, tentaldia aurrean jarri, ez garela joango esan, negarrak, negoziazioa, bengabuenoba pare bat eta bi eguneko sarrera erosten bukatu.
Sei txakurkume zeuden, zein baino zein politagoak, eta alabek laster aukeratu zuten bat etxerako. Auzokideak sei txakurretatik lau salduta zeuzkan, batekin gelditzeko gogoa adierazi zidan eta seigarrena Arkautera oparitzeko asmoa. Azken asmo horrek alaben erreguek baino gehiago ahuldu zuten etxera txakurrik ez eramateko neukan konbikzioa. “Jarriozu soka bat, etxera daramagu” esan nion alaben pozerako. Geroztik, gure etxean bizi da “Txula”.
Txakur azkar eta fidelak dira Villanoak, etxekoeekin maitagarriak, kanpokoekin zorrotz eta zaintzaileak. Postontzia lekuz aldatu behar izan nuen hilabeteetara, ulertzaile onari azalpen gutxi. Guk etxea zaintzeko lana eman diogu txakurrari, baina badago ehizarako erabiltzen duenik ere. Villano txakurrek taldean egiten dute lan, talde lanean gobernatzen zituzten Enkarterrietako behi erdi basatiak, montxinoak. Abeltzantza gutxitu ahala, basurdeen ehizarako ere erabili izan dira taldean lan egiteko duten gaitasun horregatik.
Gure eskualdean horrela ehizatzen duten pare bat lagun ezagutzen ditut. Bost txakur askatzen dituzte basurdearen atzetik, horietako hiruk lepo ondotik helduko diote basurdeari eta ostetik bik. Behin basurdeari ondo oratu diotenean, ehiztariak basurdeari gainera salto egiten dio aiztoarekin azken errematea emateko. Unea iritsi aurretik, basurdeak bizi irauteko ahaleginak egiten ditu, tarteka txakurren bat zauritzen du, baina gutxitan lortzen du ihes egitea.
Basurde horren antzera ikusten dut aspaldian euskal kultura ere, bertsolaritza barne, bizi irauten, eusten, ihesi. Pandemiak gogor eraso dio, ez da dudarik, baina esango nuke lehenagotik datorren gaitza dela. Euskal kulturaren prestigioaz ari naiz, ematen zaion tratuaz, bertoko zenbait hedabidetan duen oihartzunaz, beti eskean ibili beharraz, plangintza faltaz edo kultur teknikariak euria ari duelako bertso saioko aulkiak kentzeaz. Villano txakurrak ere euskaldunak direla esango didazue eta desagertzear zeudela, bai, baina basurdeak ere merezi du aukera bat libre bizitzeko.
Libertatea bizikletaren gainean aurkitzen dute askok, hurrengo hilabetean horretaz hitz egingo dizuet, bizikletaren kateari buruz. Bitartean, segi kantari: “Libre nahi dut bihotzez, libre loturetik, basurdearen gisa, hortzak estuturik… ez, ez dut nahi…”