Zazpi amets

Felix Zubia

Felix Zubia

2021-07-12

Zazpi amets –

Doinua: bertsuak jarri dizkat

 

Zazpi amets nituen

Umea nintzela,

Heldu bihurtu eta

Nolako ergela,

ez nintzen konturatu

galdu nituela (bis)

 

Pailazo izan eta

Barrea eragin,

Lotsatuz gorde nuen,

Barruan zenbat min,

Inork ez ziezadan

Barrerikan egin (bis).

 

Musikari bihurtu,

Denak dantzan jarri,

“ez duk ogibidea”

Entzun nuen sarri,

Ezin dut bihotzera

Notarik ekarri (bis).

 

Dantzatu kaxarranka,

Edo aurreskua,

Oinak lotu nituen,

Oratu eskua,

Zergatik ote daukat

Hain barru estua? (bis)

 

Ipuinak entzutera

Ume denak batu,

Gaur guztiz damutzen naiz,

Zertan ezkutatu,

Ametsei ezin zaie

Ipuinik kontatu (bis).

 

Olerkiak pozarren

Edo maiteminez,

Estaliak zamaren

Grisaren buztinez,

Husten ez den arima

Lehertuko zait minez (bis).

 

Aktore izateko

Nahiz izan denbora,

Autoestima baxu,

Eta lotsa sobra,

Egunero antzezten

Dugu gure obra (bis).

 

Koadroak margotzea

Barruko ametsa,

Ez nuen egin eta,

Orain ondo pentsa,

Zer dela eta dudan

Pentsamendu beltza (bis).

 

Hogeita lau beteta,

Ez dira hain gutxi,

Plazara irten nintzen,

Orain arte eutsi,

Zortzigarren ametsa

Ezin nuen utzi (bis).

 

Noizbait baldin banago

Tristatu antzean,

Arrazoia ekarri,

Errimak atzean,

Ametsa betetzen dut

Bertso bakoitzean (bis).

Zazpi amets