Haritz Mujika, Tourrari begira

Tourrari begira –

BERRIA egunkaritik.


 

Asteasun (Gipuzkoa) jaio zen Haritz Mujika, 1995ean. Eskolatik eta osabarengandik jasotako zaletasunak bultzatuta hasi zen Asteasuko bertso eskolan, Amaia Agirre irakasle zuela. Ondoren, beste zenbait eskolatan aritu da. Tolosaldeko Harituz bertsozaleen elkarguneko kidea da.

 

Tourrari begira

 

«Euskal Herria zazpi probintzi dituen hori da»

diogun arren, zenbat hurbiltzen da hori egira?

Hegoaldearen bista

beti izan da egozentrista.

Iparraldeko leiho du telebista.

Hogeita bat egunez Tourrari begira.

 

Nork daki ezer trinketearen sareez ta formaz?

Nor pagutu da Miarritzez ta, kezkatu Baionaz?

Larralde eta Ducassou?

Inork egin al die kaso?

Berezkoa geure ez dugu akaso…

Marcak zer dio Madril eta Bartzelonaz?

 

Ta iparraldeko hedabideez ba al dakigu fitsik? 

Eskaintzen al den egunkaririk, euskarazko HITZIK? 

Nork maite du France 3?

Ta Kanaldudez zer dakigu?

Edo horrek guri berdin-berdin digu? 

Industria ondo doa, Diario dixit.

 

Hegoaldeko buhameak:

Nork eman du aurten pastorala?

Baldinbageneki ojala

baina ez gara horren lugameak…

Frantzia aldetik dator iparra.

Zein da Hegoak duen Iparra?

 

Oturuntzetan aritu gara PPz eta VOXez. 

Nork daki ordea deus ekainean izandako bozez? 

Erramundegi, Lasserre,

ez dira izango haserre.

Emaitzek esan al digute ezerre?

Ba al dakigu noiz jarri triste, ta noiz pozez?

 

Zer da trepeta, nor ote Blanquer, noiz ote baxoa? 

Selektibitatera doana, hura bai gaixoa…

Bide onean doaz ta…

Goraipa dezagun Seaska,

Baina dirua Kilometrotan gasta.

Zein mugak bereizten du gure arazoa?

 

Nahiz denok mindu oihala zazpi zatitan moztean. 

Zer aldatu da legeak mugak zabaldu ostean?

Sei bertso, hamar galdera

kontuak argitze aldera.

Zazpiak bat ginen baina bat al gera?

Aurten Col du Tourmalet da hamabostean.

 

Hegoaldeko buhameak:

Nork eman du aurten pastorala? 

Baldinbageneki ojala

baina ez gara horren lugameak… 

Frantzia aldetik dator iparra.

Zein da Hegoak duen Iparra?

Tourrari begira