Susperraldi zantzuak

2021-07-08

Susperraldi zantzuak –

Miren Garatek BERRIA egunkarian.


 

2019ko datuetara iristeko «koska bat» falta da oraindik, baina azken bi hilabeteetan ugaritu egin dira bertso saioak. Uda nola joango den igartzea zaila den arren, baikor daude Bertsozale Elkartean, bertsolariek baitiote eskaerak jasotzen ari direla.

 

Susperraldi zantzuak

Arg; ANDONI CANELLADA / @FOKU

 

Herrietako jaiei eta ospakizunei lotutakoak izaten dira udako bertso saioetako asko. Aretoetatik pixka bat atera, eta plaza hartu ohi dute bertsolariek. Libreko saioak eta otorduen bueltakoak ugaritu egiten dira. Horregatik, Oier Iurramendi Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak esan du zaila dela aurtengo udari begirako aurreikuspen bat egitea, besteak beste, osasun egoeraren eraginez, antolatzaileak azken ordura arte itxaroten ari direlako saioen berri emateko. Bertsolariek, berriz, esaten diete agendak betetzen ari zaizkiela. «Bertsolariak erdi lotuta-edo izaten dituzte antolatzaileek, baina saioa egin ahal izango dela baieztatu arte, ez dute publiko egiten».

Datu bat eman du: ekainean, 85 saio egin dira, eta hurrengo hiru hilabeteetarako 90 daude iragarrita. Iurramendiren esanetan, horrek ez du esan nahi gehiago egingo ez direnik. 2019an, adibidez, 330 saio egin ziren uztailean, abuztuan eta irailean. «Eta aurten ere orain arte jakinarazitakoak baino gehiago egingo diren esperantza daukagu».

Bertsozale Elkarteak emandako datuen arabera, 2020an zazpiehun saio galdu ziren aurreko urtearekin alderatuta. Norbere herritik ateratzeko debekua eta bestelako neurriak zirela medio, motel joan zen urte hasiera ere. Azken bi hilabeteetan, ordea, susperraldi bat ikusten dute. 2019ko ekaina eta aurtengoa konparatuz gero, %65 inguruan ibili da saio kopurua. «Baina apirilean %40koa zen portzentajea. Horrek esan nahi du errekuperazioa badatorrela, oraindik koska bat falta den arren».

Iurramendik aipatu du badutela kezka puntu bat, ez dakitelako galdutako saio horiek berreskuratzerik lortuko ote duten. Festetan egin ohi direnak berriro ere antolatzea errazagoa iruditzen zaio, udalak edo jai batzordeak egon ohi direlako atzean. Saio txikiekin edo auzoetakoekin dute beldur handiagoa. «Bi urtean ez bada antolatu eta antolatzaileen transmisio hori ez bada eman, ea berriz ere badagoen antolatzeko borondatea».

Azken urte eta erdian, saioen tipologian igarri dute aldaketarik handiena. Tabernak eta elkarte gastronomikoak itxita egon direnez, mahai bueltako bertso saioak ia desagertuta egon dira. «Aretoa kontrolatu ahal izatea lehenetsi dute antolatzaileek, eta jaialdiak edo oholtza gaineko saioak izan dira ekitaldien %90». Pandemiaren aurretik, %40 inguru izaten ziren halakoak.

 

Agendei erreparatuz gero, asko dira saio berezi moduan aurkezten direnak ere. Azaldu du areto kontrolatu batean zenbait aukera egon daitezkeela: ohiko jaialdi bat antolatzea, bat-bateko saio berezi bat antolatzea —Ez da kasualitatea eta abar—, edo emanaldi berezi bat antolatzea —haurrentzako eta helduentzako antzerkiak, bertso ikuskizunak, eta abar—. «Kopurutan ez nuke esango saio bereziak asko ugaritu direnik, baina portzentajean gorakada izan dute, aipatu bezala, beste mota batzuetako saioak ezin izan direlako antolatu».

Txapelketak, udazkenean

Pandemiaren eraginez atzeratu behar izan zituzten herrialdeetako txapelketei ere jarri die data Bertsozale Elkarteak. Udazkenean jokatuko dira Bizkaiko eta Nafarroako txapelketak eta Xilaba, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako sailkatzeko balioko dute —haren data oraindik erabaki gabe dutela esan du Iurramendik—. Txapelketek aparteko mugimendu bat ekarri ohi dute plazara. «Azken batean, lotuta daude biak. Txapelketek bertsozale ugari mugitzen dute; pizgarri bat izaten dira, eta ilusio eta motibazio berezia sortzen dute. Baina txapelketek ez dute zentzurik plazarik ezin bada egin».

Alde horretatik, Bertsozale Elkarteak gogotsu ikusten ditu bertsozaleak: «Txalo jotzeko eta saioaz gozatzeko gogoz joaten dira, eta horrek bertsolariak ere motibatzen ditu». Publikoa maskararekin egotea, adibidez, bertsolarientzat deserosoa izan dela kontatu du: «Bertsolariak ikusi egin behar du kantatzen duenak sortzen duen erreakzioa, eta maskarekin hori asko mugatzen da».

Bertsozaleak bezalaxe, bertsolariak ere «animoso» daudela esan du Iurramendik: «Gehienek esan digute beren agendak ari direla mugitzen, eta, esan bezala, azpimarratu digute eskaerak oso epe motzera ari zaizkiela etortzen». Hilabeteetan ohiko erritmotik behera ibili ostean, bertigo puntu bat badutela ere aipatu diete batzuek: «Azken hilabetetan hain gutxi kantatu ostean, berriro ere oholtzara igotzeak eta jendeak espero duen hori eman behar izateak errespetua eragin diela esan digute, nahiz eta batzuetan ondo etortzen den geratu eta freskatzea ere».

Iurramendiren hitzetan, sorpresa politak ere ari dira ikusten azkenaldian egindako bertso saioetan. Gazteen mailak harritu egin du: «Plazara sartzen ari ziren horiek ezin izan ditugu ikusi urtebetean, ezin izan diegu segimendurik egin, eta, nik behintzat, sorpresa handia hartu dut zer etorkizun datorren ikusita».

Susperraldi zantzuak Susperraldi zantzuak Susperraldi zantzuak