Distantziara eraikitako harremanak

Ez dakit zergatik, norbaiten prismatikoetatik begiratuta makarra bat naizelako edo hiztun ona baino, berritsua naizelako, baina hemen nauzue. Peru, zuk hitz egin lasai bertsolaritzari buruz esan zidaten, hamar urte ingururekin ezagutu nuen bertsoa, izango dut zerbait kontatzeko pentsatu nuen nire baitan.

Peru Abarrategi-(r)en argazkia Peru Abarrategi 2025-11-05

Distantziara eraikitako harremanak –

 

Powered by RedCircle

Bertsolaritzak eta nik distantziara eraikitako harreman gisa katalogatzen duten harreman mota hori dugula esango nuke. Elkarrekin gaudenean ongi moldatzen gara, badakigu batak besteaz zer espero duen eta elkarri aurpegi ona jartzen diogu beti, nik berari bai behintzat. Hori bai, argi daukat behin hilabete pare bat batera igarotzen baditugu, ondoren distantzia behar dudala. Azkenaldian ordea, nahiko traba jartzen dizkit distantzia behar dudan une horietan. Errua nirea izan dela pentsatzen hasita nago, inork ez ninduen derrigortu hezkuntza arautuko bertsolaritza irakasle izatera, baina badaramatzat dagoeneko bost edo sei ikasturte. Astelehenetik ostiralera, “liburua” eta “eskola” biak A letrarekin amaitu arren, ez dutela errimatzen azalduz eta “ai zapotxin ez dago zer egin, guraso eta irakasleekin” abestuz. Kolokan egon liteke bertsolaritza eta nire arteko harremana, nahiz eta orain artean publikoki ez dugun adierazpenik egin. Bikote harreman irekia zena itxi nahi duenak bezala, atzetik segika dudala nabaritzen dut eta gogaitzeko zorian nago.

Nik bertsolari bezala bizi dut bertsolaritza, bertsozale bezala ere bai akaso, baina ez gehiegi, dena bere neurrian. Txapelketa ugari hastera doan garai honetan, ez dut nire burua larunbat eta igande guztietan, sekula zapaldu ez dudan herri bateko kultur etxeko butaka erosoetan eserita irudikatzen. Baina lasai, tokatzen denean bertsozalea izango naiz eta, lagun edo familiako kideren bati kantatzea egokitzen zaionean, han egongo naiz beste saiorik entzun ez dudala aitortu gabe eta bost minutu lehenago begiratu dudan sailkapena buruan, gertatuko ez diren kalkulu matematiko, hipotetiko guztiei buruz zuekin hizketan, egunerokoa baldintzatuko didan gauzarik garrantzitsuena balitz bezala.

Hori bertsozale gisa, bertsolari moduan ordea ez naiz txapelketari alergia dion bertsolarietako bat. Ni ere urduri jartzen naiz txapelketan, bueno, beti jartzen naiz urduri, txapelketan urduriago jartzen naizela esan nahi nuen. Baina guzti hori denborarekin kudeatzen ikasi dudala esango nuke, beraz, txapelketaz gozatzeko gai izan naiz gehienetan. Gustatzen zait gainera txapelketak daukan ibilbidea, astean behin bertso eskolako kideekin elkartu, zazpi egunetan egin ditugun tontakeri guztiei errepasoa eman eta behin kontatu beharreko kotilleo guztiak kontatu ondoren, bertsotan egin. Gauzak beti garrantziaren araberako ordenean. Elkarri gero erabiliko ez ditugun aholkuak eman, ondokoak hizketan sekula erabili ez duen hitzen bat errimatu duelako flipatu, Elhuyarren existitzen den edo ez begiratu eta ohartu orduko azken lagunaren bakarkakoa txalotu eta etxerantza berriro. Horrela ibiltzen gara txapelketak irauten dituen bi hilabeteetan, bestela ez gara gehiegi biltzen bertso-eskolan, besteren batek kontrakorik esaten badizue, ez sinistu.

Txapelketaz gozatu izan dudala aitortu ostean, fenomeno beldurgarriez hitz egitea dagokit. Bertsolari gisa panikoa ematen didaten saioak, beti izan dira udakoak. Ekaina hasten denetik, gutxi jakin nahi izaten dut bertsoari buruz edo denbora gutxi daukat bertsoarentzat. Ikasturte amaierako estresa, oporren hasierako gosea, Aramaio inguruan dauden herrietako jaiak… beste lehentasun batzuk izaten ditut. Uztailean pare bat aste igarotzera hondartza daukan tokiren batera joan ondoren, hondartza aramaioarrontzat kontu exotikoa da, iristen da abuztuko lehenengo astea. Ohetik egun bat gehiago izango balitz bezala altsatzen zaren batean, google calendar delakoak jakinarazpena bidaltzen dizu, bihar 13:00etan Gasteizko jaietako saioa Aihotz plazan. Orduan datoz distantziara eraikitako harremanen kontuak berriz. Bi hilabete dira ez dudala ikusi, zerbait aldatuko zen bion artean, akaso ez gara lehengo berdinak izango… eta noski ez garela lehengo berdinak izaten, ganorazko lehen bertsoa abestu orduko amaitzen zait saioa. Saio hori eta gero, berriz hasten da urteroko zikloa.

Hamazazpi urte egin ditugu elkarrekin bertsolaritzak eta biok, orain artean barkatu dizkit egindako akatsak, nik hobetuko dudala esan diodan bakoitzean, sinistu nauenaren plantak egin ditu. Berak estu lotu nahi nau, estuegi lotzeak ekar ditzakeen arrisku guztiekin. Ikusiko dugu zenbat kapitulu gehiago dituen gure arteko istorioak.

Distantziara eraikitako harremanak
Arg: Goiena

*Musika: In shadows, William Rose Chernoff´s Nomads. Free Music Archive

Distantziara eraikitako harremanak  Distantziara eraikitako harremanak