[Bertso kronika] Gaztetxeak (ere) bertsotan

Andoni Rekondo-(r)en argazkia Andoni Rekondo 2025-11-11

Gaztetxeak (ere) bertsotan –

Zein da gaztetxeekin

duzun harremana?

Gaztetxeak (ere) bertsotan

Puntu horri erantzun bat eman nahian sortu zen Gaztetxeak Bertsotan sariketa. Bertsolari gazteak, ariketa xelebreak eta entzuleen parte hartzea nahastu dituzte, eta osagai horiekin lortu dute bi helburu nagusiak betetzea: asanbladetan dabiltzan gazteak bertsora hurbiltzea eta bertsoa gune politizatuetara eramatea. Euskal Herriko zazpi gaztetxetan jokatu dira saioak, eta maiatzaren 3an egin zuten final handia, martxan jarri berri duten Gernikako gaztetxean.

Bertso saio bat antolatzeko leku aproposa izan da beti gaztetxea. Gazte askori eskaini die lehenengo plaza egiteko aukera, eta ohikoak izaten dira bertan antolatutako afari, trama, poteo eta tankerakoak. Sariketek ere izan dute lekua Euskal Herriko gaztetxeetan. 2019ra arte Plazatik Gaztetxera sariketa zen horren erakusgarri nagusia, baina pandemia madarikatuak eten egin zuen hori ere. Orduz geroztik, izan dira askotariko saioak, baina zenbait gazte harago joan dira aurtengo udaberrian, eta bertsoari zuzenean galdetu diote ea zein den gaztetxeekin duen harremana. Galdera horri erantzun bat eman nahian sortu da Gaztetxeak Bertsotan.

Bi helburu nagusi finkatu zituzten antolatzaileek: asanbladetan dabiltzan gazteak bertsora hurbiltzea eta bertsoa gune politizatuetara eramatea. Hala, Euskal Herriko zazpi gaztetxetan antolatu dituzte saioak, eta Itsasuko, Mutrikuko, Hernaniko, Altsasuko, Bilboko eta Gasteizko gaztetxeetatik igaro ondoren, Gernikan bukatu zuen ibilbidea sariketaren lehenengo edizioak. Maiatzaren 3an izan zen finala, eta egun osoko egitaraua prestatu zuten egindakoa borobiltzeko; parte hartzaile guztiekin poteoa egin zuten eguerdian, eta umorezko bakarrizketak izan ziren bazkalosteko plana. Behin giroa ondo berotuta, bertsotara.

Hiru bikote joan ziren Gernikara txapelerdi preziatuaren bila: Aroa Arrizubieta eta Unax Aizpurua, Maddi Aiestaran eta June Aiestaran, eta Ekhi Zuluaga eta Gorka Pagonabarraga. Jolaserako gogoa lehenengo momentutik sumatu zitzaien guztiei, hasierako agurretatik. Ohiko doinu pisutsuetatik urrun ibili ziren finalean, entzulea piztu eta aurkariak zirikatzeko asmoz. Kupelaren doinuak regetoiarekin ere nahastu zituzten, pentsa!

Egin beharreko ariketetan ere ohiko saioetatik zertxobait urrundu ziren gai-jartzaileak. Airera jarritako puntuak, lexiko jakin batekin erantzun beharreko gaiak, elementu fisikoak… Lehenengo ofizioan, esaterako, bertsoaldia aurrera joan ahala objektuak gehitzen joan ziren gai-jartzaileak, bertsolariek elementu horiek bertsotan txerta zitzaten. Gorkak eta Unaxek osatu zuten esperimentuko lehenengo bikotea, eta Gernikan kokatutako gai bati erantzun behar izan zioten: “Parranda luze baten ondoren, nahiko mozkortuta, etxera bueltan zoazte. Gernikako Arbolaren parean zaudete. Unax, zuk zerbait egin nahi diozu Arbolari, baina Gorkak ez dizu uzten”.

Doinua: Kantore berri xarmant batzuek

Gorka Pagonabarraga

Gaur egun inor ez da mintzatzen

Euzkadiz ta ikurrinez

Gure aberria hiltzen ari da

ta hemen naukazu minez

Txizalarria duzula baina

etzazula egin ihes

Honen aurrean akordatzen naiz

gure aitona gudariez

Unax Aizpurua (espraia eskuan)

Nahiz eta beti erran diguten

euskara ez dela hilko

Niri esprai bat eman didate

eta egingo naiz ito

Pintatuko dut arrox kolorez

ta atxikiko dut tinko

Egia erran kolore pixkat

ez zaio gaizki etorriko

 

Gorka Pagonabarraga

Hizkuntzak zenbat sufritzen duen

ondo dakigu zuk ta nik

Hainbetse mende Kantabrikoan

ta hemen gaude zutunik

Kolore pixkat ta honen aurrean

katxarro horrekin egonik

nik banekien gaztetxe horrek

ez zekarren ezer onik

 

Unax Aizpurua (aizkora eskuan)

Guztiz moztuko dut zuhaitz hau nik

emango diot egurra

Ta zu begira egonen zira

hau bederen da segurra

Eta hementxe moztuko dut nik

ez dit ematen beldurra

Eta ahal banu zuri ere bai

hautsiko nizun muturra

Ofizioan zehar bertsolari eta txistulari fazetak uztartzeko aukera ere izan zuen Gorkak. Unaxek espraia eta aizkora eskuetan zituen momentuan, txistua eman baitzioten berari. Gernikako Arbola babesteko aldarrien artean, geldialdi bat egin, arnasa sakon hartu, eta… ‘sol, la, sol-fa, sol-la, fa-sol’. Tonu epikoan amaitu zuen ondoren bertsoa, ezer gertatu ez balitz bezala: “Ni Hamelingo txistulari naiz/ etorri zaitez atzetik”. Irakurlea gonbidatuta dago txirula bat hartu eta nota horiek jotzera, ea asmatzen duzuen zer kanta den!

Itzalialdiaren ajeak

Ondo moldatzen zarete zuen bizilagunekin? Sarritan korapilatzen dira etxe atariko harremanak, eta halabeharrez kointziditu behar izaten da aurpegira begiratu nahi ez diozun jendearekin. Hori muturrera eramateko ariketa aproposa da igogailuan kointziditzea; eguraldiaz lau kontu egin, irribarre faltsu bat eta avanti. Apirilaren 28an, ordea, ez zen dirudiena bezain xamurra izan egoera hori. Agian askok ahaztuta izango dute dagoeneko, baina itzalialdiaren ondorioz igogailuan harrapatuta geratu zirenek nekez ahaztuko dute egun hura. Junek eta Aroak, gaizki eramaten diren bi bizilagunek, egoera hori praktikan jartzeko aukera izan zuten Gernikako igogailu xelebrean:

Doinua: Esplikatzera noa kontuak

June Aiestaran

Kaixo zer moduz? Hemen berriro

aix! Biaje bat isila

Azentsorea laugarrenera

segitun irits dadila

Joe oroitzen dut zu okupa zara

E, Aroa, ze iskanbila

Ja-ja, oraindik ez al da etorri

polizia zuen bila

Aroa Arrizubieta

Nik polizia badaezpada

eduki nahi dut aparte

Zipaioek ta munipek beti

notizi txarra dakarte

Ta horregatik ez dut izan nahi

zu zaren beraren parte

Ze eguraldi ona zegoen

zu ikusi zaitudan arte

Eta bat-batean… Pun! Ilunpera.

Imajinazioari gogotik eragin behar zaio bertsoaldi bat eta Pedro Sanchezen hitzartze bat uztar daitezkeela irudikatzeko, baina itzalialdi batek horretarako aukera ematen duenez… “Como saben, se ha producido una fuerte oscilación en el Sistema Eléctrico Europeo, que ha desencadenado una interrupción generalizada del suministro en toda la Península…” Eta hori entzunda, argiak itzali eta bertsotan jarraitu behar:

June Aiestaran

Intimitate honetan benga

egia esatera goazen

Pobrea naiz nahiz opor dexente

ditudan lanetik hartzen

Sartuak garen une hortatik

gure desioa hala zen

Saltoka hasi gaitezen elkar

ez badugu aguantatzen

Aroa Arrizubieta

Etzazu hori proposatu zuk

etzara hala egongo ta

Beti egoten zarelako zu

zure albokoen kontra

Nahiz ta egingo dudana igual

zuri ez zaizun inporta

Zer egiten dugu pareta kalte

denean? Jo eta bota!

Argindarrik gabe ere giroak bero jarraitzen zuen Gernikan. Inor gutxik galdu nahi zuen horrelako festa, eta Pedro Sanchezez gain, beste zenbait famatuk ere izan zuten euren protagonismo momentutxoa. Azkenaldiko makrokontzertuak direla eta ez direla, Pello Reparazen eta Iñigo Etxezarretaren azalean jarri zituzten bi bikote. Iparragirre abila dela doinuan, puntu luzeetan makrokontzertuek euskal kulturari egiten dioten ekarpena nabarmendu behar zuten; puntu motzetan, berriz, benetako asmoak zeintzuk ziren zehazteko eskatu zieten. Musikarien letrak tartekatuta, ofizio borobila osatu zuten Maddik, Junek, Unaxek eta Aroak:

Doinua: Iparragirre abila dela

Maddi eta June

En Tol Sarmiento talde xume bat

bere hortan horixe da

Ta herriz herri oso gutxika

egin gendun behin aurrera

Aix aukera berriak

eta diruz gerriak

Plaza txikitik BECera

Herri hau handi egin nahi dugu

beti ‘zuekin batera’

Unax eta Aroa

Kontzertu eder honen prestatzen

zenbat poz ta zenbat neke

Baina oraino geratzen zaigu

gauza asko egiteke

Abesten dut euskara

aberasteko bada

Ta atera zaigu merke

Bertsolariek ere ez zuten

ta BEC horrenbeste bete

 

Maddi eta June

Behin xume-xume hasi ginen ta

gaur oraindik erdi pobre

Gure parera etorri baita

Nik ez dakit zenbat progre

Ezezezezezezez

Ni gaztetxes ni letxes

Gaur gera lehengoen doble

Ze musikaren doinua baino

diruaren hotsa hobe

 

Unax eta Aroa

Kontzertu honetan ongi pasa dut

eta hartu dut plazera

Dantzatu egin dut oholtza gainean

aurrera eta atzera

Diru gehio daukat ño

lehen Vendettan baño

Nahiz bukatu dugun zera

Laster ukanen duzue lasai

talde honen itzulera

 

2025eko apirilaren 12a

Maiatzaren 3an jokatu zen Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala, Gernikako gaztetxea berriro martxan jarri eta hiru aste eskasera. Hamar urteren ondoren, apirilaren 12an hartu zuen eraikina Egurre Gazte Asanbladak, eta gai horrek ere izan zuen tartea bertso saioan. Modu berezian planteatu zuten gai-jartzaileek, hiru ikuspegi desberdinetatik gertaera bera kontatzeko. Bakarka bertso bana bota behar izan zuten Ekhik, Unaxek eta Maddik; lehenengoa gaztetxera sartzear zegoen gazte gernikarra zen, bigarrena Gernikako alkatea, eta hirugarrena gertaeraren berri emateko bertaratutako kazetaria. 

 

Doinua: Saltarina da txepetxa eta

Ekhi Zuluaga

Bereganatu dezagun behingoz

gure herria gure lurra

Eta aldatu dezagun haiek

kontatzen duten gezurra

Hemen gaude ta inork ez digu

guri emango beldurra

Datorrela ba nahi duenean

gaur porrarekin txakurra

Emongotzegu egurra

 

Doinua: Maite gaituzten soro zelaiak

Unax Aizpurua

Nire etxera sartu nahi nuen

ahal banu egin sikira

Ta hor gazte bat ikusi egin dut

bere begian dirdira

Baina ni ez naiz hemen egongo

txatxu haueri begira

Ni naiz burua herri honetan

ta herri honen segida

Hauek niretzat ume tristetu

batzuk bakarrik baitira

 

Doinua: Mundu honetan holako gauzak

Maddi Aiestaran

El Diario Vascokoa naiz

ta egin nahi diot tira

Gaur Gernikako erdialdean

pasa denaren berrira

Bi-hiru kide talde txiki bat

ate parean jarri da

Baina Ertzaintza ta Udaltzaingoa

prest dago horren harira

Ta ziurrenik bihar goizean

atera beharko dira

 

Hiru bikote, hiru sari

Ariketa guztiek izan zuten berezitasunen bat, eta saioaren amaierarako ere sorpresa bat zeukaten gordeta antolatzaileek. Askotan errepikatzen da entzulea dela epaimahai zorrotzena; bada, kanporaketetan bezalaxe, jendeak hautatu zuen finaleko txapelaren bikote irabazlea. Erredoble luze baten ondoren, ozen jakinarazi zuten Unaxek eta Aroak irabazi zutela sariketaren lehenengo edizioa. Hala ere, bakoitzari txapel bana eman beharrean, gastuak murrizteagatik edo, erdibitu egin zuten garaikurra.

Beste bi bikoteak ere ez ziren esku hutsik itzuli Gernikatik. Gorkak eta Ekhik jaso zuten Egurre Gazte Asanbladaren sari berezia, egur gehien eman zuen bikotea izateagatik. Junek eta Maddik, aldiz, antolakuntzaren saria jaso zuten, eta bertso afari baterako deituko dituzte datozen hilabeteetan.

Txapel zatia eskuetan zutela, honela amaitu zuten saioa Aroak eta Unaxek:

Aroa eta Unax

Aurrera gaztetxeak

ta asanblada denak

hustu dituztenak ta

beteko direnak

Aroa Arrizubieta

Horrelako saioak

ez daudenez sarri

Zorionak Gernika

aurrera Etxarri

Borrokarako arrazoi

guztiak ekarri

Antolakuntza ez dadin

inoiz dudan jarri

Unax Aizpurua

Batzutan poza eta

urduri tarteka

Nik buru haundia dut

ta ilez beteta

Txapela ez dut jantziko

nahiz etorri xerka

Ze moztu gabe ere

ez zait sartzen eta

Lehenengo edizioak izan duen arrakasta ikusita, badirudi geratzeko etorri dela Gaztetxeak Bertsotan.

Gaztetxeak (ere) bertsotan  Gaztetxeak (ere) bertsotan  Gaztetxeak (ere) bertsotan  Gaztetxeak (ere) bertsotan  Gaztetxeak (ere) bertsotan  Gaztetxeak (ere) bertsotan  Gaztetxeak (ere) bertsotan  Gaztetxeak (ere) bertsotan  Gaztetxeak (ere) bertsotan  Gaztetxeak (ere) bertsotan  Gaztetxeak (ere) bertsotan  Gaztetxeak (ere) bertsotan  Gaztetxeak (ere) bertsotan Gaztetxeak (ere) bertsotan