Enare Muniategi
Enare Muniategi

2022-01-11

Zulotik

Zulotik –

Zulo barruan argia dagoenean, kanpoan ilun dago, eta alderantziz. Interneteko edozein hiztegiri, klik eman eta zuloaren sinonimoak eskatu dizkiot. Hemen lau esangura ezberdinekin erabiltzeko sinonimoak, denak antzekoak eta denak desberdinak.

 

Zulotik

 

  1. hobi, sakonune.
  2. irekidura, bitarte, tarte.
  3. gordeleku, babesleku, ezkutaleku.
  4. hilobi, hobi

Gaur egun dena egiten dugu horrela, dena da iluna edo argia, dena egiten da azkar edo ez da egiten, dena eskatzen dugu klik batekin, mesedez eskatu gabe, zein bueltan eskerrik eman gabe. Gure etxeko zulotik askotan, ezkutatuta, anonimotasunetik. Antza ez du inporta nor zaren erosten duzunean, informazioa eskatzen duzunean, klik egiten duzunean sarean. Eta berdin kalean.

Batzuetan jendeak ez du hobietatik irten nahi, baina, irekiduratxoren bat agertzen zaigu bidean, eta klik!, ezkutalekua utzi behar izaten dugu. Mikrofonoa pizteko ere klik ekiten dugu, eta pentsatu ohi dugu hor ez dagoela ezkutalekurik, bertan dago gure irudia, bertan esaten duguna, gure aurpegiarekin, gure gorputzarekin, gure presentziarekin eta gure berbekin, gure ahots eta kantakerarekin. Ez dago ikusi daitekeen zulorik, baina ikusten ez denik? Zenbat uzten dugu hobi ilunean argirik ikusi ez dezan? Eta zenbat argi erakusten dugu ilun gaudenetan?

Zuloetan pentsatutakoak kantatzera irteten gara plazara, sarri hilobira sartu nahi genuke, saio txar batek dakarren biharamuna ez da broma, beste batzuetan babeslekura bueltatzearekin nahiko izaten da.

Bizitzan, mikrotik aparte, egunerokotasunean, gustura ibiltzen naiz inor begira izan gabe, metroan kaskoak jarrita goizeko zortziretan inork agurtzen ez nauenean, lantokira heldu arteko tarte horretan neure pentsamenduen zuloan egoten naiz. Batzuetan suertez saioren baten botako dudan ideia marabillosoren bat fabrikatzen.

Sakonunetan ere sartu ohi naiz, une askotan eta sakon gainera, ilunegi egoten den lekuetara, begiak itxita desagertuko den ume bat izan gurean. Baina, klik!, eguzki argia sartu da bitarteren batetik, sakonetik azalera begiak irekitze hutsarekin, eta bertan berriro mikro aurrean ideia marabillosorik kantatu ezinik, babeslekuren bat bilatzen, zulora noiz bueltatuko berriro.

Mesedez eskatu gabe eta bueltan eskerrik eman zein jaso gabe.

Zulotik