Berreskuratu, gorde eta hauspotzen
Berreskuratu gorde eta hauspotzen –
Aurreko proiektuaren jarraitutasuna: Basarri eta Hernandorena
Larrinagak azaltzen duenez, gerraurretik zuen proiektu berari heldu zion euskal kulturgintzak gerraostean berriro bidea egiten hasi ahal izan zuenean; gerrak eta frankismoaren errepresioak asko ahuldu bazuen ere, mugimenduak oinarrizko ideia berak zerabiltzan esku artean:
“Gerraurreko kultura plataforma osoa hautsita geratu zen. Gerrak eta gerraosteko erregimen frankistak, hartara, egiazko parentesi kronologikoa ekarri zuen euskal kultura produkzioari dagokionez Hego Euskal Herrian. Baina, etenaldi bortxatu horrek ez du esan nahi pentsaera mailan aldaketarik ekarri zuenik […] Belaunaldi beretsua da gerraurrean nahiz gerraoste garaian euskal kulturgintzan diharduena, XX. mendeko bigarren hamarralditik aurrera hasi zen belaunaldi huraxe, hain zuzen.” (2007: 142)
Bertsolaritzarekin ere beste hainbeste gertatuko da: Txirritaren omenaldiko argazki hartan agertzen zirenetatik gerrari eta gerraosteko errepresioari bizirik eutsi ziotenek emango diote jarraipena belaunaldi hark aurreko zikloaren gailurrean zirriborratu ahal izan zuen proiektuari.
Basarri aktore garrantzitsu bat izan zen: “‘Lehenengo Bertsolari Eguna’ 1935ean ospatu zenean, Basarrik saria irabazi ezezik, aintzindaritza bat hartu zuen bere bizkar, bertsolaritza berriagoan aurresku izateko eginkizuna hartu. Eta gero, urte askoan gainera, zeregin hori bete […]” (J.M. Lekuona, 1992: 295). Juan Mari Lekuonak “Basarriren bertsolari proiektua” izeneko artikuluan xehe-xehe aztertzen du zarauztarrak alor honetan egindako ekarpena, horretarako bertsolariak prentsan 1963tik 1984ra kaleratutako hainbat artikulu biltzen dituen Bertsolaritzari buruz liburua oinarritzat hartuz. Honako hauek lirateke bere aburuz proiektu horren ardatz nagusiak (id.: 284-286): 1) Zaleen ezagutza maila handitzea; 2) Bertsoa sagardotegietan egiten zenaz bestelakoa izan zitekeela erakustea; 3) Gerraurreko intelligentsiak salatzen zuen bertsolarien euskara mordoiloa gainditzea, eta 4) Saioak baldintzarik duinenetan egin behar zirela azpimarratzea.
Finean, bertsolaritza sagardotegitik antzokira eramateaz ari zen, beraz, Basarri, aurreko zikloan Aitzol, Zubimendi eta enparauek martxan jarritako operazioa azken burura eramateaz. Horrela, aurreko zikloan proiektua txapelketaren inguruan antolatu bazen, Basarrik bide berari heldu zion, eta 1949rako, Trabajadoresetatik itzuli eta sei urte eskasera, La Voz de España egunkari frankistarekin txapelketa bat antolatu zuen.
Hernandorena da Txirritaren omenaldiko argazkitik bizirik atera eta aurreko zikloko proiektuari jarraitutasuna ematen itzelezko lana egin zuen beste eragile bat:
“Gerra aurreko eragile nagusienak hilak, preso edo erbesteraturik eta inolako egiturarik gabe, Teodoro bezalako langile bakarlariek eutsi zioten euskalgintzari. Iparraldean errefuxiaturik ziren bere belaunaldiko abertzale batzuek erresistentzia politikoaren hautua egin zuten bezala, Teodoro bertsolaritzarekin geratu zen […]. Lehenik, bihotzean zeramalako herri kultura hori; eta bigarrenik, euskal aberria goratzeko bitarteko ezin eraginkorra zela zinez uste zuelako”. (Lasa, 2008, 767)
Basarrik bezala, txapelketetan ikusi zuen Hernandorenak gako garrantzitsu bat, eta zarauztarra baino lehenagotik, 1946an, hasia zen norgehiagokak antolatzen. Iparraldean ekin zion lanari, hara ihes egina baitzen, eta Hegoaldean baino testuinguru politiko samurragoa paratu zitzaion, baina edozein kasutan ere ez zen samurra izan bere gain hartu zuen zama: inolako egiturarik gabe aritu zen, bertsolariak banan-banan topatuz eta oholtza gainera bideratuaz, antolakuntza lanei eta horien gastuei bakarrik aurre eginaz… Hegoaldeko bertsolariak ekarri, eta Euskal Herri mailako txapelketak ere jarri zituen martxan handik gutxira.
Basarriren proiektua Hernandorenaren proiektua ere izango da, beraz, eta baita 60ko hamarkadan txapelketak antolatzeari ekingo dion Euskaltzaindiarena ere:
“[…] urrutira eraman du Juan Mari Lekuonak, eder-bideetan barrena, osabari hartutako lekukoa. Hari honetatik, oso esanguratsuak dira bere bi lan: “Txirrita eta Basarri: bi belaunaldiren arteko tenka” eta, batez ere, “Basarriren bertsolari proiektua”. Polita litzateke aztertzea zer neurritan dagoen bigarren lan honetan islatua Juan Mariren beraren egitasmoa; zer neurritan isurtzen duen honek bere ikuspegia Basarriri eskainitako lerroetan. Horrek, hala ere, ez gaitu harritu behar. Azken batean, iturburu bera dute bien egitasmoek: Manuel Lekuonaren egitasmoa.” (Esnal, 2008: 91)
Manuel Lekuona izan zen, hain justu, Txirritaren omenaldiko argazki hartatik gerrari eta gerraosteko errepresioari bizirik eutsi zion hirugarren eragilea.

Ikur eta eroale: lehen hamarkadetako kamustasunetik bertsolaritza sozialarekin distira berreskuratzera
Badira Basarrik bertsolaritzaren tokiaz edo bertsolariaren berezkotasunaz gerraurretik jorratu zirenaz haratago helarazten dituen ekarpenak ere, baina aurreko zikloarekiko ezberdintasun handiena, testuinguruak behartutakoa, mezu politikoaren kamustasuna izango da. Aurreko zikloan ikusi da nola Aitzol eta enparauek bertsolaritza jeltzaletasuna zabaltzeko bitarteko eta ikur gisa baliatu zuten eta nola Basarri erabat bat zetorren haiekin. Frankoren diktadurapean, lehen hamarkadetan behintzat, ezinezko bihurtzen dira, ordea, kontu horiek guztiak:
“Gerra ondotik hirurogeigarren urtean Euskal Herriko txapelketa nagusia jokatu arte, zer gai eta giro izaten zen bertsoetan? Bertsolariek batez ere festa giroan kantatzen zuten, librean eta gai jartzailerik gabe. Librean kantatzeak ez du esan nahi edozer kanta zitekeenik. Gai politikorik jendeak apenas eskatzen zuen eta noizbait abertzale aldeko edo Francoren kontrako bertsorik entzuten bazen, halako dardara zabaltzen omen zen entzuleengan.” (Amuriza, 1987: 28)
Amurizak azaltzen duen bezala, euskararen ingurukoak izango dira Basarrik eta gainerako bertsolariek euren saioetan egin ahalko dituzten aipamen “politikoenak”:
“Bromatik aparteko gai nagusia euskara zen […]. Garai haietan euskarari ekiteak gaur baino konnotazio politiko gehiago zeukan. Politikaz zuzenean kantatzea ezinezkoa zenez gero, euskarak azpiko sentimentu isil guztiak bere gain biltzen zituen eta etsaiek ere bazekiten hori, eta ezin […] jasan.” (1987: 28)
1960ko hamarralditik aurrera geroz eta gehiago izango dira neurri eta errimak dituen aldarrikapen politikoa egitera ausartuko direnak eta bertsolaritza soziala deritzonarekin indar osoz berreskuratuko dira ikur eta eroale funtzioak. Ikusi den gisan, gerraurretik Lauaxetak eta Basarrik berak egiten zuten bezala, hurrengo belaunaldiko bertsolari gazteek Kepa Enbeitak gorpuztu zuen bertsolari militantearen figura aldarrikatu zuten, nahiz eta bertsolari haiek ahotsa ematen dioten ideologia beste bat izan, abertzaletasun ezkertiar edo aurrerakoiago bat.
Mezu politikoen ugaritzeak eta zorroztasunak erregimenaren debeku eta zigorren ugaritzea ekarri zuen, eta abertzaletasunaren arrakalak, abertzaletasun jeltzalearen eta haren hegemonia ordezkatzera zetorren ezkerreko abertzaletasunaren artekoak, bertso-munduaren baitako arrakala. Basarri bera, esaterako, bertsolaritzaren “gehiegizko politizazio”arekin deseroso agertu zen.
Ikur izaerari ere eutsiko zaio, zikloaren lehen hamarraldietan gerraosteko errepresioak eta lehen frankismoaren giltzarrapoak baldintzatutako kutsu folkloriko hutsalago batekin eta Bigarren Pizkundearen barruan Xahok sorreratik eman zion distira berreskuratuaz. Gandarak seinalatzen du, ikur izaera berritu honen oinarrian berriro ere, “herriarekiko hurbiltasuna” deitzen diona legokeela, Gabilondok Lehen Pizkunderako planteatzen duen azalpena errepikatuz: “Bertsolarien atzemate horretan, pertsonaia subalternoaren irudia modernitaterako bide bihurtu zen: botere ofizialak isilarazia zuen herriaren lekukotza bizia” (2015: 233).
Ikur eta eroale izaera eraberritu horren bueltan, bertsolaritzarekiko arreta berritu bat agertuko da berriro, Bigarren Pizkundeko elementu garrantzitsu bihurtuz eta hedabideratzea hauspotuz.
Zavalaren proiektua: bilketaren dimentsio berria
Zavalaren pentsamenduan gehien sakondu duen ikertzaileak, Pello Esnalek, tolosarraren lana ulertzeko hipotesi interesgarria eskaintzen du. Honela, goi-ikasketen bidea hautatu izanagatik Zavalak atzean utzi behar izan zituen sustraiak aipatzen ditu, umetako bizipenen paradisua, eta kultura popularraren lanketak sustrai horiek berreskuratzeko aukera eskaini ziola gaineratu (2015.: 244). Eta Zavalaren hainbat aipu erabiltzen ditu hipotesiaren oinarri gisa. Honako hau, adibidez:
“Nosotros, los estudiosos, para eso, para hacernos estudiosos, sorbimos en otras fuentes durante años enteros. Es una de las más fatales quiebras del vascuence, que toda cultura que se ingiera ha de ser forzosamente extraña y desviadora. Y, sin advertirlo, acabamos con otro contenido que no el puramente vasco en nuestra alma. Es entonces cuando iniciamos un periodo de reincorporación […]” (1996a: 34).
Burkek (1991) kultura popularraren bestekotzeaz eta deskubrimenduaz eskaintzen duen azalpen orokorra ezin hobeto egokitzen zaio, bada, Zavalaren kasu konkretuari: kultura jasoaren bidetik urrundu eta bestekotu egiten da tolosarra bere sustraietako herri kulturatik, eta atzean gelditutako kultura horren deskubrimendu erromantikoak, bestekotzeak eragindako exotismoaren lilurak, berreskurapenerako motor gisa funtzionatuko du.
Zavalak urradura hori ez zuen, noski, plano pertsonal batean bakarrik ikusten; ahozkotasuna nagusi zen ekosistema aurremoderno guztia ikusten zuen galtzear. Horrela, esaterako, euskal komunitateak denbora gutxian bizi izandako transformazio sakona seinalatzen zuen:
“[…] el ambiente en que se criaron los abuelos de hoy, sobre todo los de ámbito rural, se parecía más a la Edad Media que a la era informática en que crecen sus nietos. Entre ambas generaciones hay más distancia que la que mediaba antes entre varios siglos.” (Zavala, 2006b: 218)
Eta bere lanaren xede nagusia galera horri aurrea hartzea zela azpimarratzen zuen:
“Ésa es la labor que realizamos los llamados folkloristas, salvaguardando en libros lo que antes era vida en la mente y los labios del pueblo. Del mismo modo, otros recogen los utensilios de esas mismas gentes: las camas en que nacían, dormían y morían y las ropas que vestían; los pucheros en que cocinaban […] para guardarlos cuidadosamente en museos. A veces se me antoja que éstos tienen mucho de libro; y los libros, por lo menos los que yo y otros como yo publicamos, mucho de museo.” (Zavala, 2006b: 219)
Mundu horren galerarekin euskal kultura betiko gal zitekeela ikusten baitzuen:
“Nos toca a nosotros, más que conjeturar, trabajar por salvar el euskera. Pero si muriese, y con él nuestro pueblo, quedará en esta recopilación, milagrosamente conservado, el depósito de sus deseos, penas, odios, alegrias, tristezas, defectos, virtudes, amores y rezos; y, juntamente con ellos, pueblo e idioma habrán conseguido su más exacta y tenaz perduración.” (1996a: 40)
Kultura jasoaren eta popularraren artean azkenaren aldeko hautua egin zuen, bada, eta jende jantziaren eta xumearen artean ere beste hainbeste. Izatez, euskararen inguruan egin zuen hautua ere logika horren arabera esplikatzen da: bertsolaritzaz interesatzen ari zelarik garbizalekeria sabindarrak bertsolarien euskara mordoiloari zion mespretxuaren arrastoekin egin zuen topo, baina bere iritzirako herri xehearen euskarak, euskaraz bakarrik pentsatzen zutenenak, hobea behar zuen erdaraz hezitako jende jantziarenak baino; izan ere, euskarak hainbat mende iraun bazuen, herri xehearen praktikari esker izan zen hori:
“La vida del euskera ha venido siendo la historia de la deserción de los cultos y la adhesión filial de las clases iletradas. Evitemos que su muerte vaya a ser la deserción de las masas iletradas y de la adhesión, tardía ya, de los cultos.” (Zavala, 1996a: 39)
Horrela, euskara batua sortu ondoren ere, euskaltzaina izan arren, ez zuen bere egin.
Azaldu da nola frankismoak ontzat hartzen zuen euskal kultura bakarra baserriko sutondo ingurukoa zen. Eta Auspoa jarri zion Zavalak izena bere bildumari. Tolosarraren motibazioek ez zuten, noski, inolako zerikusirik frankismoak euskarari opa zionarekin, baina bere egitasmoa bai egokitzen zitzaion hark proiektatu nahi zuen kultur politikarekin. Alegia, frankismoak ez zuen euskal kultura jasoa onartzen, eta Zavala herri kultura xumeenaren mailan ari zen lanean; frankismoak euskararen normalizazioa galarazi nahi zuen, eta fraideak euskara arautua ez zuen maite. Azkenik, tolosarrak bere bildumari hartzen zion museo etnografiko kutsua ere ondo egokitzen zitzaion garaiko agintarien planteamenduei.
Honenbestez, zentsura frankista gainditzeko modua izan zuen fraideak.
Zavalaren planteamenduek antz gehiago dute XIX. mendean euskal kultura popularra deskubritu zuten Mogel bezalako tradizionalistek egindakoekin[1], XX. mende hasieran euskal kulturgintza modernoa kontzienteki planifikatu zuten Euzko Pizkundeko eragileek egindakoekin baino. Horrek ez du esan nahi, ordea, tolosarrak Mogelek bezala kultura popularrari modernitaterako bidea ukatzen dionik. Esaterako, Caro Barojak 1967an RTVErako zuzenduriko “Bersolaris, poetas populares vascos” lanean, tolosarra izango da gidoilari. Edo txapelketa eta jaialdien antolakuntzan erabat inplikatu zen, formatuak bertsolaritza bere ekosistema naturaletik atera eta ikuskizun bihurtzen zuela kezkaz ikusten bazuen ere: “También las viejas costumbres, que antes eran vida y alma del pueblo, pasan a ser espectáculo, que viene a ser otro tipo de ornato y adorno” (Zavala, 2006b: 220). Bestalde, ondoren etorri ziren eragileen lana ere ontzat ematen zuen: “Que nadie malinterprete mis palabras estimándolas como condenatorias de nada. La labor de los bertsolaris modernos y demás promotores de las manfestaciones artísticas populares me han parecido siempre dignas de elogio. Que continúen adelante mientras tengan seguidores” (Zavala, 2006b: 224).
Basarri, Hernandorena eta gainerakoen proiektuarekin, praktikan behintzat, bat egin zuen, bada, Zavalak. Eta proiektu orokor horri Auspoa bilduman gauzatu zen bere proiektu pertsonalaren ekarpena egin zion. Honela baloratzen du ekarpena Joxerra Garziak: “Bertsolaritza aztertzeari ekin, eta […] gizonarekin egiten nuen topo orain bai eta gero ere bai. Izan ere, ez dago inola ere bertsolaritza ulertzerik aita Zavalarik gabe. Are gehiago: Zavalarik izan ez balitz, zer azterturik ere ez genukeen izango gainerakoek.” (2001: 74)
Esan beharrik ere ez dago Zavalaren proiektua izan zela ziklo honetan bilketaren alorrean burutu zen ekarpenaren muina. Alor honetan aurreko zikloarekiko berrikuntza handiena ere berea izan zen, bere liburuetan bertsolariaren ahots subalternoari iragazkirik gabeko protagonismoa eskainiaz, eta bertsoari ez ezik bertsolarien prosari ere tokia eginaz.
[1] Zavalak euskarari buruz esaten dituenetan, esaterako, Mogelek mende bat eta erdi lehenago izandako jarreren oihartzuna suma daiteke: “Un rústico puede ser Doctor y Maestro de su lengua y ser Catedrático de ella, llamando a su escuela de las Montañas, á Clérigos, Frailes, Caballeros […]” (Intxausti, 2014: 112).

