Zein da neurria? –
Zenbat da asko? Zenbat da gutxi? Denok hitz egiten dugu urtean egiten ditugun bertso saio kopuruaren inguruan: “Zer moduz uda? Saio asko?”, “Zer, orain topera ibiliko zarete, ezta?”… Nahi edo nahi ez denok dakigulako zenbat abesten ari garen, iaz baino gehiago edo gutxiago ari garen. Egia esanda, ez nau itxutzen gai horrek. Bertsotan gure esku ez dagoen gauza bakarrenetarikoa da hori, eta hori ere, neurri batean ez da egia.
Inor gutxik neur dezake bere bertso-agenda. Ez dakit badagoen inor urtean zenbat saio egin nahi dituenaren araberako kontrola daramanik. Ni ez behintzat. Zein da gustatuko litzaiguken neurria?
Oso gutxi abesten duzunean, ez da erraza saioa tokatzen den eguna kudeatzea. Denboratxo bat daramazu jendaurrean jarri gabe, abestu gabe, zure burua kontzentrazio maila horretara eraman gabe. Niri ez zait erraza egiten une horietan oholtzara ateratzea. Hasi aurreko beldur “faltsuak” izaten dira askotan baina ezin gainetik kendu. Behin kantuan hasita urak bere bidea hartzen du eta kito!
Eta alderantziz denean? Ez askotan, baina tokatzen da asteburu berean bi-hiru saio izatea, eta hurrengo astean ere berriro oholtzaratzea. Alderantziz gertatzen da orduan. Plazari errespetua galtzeko arriskua dago. Ez dut esango jendaurrera eta plazara ohitzen zarenik, baina erlaxatu egin zaitezke eta hala denean, zaila da zure saiorik onena egitea.
Uste dut denok bizi izan dugula bietatik eta plazan dabilenak ulertuko duela. Ez dago gure esku zenbat abesten dugun eta hala hobe. Hori ere bada bertsolaritza, unea eta egoera gestionatzen asmatzea eta lekuan eta unean egoten jakitea Egokitzea. Gutxi denean zaila da beldurrak sortzen direlako. Asko denean erlaxatzeko arriskua dago. Halere, aukeran, nahiago bigarrena.
