Txapelketak utzitako pozez eta arantzez

Miren Mujika-(r)en argazkia Miren Mujika 2023-09-13
Argazkiak: Conny Beyreuther

Txapelketak utzitako pozez eta arantzez

 

Goizeko 11:30ean dute jarrita hitzordua, Donostiako Tabakalerako Taba kafetegian. Bertan dira elkartzekoak Txapelketa Nagusiko finalaren atean geratu ziren hiru bertsolariak: Julio Soto, Aitor Bizkarra eta Oihana Iguaran. Irailean hirurek zuten helburu ahalik eta urrutien iristea, eurenetik eman eta, posible balitz, oholtzan gozatzea. Azken faseraino heldu ziren; tarteka, gozatuta, eta bestetan, sufrituta. Bi hilabete pasatu dira finalaz geroztik, eta elkarri kontatu dizkiote Txapelketan zehar egindakoen pozak eta lortu gabekoen arantzak. “Ai, beste  pixka bat egin izan bazenu…”. Aditu behar izan dituzte halakoak; baita beren buruari ere. Aurretik sinatuko zuketen egindakoa, baina.

 

 

Bi hilabete pasatu dira finalaz geroztik. Zer moduz zaudete?

Oihana: Denbora gehiago pasatu dela sentitzen dut. Distantzia bat hartzeko premia eduki dut. Egia da finalaren aurretik, hiru aste lehenago, banekiela ez nintzela finalean egongo. Beraz, aukera izan nuen finalera bertsozale gisa iristeko, eta kapitulu bat ixteko modu bat izan zen hori niretzat. Pozik nago horregatik; Txapelketa bi alde horietatik bizi izan dudalako.

Gainontzean, ez naiz asko itzuli eremu horretara. Nahiko lasai nago. Geratu zaizkit hobeto egin nahiko nituzkeen arantzatxo batzuk, baina Txapelketa bukatzean oso garbi sentitu nuen geratu zitzaidana zela bertsotarako gogoa. Uste dut gauza asko hobeto egin ditzakedala, eta sentitzen dut Txapelketan ez nuela asmatu edo ez nuela aurkitu tarterik horiek egiteko. Ez da hori Txapelketatik ateratzen dudan ondorioa, halere; nik aukera baitaukat Txapelketatik kanpo bertsotan egitekoa. Eta zorte handia daukat horregatik. Denoi tokatu zaigu Txapelketa erakusleiho bezala bizitzea, eta nik banekien Txapelketa amaitzean ere banituela saio batzuk. Beraz, badaukat bertsotan egiteko aukera horretatik kanpo ere.

Aitor: Galdera zen nola gauden, ezta?

Bai.

Aitor: Ba, ni ondo, egia esan. Julio baino atzerago, baina atean geratu nintzen ni ere. Egia da atean geratze horrek barne gatazkatxo batzuk eragin zizkidala…

Oihana

“Uste dut gauza asko hobeto egin ditzakedala, eta sentitzen dut Txapelketan ez nuela asmatu edo ez nuela aurkitu tarterik horiek egiteko. Ez da hori Txapelketatik ateratzen dudan ondorioa, halere; nik aukera baitaukat Txapelketatik kanpo bertsotan egitekoa”

Zer-nolakoak?

Aitor: Nire buruari esaten nion: “Ai, egin izan banu apurtxo bat gehixeago…”. Horrelakoak. Hala ere, oso pozik nago. Nire lehenengo parte hartzea izan da eta inola ere ez nuen uste hain urrun helduko nintzenik. Adibidez, aurreko Bizkaiko Txapelketa ez nuen bukatu animoz oso goian, eta bi hilabetez egon nintzen bertsoa ukitu ere egin gabe; atzerakada moduko bat eragin zidan. Aurten ez zait hori gertatu. Gogotsu eta indartsu atera nintzen Txapelketa Nagusitik.

Julio, zu ordezko gelditu zinen.

Julio: Bai, eta dezente kosta zait egoera emozionalari buelta ematea. Nik ez diot askorik begiratu hobeto egin nezakeenari. Asko da asebeteta utzi ez nauen lanaren zati bat, baina nahiko bakean geratu naiz nire buruarekin, esperientziaz badakidalako Txapelketa Nagusian benetan zaila dela zure maila ematea.

Aitor

“…aurreko Bizkaiko Txapelketa ez nuen bukatu animoz oso goian, eta bi hilabetez egon nintzen bertsoa ukitu ere egin gabe, atzerakada moduko bat eragin zidan. Aurten ez zait hori gertatu. Gogotsu eta indartsu atera nintzen Txapelketa Nagusitik”

Zergatik?

Julio: Psikologikoki oso gogorra da. Oholtza gainean zure ehuneko altu bat ematea, niri behintzat, nekeza egin zait askotan. Aurten arrimatu naiz gehiago egin nahi nuenera; ez erabat, baina hurbildu naiz, bai. Beraz, alde horretatik, bakean nago.

Nahiko gordina izan da bukaera. Denok dakigu finalean sartzea oso zaila dela, eta zaila da, gainera, zure burua bertan irudikatzea, baina behin hor zaudela, asteak aurrera joan ahala aukera erreal hori gertuago ikusten duzu. Ziur nago hasi aurretik hirurok sinatuko genukeela egin duguna, baina egia da, hain puntu gutxira gelditzeak ezinbestean pentsarazten dizula gehiago atera izan bazenitu bizitza erabat aldatuko litzaizukeela. Hasteko, finala bezalako esperientzia edo bizipen handi bat bizi gabe gelditzen zarelako, nahiz eta bizipen guztiak diren, bere horretan, handi.

  Julio

“Txapelketa Nagusian benetan zaila da zure maila ematea. Psikologikoki oso gogorra da. Oholtza gainean zure ehuneko altu bat ematea, niri behintzat, nekeza egin zait askotan. Aurten arrimatu naiz gehiago egin nahi nuenera…”

Baionan kantatu zenuen azkenekoz, baina Bilboko saiora arte ez zenuen jakin finalean kantatuko zenuen edo ez. Nola bizi izan zenuen Bilboko saio hura?

Julio: Begira, ba, egun hori Oihanarekin pasatu nuen bertsotan. Bertso bazkaria zen, eta saioaren bigarren zatian oso urduri sentitzen hasi nintzen; benetan urduri. Saioa amaitu zenean Andoainen utzi ninduen Oihanak, eta etxera bide hori oso gogorra izan zen. Uste dut bihotza ez dudala sekula sentitu hain azkar taupaka. Egia da Joanesek oso puntu gutxi atera behar zituela finalean sartzeko, baina gerta zitekeen ni sartzea, eta ia-ia gertatu zen.

20:20ak arte ez nuen mugikorra hartu, ez nintzen horretarako gai. “Ze pena” irakurri nuen mezu batean, eta orduantxe jakin nuen, baina itxarote hori luzea egin zitzaidan.

Egokitu zait azken bietan hamargarren edo hamaikagarren egitea, baina inoiz ez dut hain gertu izan finala, eta horrek utzi dit barruan aje moduko bat.

Hiru plaza desberdinetan kantatu duzue azken Txapelketa Nagusian. Nola gogoratzen dituzue saiook?

Aitor: Nik Lizarran egin nuen lehen saioa. Nahiko aldarte onez joan nintzen, eta oso solte nabaritu nuen nire burua saio osoan zehar. Gehiegi, aukeran. Oso plazako zaudenean kontzentrazioa galtzea da arriskua. Aldiz, kontrako aldartearekin joan nintzen Durangora; egoerak gain hartu izan balit bezala sentitu nintzen. Etxean nengoen, nolabait, kristoren plaza zegoen, eta egoerak jan egin ninduen ganbarara iritsi arte.

Oihana: Durangoz kontatu duzun horrek, Aitor, gogorarazi dit nik ere berdin bizi izan nuela Durangoko saioa orain bost urte. Zurearen antzera, faseko azken saioa zen nirea ere. Agian fase horretako azken saioa izateak eragina du?

Aitor: Ba, elementu bat gehiago izango zen, seguru. Lizarrakoa ere final-laurdenetako azkena zen, baina askoz ere jende gutxiago zegoen, ez zen horrelako tentsiorik sumatzen giroan. Durangon, mihia atera eta miazkatu zitekeen tentsioa.

Aitor

“Apur bat pago-orbel baten moduan bizi izan dut Txapelketa; haizeak eramaten ninduen lekura joanez, non nengoen antzik hartu ezinik… Baina esan behar dut oso momentu politak ere pasatu nituela”

“(…) Orain egokitzen zait/ oholtzatik jaistea/ ta begiokerrek lez/ bista trabestea:/ begi bat Goienkalen/ Amurrion bestea”. Hala agurtu zenuen Durangoko publikoa, eta Amurrion kantatu behar izan zenuen saio hartatik astebetera.

Aitor: Bai. Amurrion, atzera, beste aldarte lasaiago batekin joan nintzen. Baina hori bai, saio hori bukatu eta astebete gaixo egon nintzen. Lizarraren eta Amurrioren arteko aldarte bat izango litzateke niretzat optimoa. Hori, noski, norberak erabakitzea nahiko zaila izaten da. Azken batean, plaza zabal-zabal batean sartzen zara eta oso elementu gutxiren gainean daukazu erabakitzeko gaitasuna. Gainerako kanpo estimulu guztiek asko baldintzatzen dute egoera hori bizitzeko modua. Beraz, apur bat pago-orbel baten moduan bizi izan dut Txapelketa; haizeak eramaten ninduen lekura joanez, non nengoen antzik hartu ezinik… Baina esan behar dut oso momentu politak ere pasatu nituela.

Nola bizi izan duzu zuk, Oihana?

Oihana: Nire kasuan, oso oroitzapen polita daukat, baina oso gaizki iritsi nintzen Gotainera. Esperientziagatik banekien zein gorputzaldirekin ez nuen joan nahi, baina ez nekien nola probokatu nire buruari beste gorputzaldi bat. Beraz, lan dezente egin nuen nire burua arnasa luzeko lasterketa batean kokatzeko, jakinik, lehenengo txanpa gainditzeko ezin nuela aurrera begira egon, baizik eta egun horretan egin behar zela eta ondo egin behar zela, gainera. Estu iritsi nintzen; fisikoki, gaizki. Plaza mordo bat izan nuen irailean, eta ezin erantzun sentitu nuen nire burua horietan. Gotainera beldurrez iritsi nintzen, beraz, sentitzen nuelako ez zela momentua nire buruak ez erantzuteko. Behin hor egonda, ikusi nuen nire burua erantzuten, eta esan nuen: “Bueno, banago eta behar izan dudanean gorputzak erantzun dit”. Motxila handi bat kendu nuen Gotainen.

Ilusio handiarekin joan nintzen Donibane Garazira, baina bai eta ez bat sentitu nuen hor. Ez neukan tentsio handirik, baina aldi berean, jendearekin ezin konektatu sentitu nintzen. Nik agurra kantatu nuenean pentsatu nuen: “Ez diot inori ezer esan”. Halere, pozik atera nintzen gauzak ondo ez zihoazen saio batean eusten jakin genuelako. Ahalik eta gutxiena erortzea bazen nire lanketaren parte. Saio hori amaitu zenean oso urruti ikusten nuen finala, baina kristoren gogoa sentitu nuen bertsotan egiteko, eta beste gorputzaldi batekin saio on bat uzteko.

Amurrion geratu zitzaidan ezin eginaren sentsazio bat. Ariketaz ariketa, aurrera joan zen saioa, eta ikusten nuen ezetz. Hanka sartu nuen puntu-erantzunetan, baina hanka sartuta ere, jakin nuen ganbaran zerbait esaten.

Oihana

“Lan dezente egin nuen nire burua arnasa luzeko lasterketa batean kokatzeko, jakinik, lehenengo txanpa gainditzeko ezin nuela aurrera begira egon, baizik eta egun horretan egin behar zela eta ondo egin behar zela, gainera”

Oihanarekin batera igo zinen zu Txapelketaren trenera, Julio; Gotainen.

Julio: Hori da. Gotainen hasi nintzen ni, eta egin nuenarekin pozik geratu ez nintzen arren, nire bizitzako txapelketa egun ederrena bezala gogoratzen dut egun hori. Uste dut oholtza gainean geundenok gozatu genuela han zegoen giroarekin. Laugarren egin nuen, baina pozik joan nintzen etxera, kontziente izanda zer hobetua baneukala.

Durangora, aldiz, Aitor ez bezala, aldarte oso onean joan nintzen. Gero, ordea, ez dakit zer gertatu zitzaidan, baina ganbarara iritsi arte sekulako neke mentala sentitu nuen.

Julio

“…nabaritu nuen eboluzio bat nigan Gotainetik Baionara. Saioak aurrera joan ahala, bertsotan geroz eta hobeto sentitu dut nire burua; bai bertso eskolan eta baita oholtzan ere. Emozionalki ere, zetorrenerako geroz eta finduago sentitzen nintzen; prestatuago”

Baionan amaitu zenuen Txapelketa, nahiz eta finaleko txartela ez zenuen erabat bertan galdu.

Julio: Bai, eta nabaritu nuen eboluzio bat nigan Gotainetik Baionara. Saioak aurrera joan ahala, bertsotan geroz eta hobeto sentitu dut nire burua; bai bertso eskolan eta baita oholtzan ere. Emozionalki ere, zetorrenerako geroz eta finduago sentitzen nintzen; prestatuago. Zentzu horretan, uste dut aurtengoa izan dela osoen erantzun dudan aldia oholtza gainean.

Epaileen puntuek ontzat eman zutena kontuan hartu gabe, zuek egindako zein ariketatan utzi duzue Julio, Oihana eta Aitorren zigilua?

Julio: Orain arteko txapelketetan uste dut ganbaran utzi dudala nire alerik onena-edo. Oraingoan, alderantziz gertatu zait. Ez dakit oso ondo zergatik, baina ikusi dut ofiziotan plazakotik ahalik eta gertuen egotea mesedegarria dela nire buruarentzat. Izan ere, bestela, Txapelketako zurrunbiloak oso bide ilunetik zaramatza. Badirudi tesi bat idatzi behar dugula bertso bakoitzean, eta Txapelketak berez duen tentsioarekin, zaleek jartzen dioten tentsio horrekin… zu ere horra erortzen bazara, arriskua dago ganbarako kontzentrazio hori ofizioetan galbide izatea. Nik horren aurka egin dut borroka. Orduan, esango nuke, aurten, Gotainen ganbarakoan luzitu nuela gehiago, baina orokorrean, ofizioetan utzi ditudala alerik onenak.

Aitor: Nire Durangoko ganbara aukeratuko dut nik. Saiakera berezi bat egin nuen ariketa horretan. Teknikoki, helburua nahiko argi neukan, eta ariketa kontziente bat izan zen.

Zein zen, bada, helburua?

Aitor: Euskal kultur mundutxoaren iruditeria apur zezakeen zerbait kantatzeko saiakera egitea; urbanoagoa izango zen zerbait kantatu nahi nuen, nahiz eta euskal hiztun komunitateko geruza gazteenekin konektatzen duen horrek. Izan ere, sozializatuta daude erabat belaunaldi nagusiagoek ezagutu ez duten kultur industria batean. Jendeak esan zuen, eta egia da, ez niola gaiari bere osotasunean heldu; alegia, ez zetozela guztiz bat gaia eta bertsoaldia. Hala ere, oso gustura geratu nintzen ariketa horretan egindakoarekin.

Lizarrako puntu-erantzunetan ere nahiko gustura geratu nintzen. “Jaiotze-tasa”. Hori zen puntu-erantzunetarako jarri zidaten gaia. A priori, nahiko gai pisua ematen du, eta zera pentsatu nuen neurekiko: “Zer erantzun behar diot nik honi?”. Ba, kasualitatez, eta aurretik gauza nahiko komentatua izan zen, ni nintzen seikote horretan guraso ez zen bakarra. Beraz, buelta bat eman, eta esan nuen: “Hauxe da nire aukera”. Ganbaran ere gustura aritu nintzen, ez, agian, arsenal guztia mahai gainean jarrita, baina uste dut ondo egokitu nintzela gaira.

Aitor

“Euskal kultur mundutxoaren iruditeria apur zezakeen zerbait kantatzeko saiakera, urbanoagoa izango zen zerbait kantatu nahi nuen, nahiz eta euskal hiztun komunitateko geruza gazteenekin konektatzen duen horrek…”

Oihana: Nire kasuan, uste dut ariketa desberdinetan izan naizela ni eta gerturatu naizela nire bertsotan egiteko modura. Uste dut ezingo nukeela ariketa bakarra azpimarratu. Puntu-erantzunetan, adibidez, ez dut saio bakar batean ere asmatu. Baina, Julioren antzera, pozik nago ofizioetan egindako lanarekin: gaia ikusi, kokatu eta eraiki dudala sentitu dut. Gotainen Nerearekin [Ibarzabal] egin nuen zortziko handiko ariketan, adibidez, hasiera-hasieratik ikusi nuen gaia, eta pentsatu nuen: “Asmatu dugu zerbait esaten”. Esango nuke, hasieran ilun samar ikusten nituen ariketa batzuei askotariko puntak ateratzen utzi nuela nire sinadura hori.

Ganbarako ariketetan erabili duzun doinua bada gauza bat askok aipatu dutena sareetan…

Oihana: Bai. Niretzat bazen apustu bat, zailtasun bat suposatzen duen doinu bat delako. Doinuak eskatzen zidan beste lan mota bat, orain arte aritu ez naizen molde batean aritzea. Emaitzarekin baino gehiago, pozik nago, batez ere, hori lantzeko bidean egin ditudan ariketatxoekin. Ni ez naiz bereziki abila puntu motz edo joskura horietan, baina uste dut eman didala esan nahi nuen hori beste modu batera esateko behar bat.

Aitor: Erabat berritzailea izan zen doinuaren amaiera hori. Nik Gotainen entzun nuenean esan nuen: “Ño! Hau zertan dabil?”.

Oihana: Halako plaza estilo moduko bat dauka…

Aitor: Erabat. Bertsoari zentzu bikoitz bat ematen zion amaierako errepikapen hori… Oso konplikatua da, baina izugarri gustatu zitzaidan.

Oihana: Niri, behintzat, funtzionatu dit esan nahi nituenak esan nahi nituen modura esateko, gutxi gorabehera.

Errimak, puntuak neurriak, metrika… Nolabait, enkortsetatuta dagoen zerbait da bertsoa. Eta are gehiago hainbeste jenderen aurrean egiten denean. Halako plaza handi batek ematen du aukerarik zure iritzia zuk nahi duzun modura kantatzeko?

Aitor: Gai konplexua da hori. Eman, ematen du; norberak maneiatzen baititu bere ahots kordak. Ez da hori bakarrik, noski. Kontua da, bertsoa bezalako diziplina batean, zure iritziak plazan funtzionatu dezan lehenagotik egon behar duela plazan. Pisu espezifiko jakin bat dauka postura batek zein bestek kantatzen den komunitate horretan. Zure helburua beti izango da zeuretik uztea oholtza denetan, baina jakina da plaza mota batean edo bestean ez duzula gauza bera kantatuko, edo, ez behintzat, modu berean. Orduan, bai, badago esan nahi duzun hori esateko tartea, baina era berean, bertsoak, komunikazio ekintza moduan, funtzionatu behar du.

Zure lehenengo Txapelketa Nagusia izan da, Aitor. Emozionalki, nola prestatzen dira, lehen aldiz, horrelako egoera bati aurre egiteko tresnak?

Aitor: Nik nahiko modu suizidan, normalean. Behin Txapelketa pasata konturatzen zara zenbaterainoko garrantzia duen eta ze zentrala den. Nik ez nion eman, agian, daukan garrantzia, eta gero faltan bota dut horren gaineko aurrelan hori egitea. Durangoko saiotik Amurriorako saio horretan, adibidez, polemika batean sartu nintzen Twitterren eta zorabiatuta iritsi nintzen Amurriora. Une horretan zentzurik ez zuten gauzak egin nituen. Emozioen planifikazio moduko bat ez badaukazu lehenagotik, orokorrean, ez zaizkizu gauzak nahi bezala aterako. Ikasiko dut hurrengo baterako.

Oihana

“Doinuak eskatzen zidan beste lan mota bat, orain arte aritu ez naizen molde batean aritzea. Emaitzarekin baino gehiago, pozik nago, batez ere, hori lantzeko bidean egin ditudan ariketatxoekin”

Zure kasuan, Oihana, bigarren Txapelketa Nagusia izan da. Nolakoa izan zen zure lehendabiziko Txapelketa?

Oihana: Aitorrek esan duena da gakoa. Nik lehenengo Txapelketan oso-oso gaizki pasa nuen. Teknikoki, puntu bat hobetuta iritsi nintzen, baina ez nintzen nekiena erakusteko gai, ezin niolako egoerari eutsi. Orduan, bigarren aldirako baneukan eskarmentua zer egin nahi ez nuen jakiteko beste. Hori landu dut bereziki. Bestalde, lehenengo Txapelketan, lan kontuengatik, Txapelketan gertatzen zena biltzea egokitu zitzaidan, eta asko eragin zidaten mundu horretan mugitzen ziren epaiek. Pentsa, sinestera ere iritsi nintzen. Bigarren honetan, beraz, garbi neukan ezin niola hori egin nire buruari, eta sare sozialetatik eta medioetatik aldentzen saiatu naiz. Finala borrokatzeko nire burua final batean kantatzeko gai sentitu behar nuen, eta hala sentitu naiz, eta gogo handiarekin, gainera.

Hurrengo Txapelketa batean kantatuko bazenu, ikasketa hori eramango zenuke aurtengotik?

Oihana: Zalantzarik gabe. Ez hori bakarrik, badut landu beharreko beste zerbait: lehiakortasuna. Nire buruarekin oso zorrotza naiz, baina ez dator nire izaerarekin bat besteekiko lehiakor izate hori. Horregatik diot landu beharko nukeela, oholtzari eusteko behar delako hortzak estutu eta tira egin. Orain konturatu naiz hori ere falta zaidala, eta noizbait nahiko nioke bide eman nire amorrutxo horri eta esan: “Hemen nago”. Kontraesantxo bat ere sortzen zait kontu horrekin, halere: ea horrela bizi nahi dudan bertsoa, hala moduzko Txapelketa bat egin eta beste plaza batzuetan utzi behar ote dudan gehiago neuretik…

Laugarren Txapelketa Nagusia izan da zuretzat, Julio.

Julio: Bai, eta ondo gogoan dut aurrenekoa. 20 bat urte izango nituen orduan, eta inkontzientzia horretan, finalean sartu nintzen ia-ia. Bosgarren bezala pasatu nintzen bigarren finalaurrekoetara, eta ongi kokatuta nengoen finalerako. Bigarren finalaurrekoan, ordea, Iruñeko Anaitasunan kantatu nuen eta egoerak gaina hartu zidan guztiz. Hamarreko handian hasi ginen eta bueno, ongi. Ametsekin [Arzallus] egin nuen zortziko txikia ondotik, bertso amaiera batean trabatu nintzen eta sei bat aldiz errepikatu behar izan nuen amaiera hori harik eta ongi kantatu nuen arte. Pentsa zenbat puntu emango zizkioten bertso horri. Gerora ohartu naiz ez nengoela prest final batean kantatzeko eta ez nuela merezi, gainera; ni baino askoz ere hobeak zeuden. Behin hori bizita, nahi gabe ere, badakizu zeure buruari zer eskatzen diozun; areago gaztetxoa bazara; jendeak proiekzio bat egiten du zugan. Ba, hori guztia aurrez ezagututa ere, desastre atera zitzaidan bigarren Txapelketa: bertso aldetik galduta eta emozionalki gaizki. Azken bi Txapelketa Nagusietan askoz ere hobeto ikusi dut nire burua emozionalki; oholtzan behintzat egoten jakin dut.

Egoerak gain hartzea izaten da oholtzan bertsolariok izaten dugun beldur bat; gaiak ez ikustea, lotuta egotea… Aitorrek aipatu du hori lehen, eta niri Euskal Herriko Txapelketan askotan gertatu zaidan zerbait da.

Aitor

“Emozioen planifikazio moduko bat ez badaukazu lehenagotik, orokorrean, ez zaizkizu gauzak nahi bezala aterako. Ikasiko dut hurrengo baterako”

Eskarmentuak laguntzen du, beraz, emozioak kudeatzeko bide horretan?

Julio: Bai. Niri, behintzat, esperientziak asko lagundu dit horretatik libratzen aurtengoan, eta kontziente naiz, gainera, lagundu didala. Oso presente eta oso gorputzean sentitu ditut aurreko txapelketetan gertatu zitzaizkidanak eta horietan bizi izan nituen emozioak. Saiatu naiz eroso sentiarazten nauen aldarte hori bilatzen, eta uste dut nahi nuen horretara iristeko zoria izan dudala, nahiz eta pixka bat gehixeago ez nukeen ukatuko.

Hau esanda badirudi egiten dugula: “Hau aldatu nahi dut, eta hori lortzeko, halako lanketa egingo dut”. Ez da horren erraza; are gehiago, oso gutxitan gertatzen da zuk desio duzun aldarte hori lortzea. Niri, behintzat, gehiago laguntzen dit oholtza bakoitzean egokitu zaidan aldarte hori onartu, eta bertsotarako gai izateko indar hori bilatzeak. Alegia, ikasi dut hobe dela aitzakia guztiei ihes egin eta gai izatea onartzeko “gaur horrela nago eta horrela egin behar dut bertsotan, ez dago besterik”.

Oihana

“Finala borrokatzeko nire burua final batean kantatzeko gai sentitu behar nuen, eta hala sentitu naiz, eta gogo handiarekin, gainera”

Ohitu daiteke bat horrelako egoera batera?

Julio: Ez. Ez da matematika. Geroz eta txapelketa gehiago egiteak ez du esan nahi orduan eta hobeto arituko zarenik plaza horretan.

Aipatu duzue lehenago zentralitate osoa hartzen duela bertsolaritzak Txapelketa garaian. Hain justu, Txapelketan zehar, zaleen aldetik, sortzen dira zeuen gaineko iritziak. Eragina du horrek zuen prestaketan?

Oihana: Ezinbestean. Horren aurrean geure burua babestea komeni zaigu. Nik lanketa berezia egin dut horretan, hori ere esperientziarekin ikasi baitut. Pena da; jendeak konektatu egiten du gurekin saioetan zehar, geurekin partekatu nahi ditu penak eta ilusioak. Oso eskertuta gaude jendeak horrela bizi duelako guk egiten duguna. Pena da; jendea hurbiltzen baita, bere borondate onenarekin, saioa zer iruditu zaion kontatzera, nola ikusi zaituen esatera: “Ai, koska txiki bat falta izan zaizu…”, “Gehiago egin izan bazenu…”, “Jo, pena handia hartu dugu etxeko guztiok…”. Eta atea ixten diozu, nolabait. Ni Amurrioko saioa eta gero, adibidez, ez nengoen inor kontsolatzeko; nahikoa nuen nire buruarekin.

Aitor: Nik, adibidez, ez dut sentitu, jendeak proiekzio handiegirik jarri duenik nigan. Bizkaiko finalean desberdina izaten da, adibidez. Bertsozalegoaren sektore jakin batek jarraitzen du Bizkaikoa. Pare bat aldiz izan naiz bertan, eta hor, akaso, foku gehiago mugitzen dira zure gainean. Konturatu naiz aurten ezagutu nauela jende askok bertsolari modura, eta ez dut sentitu espektatiba handirik nigan, egia esan. Hurrengo Txapelketa Nagusira pasatzeko modurik badago, kontatuko dizut.

Julio: Gu jendaurrean aritzen gara, geure buruarentzat kantatzen dugu lehenik, baina baita jendearentzat ere. Oso zaila da ariketa hori, dauzkazun beldur horiek biderkatu egiten baitira. Izan ere, fokuak zure gainean hain distiratsu daudenean, eta inguruan zaleak, familia, lagunak eta prentsa badituzu, denak eragiten du, nahiz eta zu zarenari buruzko arrastorik izan ez. Halere, zailagoa zait nire beldur horiek kudeatzea jendeak nigan jartzen dituen espektatibak baino. Hori kudeatzen asmatzen duen bertsolariak bere mailatik gertuago egoteko aukera gehiago izango ditu.

Julio

“Geroz eta txapelketa gehiago egiteak ez du esan nahi orduan eta hobeto arituko zarenik plaza horretan”

Prentsa aipatu duzu, Julio. Bertan ere toki handi bat hartu du azken Txapelketa honek. Horretatik aldentzen saiatu bazarete ere, sortu dira podcast, iritzi artikulu, albiste zein erreportajeak.

Julio: Lehenago ere baziren halakoak. Ez nuke esango aurten inoiz baino jarraipen gehiago eman zaionik, baizik eta aurten ere jarraipen handia egin zaiola. Hor mugitzen den guztia handi geratzen zaio Txapelketari. Ni horietatik aldentzen saiatzen naiz, aspaldi konturatu bainintzen horiek jarraitzeak osasuna higatzen zidala Txapelketa garaian. Halere, nahiz eta zuk entzungor egin horri guztiari, badago energia zail bat, eta horri energia zailago bat erantsi behar zaio: zuk zure buruari jartzen dizkiozun espektatibak eta helburuak.

Batzuetan bertsolariok hartzen gaituzte makina perfektu bat izango bagina bezala, zaurgarriak izango ez bagina bezala edo sentituko ez bagenu bezala; oholtzara igo eta egiten duguna guk egin nahiko genukeen gisara egingo bagenu bezala. Eta gehienetan ez da horrela izaten, erabaki oker asko hartzen ditugu momentuan eta kantatu nahi ez ditugun gauza asko kantatzen ditugu. Askotan, bertso zuri bat kantatu nahi baduzu, bertso beltz bat kantatzen bukatzen duzu. Iruditzen zait, oro har, gehiago zaindu beharko genukeela bertsolaria. Beraz, gauza bat eskatzekotan, gureganako zaintza hori modu goxoago batean egin dadila eskatuko nuke; bai bertsolariok beste bertsolari batzuengatik hitz egiterako garaian, baita zaleek zein medioek bertsolariez hitz egiten dutenean ere.

Oihana: Zorionez gero eta hedabide gehiago hurbiltzen da Txapelketara, eta poztekoa da hori; bertsogintzaren gaineko kritika bat eraikitzen baita horrela. Bertsolaritzarentzat osasungarria izan daiteke hori. Aldian-aldian, hedabideak ari dira eskura dituzten baliabideekin bide horiek urratzen. Ez dut uste aurreko Txapelketetan baino oihartzun handiago bat eman zaionik aurten, edo bestela, hobeto antolatu naiz ni horretatik isolatzeko.