Haustura: pizkunde berria eta bertsolaritza soziala (1968-1979)

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2026-01-12
Ilustrazioak: Patxi Gallego

Pizkunde berria eta bertsolaritza soziala –

1960ko hamarraldiaren bigarren erdirako giro oso nahasi batek hartu zuen euskal jendartea. Frankismoaren azken hamarkada estreinatzen zen, borroka politiko eta sozialaren irakinaldi beteko hamarkada bat. Hurrengo urteetan Euskal Herria hainbat mailatan baldintzatuko zuen ETA erakundearen jarduera armatua ere orduan abiatu zen, 1968an.

Gorabehera politiko-sozial horiek isla nabarmena izan zuten kultura arloan ere. Belaunaldi berriak Bigarren Euskal Pizkunde bat jarri zuen martxan, aurrekoaren izaera defentsibo-kontserbadorearekin hautsi eta ikuspegi modernozale-aurrerakoi batean oinarritua.

Bertso-munduan eragin nabarmena izango dute gorabehera horiek. Zikloaren hausturan sartzen gara, eta haustura horrek bi marka ditu: batetik, aurreko belaunaldiaren lanean oinarritutako Euskaltzaindiaren txapelketak eten egingo dira; bestetik, bertsolaritzak protestarako bitarteko gisa indarra hartuko du belaunaldi gazteenen eskutik.

Juan Mari Lekuonak bere aldizkatzean “bertsolaritza soziala” izendatzen du aldi hau, eta honela zedarritzen du: “Azken txapelketa egin ondoren, 1967an alegia, eta borroka armatua hasi zenetik, diktaduraren ondoren bertsolaritza bir-planteatzen hasi arte” (1982: 120). Eta honako ezaugarri hauek seinalatzen ditu, besteak beste: “Baserriaren atzerakada eta uriarteko bizitza. Demokrazi deiadarra […] euskal ezkerraren mugimendu berriagoak […] Gaien eta ikusmoldeen politizapena, beste gaiak baztertzerainokoan […]” (id.: 120-121).

 

Testuingurua trantsizioan

Aldaketa garaia

1940ko eta 1950eko hamarraldietan gerra galdu zuen belaunaldiak, belaunaldi kolpatu eta hautsi hark, eutsi behar izan zion ahal izan zuen moduan euskalgintzaren eta euskal nortasunaren lekukoari. 1960ko hamarralditik aurrera, ordea, belaunaldi berriaren ahotsa sumatzen da, eta haize berriak dakartza:

“Gerra baten galtzaileak nekez galtzen du gudazelaian zuen arrazoia eta kontzientzia. Barruan darama hori. Koldartu, beharbada koldartuko da, baina ikaratuen eta nekatuenari ere ez zaio agian barne-argi isila erabat itzaltzen. Eta, nolanahi ere, guraso nekatuen seme-alabak ez dira nekatuta jaiotzen, eta aurrekoen mezu isildua ezagutu egiten dute… Orduan hasi zen Euskal Herria, erbestean ez ezik, barnean ere berriz ibiltzen, are bizkorrago gerra bukatu eta hogeiren bat urteren buruan.” (Intxausti, 2014: 133)

Belaunaldi berriaren grinak bat egin zuen nazioartean nabari ziren aldaketa zantzuekin. Dorronsorok eta Lekuonak aipatzen dituzte zantzu horietako batzuk: “[…] Joanes XXIII.aren eta Kontzilioaren garaia da, Elizan batez ere aldakuntza handiak nabari dira, eta horrek asko esan nahi du frankismoan eta Euskal Herrian ere. Kennedy, Khruschev, etab., egoera optimista bat dago, indarberritu nahi bat […]” (1987: 17). Amezagak eskaintzen ditu beste zenbait eragin: “[…] Euskal Herrira nola edo hala heltzen ari ziren kantagile europar edota amerikarraren eraginak. Frantzia aldetik George Brassens, Iparrameriketatik Bob Dylan eta Joan Baez, eta Latinameriketatik Violeta Parra, Atahualpa Yupanqui edo Victor Jararen ahotsek oihartzuna izan zuten euskal gazte askorengan” (1994: 198).

Frankismoa bera ere bilakabidean da. “Gerra hotza” dela medio, Estatu Batuen aliatu gisa bere nazioarteko isolamendua hautsi ahalko du erregimenak, eta, horren laguntza ekonomikoarekin, gerraosteko sistema autarkikoa utzi eta kapitalismoan murgildu ahalko da estatuko hainbat lurraldetan bigarren industrializazio prozesua deritzona garatuaz. Kultura alorrean aukera berriak ireki zituen horrek, nahiz eta erregimenak bere izaerari eutsi, irekiera zuriketa ahalegin bat baitzen funtsean: “Erregimena teknokratizatu ahala, kultur politika ‘populistagoa’ bihurtuko da, ideologikoki hain kontrolaturik ez zeuden eremu ñimiño batzuk zabalduz” (Amezaga, 1994: 153).

Hego Euskal Herria izan zen bigarren industrializazio prozesua indar handienaz garatu zuen lurraldeetako bat. Horrek, XIX. mende amaieran bezala, aldaketa demografiko eta soziokultural garrantzitsuak ekarri zituen. Euskararen kaltetan berriro ere.

Aldaketa isil ugariren baturak pixkanaka euskal jendartearen irakinaldia ekarri zuen, eta hainbat planotan garatu zen trantsizio aldi bati ekin zitzaion.

Pizkunde berria eta bertsolaritza soziala

Euskal Pizkunde berria

1960ko euskal gizarteak antzekotasun gutxi zeukan XIX. mende amaierako Eusko Pizkundeko kulturgileenarekin. Lehen Pizkundean praktika modernoak ere bultzatu ziren arren, diskurtso kontserbadore eta tradizionalista bat nagusitu zen. Industrializazioaren eraginez XX. mendean zehar langileria zabalduz joan zen, ordea, euskal komunitate horren baitan, eta langileria hori goi mailako hezkuntza sistemara iritsiz joan zen geroz eta kopuru handiagoan. Hezkuntza horrek pentsamendu abangoardistak eskuratzeko ahala eman zion, eta, horrekin, aurreko belaunaldiek proposatzen zuten markoa haustekoa. Lehen Pizkundearen oinordeko zen abertzaletasun jelkideak diskurtso identitario gisa erabili zuen euskal baserriaren ekosistema jendarte hiritarrak irentsita desagertzear zela ikusirik, errealitate horri egokitutako planteamendua egin zen.

Krutwig eta Txillardegi bezalako egileek nazioaren ikuspegi dinamiko eta integratzaileago bat abiarazi zuten. Horrela, hizkuntza jarri zen nazioaren elementu objektibo zentral gisa, edonorentzat eskuragarria zen elementu bat aurreko nazionalismoak irizpide nagusi gisa zerabilen arraza ez bezala. Abertzaletasuna kontzientzia politikoarekin lotutako elementu subjektibo gisa ulertu zen, eta nazio askapena klase borrokarekin lotu.

Belaunaldi berriaren indarrak eta abertzaletasun berriak euskarari ematen zion erabateko zentraltasunak Bigarren Pizkundea ernatu zuen, frankismoari arrakala berriak ireki eta zaharrak gehiago zabalduz. Berriro abiarazi zen ikastolen proiektua, eta gerrak suntsitu zituen 1920ko lehen kimu haiena baino mugimendu askoz ere indartsuago bat eratu zen. Euskarazko kazetaritza ere indartuz joan zen, gerraurreko garapen maila berreskuratu eta gainditzea lortuz. Gerraurrean literaturak Lizardi, Lauaxeta eta Orixerekin bizi izandako gailurrari gailur berria gehitu zioten Arestik, Mirandek, Txillardegik, Saizarbitoriak eta bestek. Eta herri antzerkiak sekulako indarra hartu zuen, gerraurretik Toribio Altzagaren inguruan sortutakoa baino askoz ere fenomeno zabalagoa gauzatuz.

Gerraurrekoarekiko berriak ziren elementuak ere agertu ziren. Euskal Kantagintza Berria, esaterako. Edo arte plastikoetan Gaur taldeak (Oteiza, Txillida, Zumeta, Basterretxea eta abar) egindako ekarpena nahiz zineman Basterretxea eta Larruquerten Ama Lur filmak egindakoa, euskararekin lotura lausoagoa izan arren, euskal kulturgintzari eman zioten bulkada zela medio Pizkunde honen baitan ezinbestean kokatu beharrekoak.

Abertzaletasun berria indar sortzaile bezainbeste izan zen gatazka iturri. Alorrik politikoenean ETA erakunde sortu berriak hartu zuen planteamendu berri horien gidaritza, eta 1968tik aurrera borroka armatuari ekin zion. Frankismoaren ahuldadeak agerian jarri zituen borroka horrek, baina errepresioa areagotzea ere ekarri zuen. Kulturgintza borroka politikoaren baitan txertatu zuen Fronte Kultural gisa, eta gidaritza politiko nahiz kulturalaren inguruko lehia piztu zen abertzaletasun jeltzalearekin. Ahalmen sortzaile handiko garaia izan zen, bada, baina baita haustura aldi gatazkatsua ere:

“[…] mezu ideologikoen bat-bateko sarrera —beste paraje europar batzuetan baino patxada gutxiagorekin, olatu azkar moduan heldu zena— emozio karga handiko elementua izan zen. Gogo-aldarte berria ekarri zuen, estrukturala, belaunaldi progresistaren jardunera: haustura-oldarra. Hautsi egin behar zen aurreko belaunalditik zetozen hainbat jarraidurekin, hautsi egin behar zen mitoekin, hautsi egin behar zen sustrai kristauekin, hautsi egin behar zen baserri-munduaren ikuspegi positiboarekin […]. Hautsi, aurreko ikuspegiei oldartu, berria sortzeko orubea aldarrikatzeko. […] Euskalgintza eta herrigintzari dagokionean, sorkuntza artistikoa aberastu egiten du gogo-aldartearen elementu honek. Bai energien entropia gehitu eta eraikuntza konplikatu ere.” (Sarasua, 2013: 140-141)

Pizkunde berria eta bertsolaritza soziala

Bertsolaritzari arreta berria berriro: Oteiza, Aresti eta Ez Dok Amairu

Mugimendu askotarikoa eta zabala izan zen Bigarren Pizkunde hau gorpuztu zuena, baina elementu klabe batzuk identifika daitezke, Jorge Oteiza eta Gabriel Aresti, esaterako.

Arestik 1964an Harri eta Herri poema liburua argitaratu zuen. Gerraurreko poesia modernistak ez bezala harrera bikaina izan zuen irakurlegoaren aldetik, belaunaldi berriaren ikur bihurtu eta poesia Bigarren Pizkunde honen muin eraginkorrean kokatuz.

Oteizak 1963an euskal arimaren interpretazio estetiko bat eginez argitaratu zuen Quosque Tandem lanak, berebat, euskal kulturaren planteamendu abangoardistetarako ildo bat markatu zuen, euskal kulturgintza berriaren esparru oso zabaletan eragin handia izan zuena.

Oteizak funtsezkotzat jotzen zuen euskal komunitatea mordernitatearekin sintonian jarriko zuen berezko estilo prehistorikoaren berreskurapena. Eta bertsogintza jartzen zuen estilo horren eredu gisa: “[…] Bertsolariaren irudia euskal herriaren islarik garaiena gisa atzeman zuen; espiritualki, herriaren barren-barreneko egia kultural puru eta koherenteenaren isla gisa” (Gandara, 2015: 214). Eta hau, Garziak bere tesian azpimarratzen duen bezala, funtsezkoa izan zen bertsolaritzaren prestigiatze berrian (2000b: 137).

Arestiren ekarpenak, berebat, beste hainbesteko garrantzia aitortzen zion bertsolaritzari: “Aresti poetak bertsolaritzaren birmoldatzean praktikoki eta teorikoki parte hartu zuen: bertsotan eskribitu zituen bere lanetarik zenbait […] poesiaren nahiz bertso moldeen mugei buruzko hausnarketak plazaratu zituen […]” (Gandara, 2015: 250).

Oteizak bertsolariekin izandako harremanaz ez da ezer askorik topatu: bertsolaritza jarraitzen zuela, garai hartakoak ziren Uztapide eta Basarri ezagutzen zituela eta azken horrekin gerora lagun egin zela (J. Agirre, 1997: 6) komentatu izan zuen. Askoz ere ezagunagoa da Arestik bertso-munduarekin izandako tratua. 1965eko Euskal Herriko txapelketan epaimahaiko ibili zen, Bizkaiko txapelketaren batean ere bai, eta antolakuntzan ere lagundu izan zuen. Honela azpimarratzen du bere ekarpena Xabier Amurizak: “Aresti bera ere asko ibili zen saioak antolatzen eta entzuten. Kronikak idazten ere bai. Nik beti erreibindikatu izan dut Arestik bertsolaritzaren alde egin zuen lana. Bertsolari gisa ere garrantzitsua izan zen; plazan ez zuen kantatzen, baina bertso asko idatzi zuen” (elkarrizketa pertsonala).

Bertsolaritzari buruz prentsan poetak idatzitako hamahiru testu topatu dira, Zeruko Argian, Anaitasunan, Txistularin eta Mugimenduko Hierron. Dagoenekoz kontatu dugu nola urte batean Markinako Bertsolarien Batzarra hankaz gora jarri zuen ere.

Ez Dok Amairu taldea izan zen Bigarren Pizkunde horren beste enblemetako bat. Kataluniako Nova Cançóaren enbrioia izan zen Setge Judges taldearen ereduari jarraikiz Mikel Laboak sortu zuen taldea 1966an. Lourdes Iriondok, Benito Lertxundik, Xabier Letek, Artze anaiek, Nestor Basterretxeak, Jose Angel Irigaraik, Julen Lekuonak, Mikel Laboak eta Jorge Oteizak berak osatu zuten taldea, eta izena eskultore oriotarrak jarri zion. Oteizaren eragin nabaria izan zuen taldeak, eta lan eskerga egin zuen ahozko ondare kulturala biziberritzen nahiz modernizatzen. Arestiren bertsolaritzarekiko loturak ere izan zuen eraginik haiengan: “Aresti Laboaren lanetan trantsizio izan zen; erran nahi bait da […] poetak markatu zuela bertsolaritza idatziaren erabilera garaikidea, eta, ondotik, 60-70etako olerkariek eginiko bertsoen erabilera garaikidea ere eskaini zuela kantariak” (Gandara, 2015: 348).

Joxe Mari Iriondok oso gertutik ezagutu zuen taldea. Sorrerako bileran egon zen, haien kontzertuen antolatzaile eta aurkezle lanak egin zituen hainbatetan, eta Herri Irratian aparteko bozgorailua eskaini zien. Honela gogoratzen du bertsolariekin izandako harremana:

“Bertso saio asko egin ziren taldeko kideen jaialdien osagarri. Lourdes Iriondoren osagarri, edo Lourdes eta Xabierren jaialdien osagarri. Benito eta Mikelen osagarri gutxiago. Ez Dok Amairu talde bezala aritzen zenean nik behintzat ez dut gogoratzen bertsolariekin aritzen zirenik […] Letek estimu handia zien. Urnietan urtero egiten zen San Migeletako bertso saioa antolatzen Xabier ibili zen asko.” (elkarrizketa pertsonala)

Xabier Amurizak ere lehen pertsonan bizi izan zuen hura guztia, eta Euskal Kantagintza Berriaren eta zenbait bertsolariren arteko sintonia berresten du, Ez Dok Amairuz haratago ere izan zela harremanik azpimarratuz: 

“Nire debutean bertan sei bertsolari izan ginen Gernikako Jai Alai frontoian eta gurekin Oskorri. Bi mila lagun bildu ziren. 1966an izan zen hori. Eta bakarkakoan kantatu nituen bertsoak gero Oskorrik erabili zituen ‘Huelgan daude’ kantuan. Eta kartzelatik atera eta gero ere, ni kantuan hasi nintzenean askotan izaten ziren kantariak eta bertsolariak.” (elkarrizketa pertsonala)

Jaialdi handien urteak ziren. Kantariak, bertsolariak, euskal dantzariak, txalapartariak, dultzaineroak eta abar, guztiak elkarrekin aritzekoak. Giro politikoa eta sozialak irakinaldia bizi zuen, urteetan isildutakoak borborka azaleratu ziren, eta jaialdi haietan kultur adierazpen ezberdinekin nahasian aldarrikapen politikoek ere protagonismo garrantzitsua izaten zuten:

“[…] bertso saio nahiz kantaldi bakoitza —sarritan biak batera konbinaturik— mitin edo manifestazio haundi bat bezala izaten zen. Jaialdiak gehiago ziren horretarako aitzakiak, beren izatearen agerpen baino. Ez gara jaialdi haiek zertatik zenbat zuten zehazki neurtzen hasiko, dena batera bait zen, baina hirurogeita zortzi ingurutik hemengo udal hauteskundeak artekoa abalantxa bat bezala izan zen.” (Amuriza, 1987: 35)

Aldaketa garaiak ziren, baina bertsolaritzari ere bere tokia aitortzen ziotenak.

Pizkunde berria eta bertsolaritza soziala  Pizkunde berria eta bertsolaritza soziala  Pizkunde berria eta bertsolaritza soziala  Pizkunde berria eta bertsolaritza soziala  Pizkunde berria eta bertsolaritza soziala  Pizkunde berria eta bertsolaritza soziala  Pizkunde berria eta bertsolaritza soziala  Pizkunde berria eta bertsolaritza soziala  Pizkunde berria eta bertsolaritza soziala  Pizkunde berria eta bertsolaritza soziala  Pizkunde berria eta bertsolaritza soziala  Pizkunde berria eta bertsolaritza soziala