Zegama is Zegama –
Doinua: Egunaren izena

Maiatza bukaeran
hartu duen famaz,
herria betetzen da
autokarabanaz.
Ospe mediatikoa,
parajeak arnas.
Sufritzen doazenei
animo esanaz,
gozatu baitaiteke
mendirako planaz.
Aurre inskribatuak
dozena bat mila,
zozketan tokatzea
izugarri zaila,
ibilbide ederra
ikusleak pila.
Horrenbestekoa da
Aizkorriren maila
munduratzen duela
Euskal mendi traila.
Luzea izan arren
dortsal eskaria,
errespetatu behar
dugunez mendia,
mugatua da parte
hartzeko saria.
Zailena irtetea
dela alegia,
gutxiri egokitzen
zaie loteria.
Andraitzera Urbian
gora atrebitu,
edo Otzaurtetik
Sancti espiritu.
Publikoak badauka
txalotzen baditu,
aurrena edo azken
postuan gelditu,
lasterka doan harek
adina meritu.
Herri txikietako
malkar eta ibai,
urte osoan zaintzen
ez dugu jardun nahi,
baina egun batean
bisitatzea bai.
Orekak behar luke
erabaki epai,
zer garen modagatik
asumitzeko gai.
Nahiz kopuruak eta
errekorrak hautsi,
etxe babesle edo
bolondres erauntsi,
esentziari galtzen
ezin zaio utzi.
Behar dena bideak
baietz erakutsi:
azkar joan ez ezik
luzaroan eutsi.