Enare Muniategi
Enare Muniategi

2023-11-29

Zerbait

Zerbait –

Larunbat honetan jokatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken semifinala. Konturatu orduko barriro ere final baten aurrean, eta nahiz eta trena honaino heltzeko ezkutuko lan asko egin behar izan den, eta lan hori gabe ezingo genukeen abenduaren 16an Bilbora heldu, gaur fokopekoei buruz berba egitera nator.

 

Kontu hau txapelketatik harago doan horietako bat da, izan ere, txapelketak puntuen fanfarriatik aparte badu zerbait gehiago emateko. Honen harira, Lemoako saioko bakarkakoek badute zerbait, alkarren antzekoak izan ziren asko, hitz ezberdinez, errima anitzez, doinu propioz kontatutako istorioak izan ziren, baina, bazuten zerbait. Ispiluak, gorputzak, osasun mentala, janaria,… Bertsook bazuten zerbait eta jendearengan izandako eraginean ere bazen zerbait, emozioa, ulerkortasuna, hurbiltasuna, errealitate ezkutuak fokopean jarriak.

 

Eta fokope horren argitik kanpo dagoen jendeak bere bizipenak entzun ditzake beste norbaiten ahotsetik, albokoaren sentimenduekin enpatizatzera heldu daiteke, norbere ardurak horren arraroak ere ez direla, eta ulertua, mimatua, eta aintzat hartua dela pentsa lezake publikoak edo kantukideak horrelakoetan.

 

Hori esan nahi dut zerbait horrekin, berba jakin bat ez duen zera hori. Konektatzen gaituen zerbait, arduratzeko zerbait edo pozteko zerbait, ikutzen gaituen zerbait, heltzen den zerbait. Eta zera horrek ematen dio zentzua farandula honi, puntuak ahaztuta, bikaintasuneko kantuez gain, errima estuetatik urrun, esaten eta isiltzen denik aparte, beste zerbait.

 

Zerbait

Zerbait