Beñat Astizek irabazi du 2021eko Nafarroako Eskolartekoa

2021-06-01

Beñat Astizek irabazi du 2021eko Nafarroako Eskolartekoa –

Lesakan jokatu zen Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 35. edizioa iragan larunbatean, Nafarroako Bertso Eskolen Egunaren baitan. 11 bertsolari gaztek hartu zuten parte txapelketan, eta Barañaingo Beñat Astizek jantzi zuen txapela. Txapeldunorde, berriz, Eki Mateorena izan da. Biak ala biak odezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolartekoan.
 
Beñat Astizek irabazi du 2021eko Nafarroako Eskolartekoa
 
 

Honakoak dira Lesakako oholtzara igo ziren bertsolariak: Ainhoa Arrizabalaga Sanchez (Iruñea), Amaiur Goñi Elortza (Bera), Beñat Astiz Isasi (Barañain), Bittori Elizalde Soto (Iruñea), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Etxahun Azkarraga Fernandez (Etxalar), Harriet Artieda Diez (Etxarri-Aranatz), Iraia Agirre Azkarate (Altsasu), Larraitz Goikoetxea Zuriarrain (Altsasu), Oinatz Zelaia Gorrotxategi (Bakaiku) eta Olatz Bados Ganuza (Altsasu). Ainhoa Larretxeak aurkeztu zuen saioa, eta Aimar Sagastibeltza, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena aritu ziren epaile lanetan. 

Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ostean, lau bertsolari pasa ziren bigarren fasera: Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena eta Etxahun Azkarraga. Bigarren fase horretan, zortziko handian ofizioan aritu ziren lau bertsolariak. Ondoren, kartzelako ariketan, puntu banari erantzun zioten, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu ziren, bertso bana kantatuta. 

Beñat Astizek bildu zuen puntu gehien, eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. 

Bertsolari barañaindarrak Iban Garro Bortzirietako Bertso Eskolako kidearen eskutik jaso zuen txapela. Beste sari bat ere izan zen publikoarena, Eki Mateorenak eskuratua. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman zion garaikurra. 

Beñat Astizek irabazi du 2021eko Nafarroako Eskolartekoa